Skip to main content

Iraupen egoera (monumentu megalitikoa): Daturik ez

Obra honen editoreek ezer baino lehen gogora ekarri behar dute euren aurretik beste botanikari batzuek lan eskerga egin zutela, oso bitarteko xumeak erabiliz sarri askotan. Horregatik, eta gainerakoak inola ere gutxietsi gabe, ohore dute gorazarre egitea J. Prévost aitzindari ia ezezagunari, X. de Arizaga botanikari handiari, jaiotzez Errioxako semea eta adopzioz arabarra, eta Pirinio atlantikoetako landareei buruzko ezaguerak biltzen jardun zuen M. Blanchet-i.

Gaurko botanikariei dagokienez, editoreetako batzuek zorionez irakasle izan dute Pedro Montserrat jauna, Iberiar Penintsularen iparraldean gaur egun lanean ari diren botanikari askoren maisua.

Ezin baliotsuagoak gertatu dira Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko Javier Elorza, Santiago Patino (langile aspergaitza) eta Javier Valencia adiskideek osatutako landare-bilduma zabalak. Juan Manuel Pérez de Ana laguntzaile fina izan dute hainbat aldiz.

Eskerrak bihotzez Juan Manuel Aparicio eta José María Pérez Dacostari, belarrak biltzen urteetan egin duten lan isilagatik. Haien orriak gehituta nabarmen aberastu da VIT herbarioa, batez ere landare erruderalen sailean.

Juan José Gómezek, botanikarien hainbat lan informatizatuz, ezinbesteko laguntza eman digu. Ángel Besgak zeregin zehatz eta neketsua hartu du bere gain: antzinako aipamenetako datu geografikoak osatzea, bakoitza bere U.T.M. koadrikulan kokatuz. Aurretiazko zeregin hori bete ez balitz Carlos Aseginolazak ezin izango zituen informatikako tresnen bidez garatu gakoen egileek lanerako erabili dituzten banaketa-mapak.

Gloria Gurayak isilik eta eskuzabaltasunez bete du bere lana. Beti laguntzeko prest eduki dugu, hainbeste datu liburuki batean atontzeko prozesu informatiko korapilatsu horietan. Rafael Lamarca uneoro gogotsu aritu da jatorrizko marrazkiak eskaneatzen. Félix Muñoz Garmendiak eskuizkribuetariko batzuk berrikustearen mesedea egin digu, bibliografia guztiz baliagarria eskaintzeaz gainera.

Atsegin handiz aipatuko ditugu erakundeen edo norbanakoen herbarioetatik materiala biltzen lagundu diguten pertsonak. Jean Vivant-i aipamen berezia zor diogu, eskura jarri baitizkigu bere herbario bikaina eta fitxategi oparoa. Beste hauek ere laguntzaile zintzoak izan ditugu: Juan Antonio Alejandre, José Luis Benito, Juan Erviti, Daniel Gómez, Mercedes Herrera, Mikel Lorda, Luis Miguel Medrano, Javier Peralta eta Mauricio Velayos.

Esker onez gogoratu nahi ditugu bi erakunde egileak, Arabako Natur Institutua eta Aranzadi Zientzi Elkartea, eta bai erakunde laguntzailea ere, Arabako Natur Zientzien Museoa. Erakundeok eman dizkiguten bitarteko tekniko eta materialak gabe ez zegoen obra hau egiterik.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek babestu dute obra hau. Bihotzetik eskerrak ematen dizkiegu taldearengan uste osoa izateagatik eta denon lana diruz laguntzeko egin duten ahaleginagatik.

Azkenik, desio bat azaldu nahi dugu: obra hau baliagarria gertatuko ahal zaio, akats eta guzti, landareak ezagutzen ahalegintzeko beste maite dituen orori.

  • 1 Landareek ez dute ez lorerik ez hazirik; esporontzietan eratzen diren esporen bidez ugaltzen dira; belarkarak (1) >> Pteridophyta
  • - Landareek badituzte loreak eta haziak; zurkarak edo belarkarak (2,3) #2

Obra hau gure lurraldeko landare baskularrak hobeto ezagutu nahi dituen edonorentzat egina dago, eta haren asmoa da, labur azalduta, lurralde honetan aurki litekeen edozein landare ahalik errazen identifikatzeko tresnak eskaintzea. Gainera, baditu datu interesgarriak landareen ezaugarriei eta banaketari buruz.

Gako diagnostikoekin lan egitea zaila izaten da aditu ez direnentzat, eta sarritan adituentzat ere bai. Horregatik, landare motak zehazteko urrats guztiak irudiz hornitzen saiatu gara. Hala, obra honen atal nagusian baditugu gakoak, ohiko metodo dikotomikoaren arabera eginak (urrats bakoitzean bi aukera daude), eta marrazkiak, landareak bereizteko diagnostikoa egiten gehien laguntzen duten ezaugarrien irudiak, hain zuzen.

Honakoa, jakina, ez da bere saileko obra bakarra. Beste pauso bat baino ez da gure landarediaren ezaguera zabaltzeko ahaleginean. Antzina batean, XVII. mendearen erdi aldera, Jean Prévost-ek Euskal Herriko eta inguruetako landareen lehenbiziko katalogoa argitaratu zuen. Botanikaren beste aitzindari batzuek Euskal Herriko eskualde nahiko zabaletako katalogoak egin zituzten, adibidez Xavier de Arizagak XVIII. mendean (Arabako Errioxakoa eta Bizkaiko zati batekoa) edo M. Blanchet-ek XIX. mendean (Ipar Euskal Herrikoa). A.F. Gredillak, XX. mendeko lehen urteetan, bilduma baliotsu batean jaso zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetako landareez garai hartan eskura zeuden datu guztiak. Halako aitzindari gailenek ezarritako oinarrien gainean, oraingo botanikariek probintzi eremuko landare-katalogo batzuk sortu dituzte azken urteotan: Bizkaiko katalogoa, Arabakoaren “hurbilketa”, eta Nafarroakoa (oraindik argitaratu gabea), eta bai eremu zabalagoko obrak ere, hala nola, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landareen Katalogoa.

Goian aipatutako katalogoak egiteko lanek, botanikarien bestelako lan batzuekin batera, herbarioak sortzeko bidea eman dute: ARAN (Aranzadi Zientzi Elkartearena) eta VIT (Arabako Natur Zientzien Museoarena). Herbariook oinarrizko tresnak izan dira orain aurkezten ditugun gako eta irudiak prestatzeko. Liburu hau egitean, bestalde, herbario horiei ale gehiago erantsi zaizkie. Batez ere azpimarragarria da Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko adiskide eta laguntzaileen ekarpena, plegu ugari gertatu baitute. Beste herbario batzuk ere erabili dira zenbait landareren azterketan, bereziki Jean Vivant jaunarena (Orthez). Guztiz baliagarriak izan dira, halaber, honako herbarioak: BIO (Euskal Herriko Unibertsitatea), JACA (Pirinioetako Ekologia Erakundea), MA (Madrilgo Errege Lorategi Botanikoa) eta J.A. Alejandre, J. Erviti, M. Lorda, L.M. Medrano eta J. Peraltaren herbario pribatuak.

Lau botanikarik eta ilustratzaile aditu batek osatutako editore-taldea arduratu da zereginak antolatzeaz eta zuzentzeaz. Carlos Aseginolazak koordinatu ditu 130.000 inguru erregistro (datu bibliografiko) biltzen dituen datutegia sortzeko lanak, eta berak prestatuak ziren ARAN eta VIT herbarioak informatizatzeko erabili diren programak (120.000 erregistro baino gehiago).

Botanikaren aldetik, Iñaki Aizpuru, Pedro M. Uribe-Echebarría eta Pello Urrutiak jardun dute landare baskularren familia guztiak editatzen, familia bat izan ezik, orkideoak alegia, hauen edizioan Carlos Enrique Hermosilla lankide izan baitute. Gakoetan, familia bakoitzaren izenaren ondoan goiindize bat ageri da: editorea identifikatzen duen zenbakia da. Familietako generoen gakoen egileak ia beti familien editoreak eurak izan dira. Hala ez den kasuetan, generoaren izenaren ondoan dagoen goi-indizeak identifikatzen ditu gakoen egileak edo egilekideak.

Errikarta Lekuona eta Iñaki Zorrakin-ek egin dituzte irudiak, orkideoenak izan ezik. Carlos Enrique Hermosilla da orkideoen marrazki gehienen egilea.

Iñaki Zorrakin aritu da testuak eta marrazkiak batera maketatzen, Gloria Gurayaren laguntza esku zabal eta baliotsuarekin.

Antzinako obrek dakartzaten leku-izenetatik (datutegian 13.000 leku-izen baino gehiago sartu dira) hainbat eta hainbatek ez zuten U.T.M. koordenaturik. Ángel Besga arduratu da koordenaturik gabeko milaka toponimo dagokien lekuan kokatzeaz.

  • 1 Landare urtarrak, ur-azalean aske bizi direnak; 1-2 mm-ko hostoak, distikoak, teilakatuak, gingil bikoak (4) >> 18. Azollaceae
  • - Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; beste era bateko hostoak (5,6,7) #2
  • 1 Zuhaixkak; zurtoin giltzatuak; ezkata-itxurako hostoak, gehienetan arrexkak eta ez asimilatzaileak; sasifruitu mamitsuak; landare dioikoak (30) >> 4. Ephedraceae
  • - Zuhaitzak edo zuhaixkak; giltzadurarik gabeko zurtoinak; hosto berdeak, ezkata- edo orratz-itxurakoak; sasifruitu lehorrak edo mamitsuak; landare monoikoak edo dioikoak (31,32,33) #2
  • 1 Landare urtarrak, ur-azalean igeri edo urpean bizi direnak, substratuan sustraitu gabe >> 1. TALDEA
  • - Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak #2

Landare urtarrak, ur-azalean igeri edo urpean bizi direnak

  • 1 Zurtoinak eta hostoak ia ez dira bereizten; frondeak dilista-itxurakoak, ia esferikoak edo luzangak dira, 15 mm baino laburragoak (47) >> 127. Lemnaceae
  • - Zurtoinak eta hostoak ondo bereizten dira; landareak 15 mm baino luzeagoak dira (48,49) #2

Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; petalo-itxurako periantoa, bertizilo bakarrean, edo itxuraz, tamainaz, kolorez eta ehunduraz antzekoak diren bi bertizilotan

  • 1 Klorofilarik gabeko landareak; hostoak ezkatak dira (53) >> 69. Rafflesiaceae
  • - Klorofiladun landareak; hostoak ez dira ezkatak eta batzuetan falta dira loraldian (54,55) #2

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; periantorik ez, edo sepalo-itxurako perianto lehor eta orbelkara (batzuetan kolore biziak ditu), tapaki erorkorraren gisakoa; zuhaitzak edo zuhaixkak, batzuetan nanoak, edo zuhaitz eta zuhaixken adarretan bizi diren landare hemiparasitoak, berdeak edo horixkak

  • 1 Zuhaitz edo zuhaixken adarretan bizi diren landare hemiparasitoak, berdeak edo horixkak; zurtoinek gehienetan adarkadura dikotomikoa dute (1) >> 68. Viscaceae
  • - Landareek ez dituzte ezaugarri horiek guztiak batera (2,3) #2

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; periantorik ez, edo ezkataz zein zurdaz osatutako periantoa; lore bat edo gehiago, galtzarbekoak, buruxketan elkarturik; landare belarkarak edo kanabera-erako zurtoin gogorrekoak

  • 1 Braktea batek babesten du lore bakoitza; hostoen zorroak itxiak dira; zurtoinak normalean ez dira kofadunak eta sarritan triketroak dira (28) >> 130. Cyperaceae
  • - Braktea bik edo gehiagok babesten dute lore bakoitza; zorroak sarritan albotik irekiak dira; zurtoinak sarritan kofadunak dira eta ez dira triketroak (29) >> 131. Poaceae

Substratuan sustraitzen diren landare urtarrak, urpeko edo ur-azaleko hostoekin; periantorik ez, edo sepalo-itxurako periantoa; loreak ez daude buruxketan; belarkarak

  • 1 Hostoak lerro-itxurako lakain askotan zatiturik daude (30,31) #2
  • - Hosto osoak, horztunak edo tartekoak (32,34) #3

Landare lehortarrak, edo sustraiak substratuan eta hostoak edota zurtoinak uretatik kanpo dituzten landare urtarrak; periantorik ez, edo sepalo-itxurako periantoa edo perianto orbelkara; loreak ez daude buruxketan; belarkarak

  • 1 Landare igokariak; lore sexubakarrak (43,44) #2
  • - Landare ez igokariak, edo lore hermafroditak dituzten landare igokariak #3