Skip to main content

Sarrera

EHlsgi·k

2019/11/14 - 20:23

4 klik

Obra hau gure lurraldeko landare baskularrak hobeto ezagutu nahi dituen edonorentzat egina dago, eta haren asmoa da, labur azalduta, lurralde honetan aurki litekeen edozein landare ahalik errazen identifikatzeko tresnak eskaintzea. Gainera, baditu datu interesgarriak landareen ezaugarriei eta banaketari buruz.

Gako diagnostikoekin lan egitea zaila izaten da aditu ez direnentzat, eta sarritan adituentzat ere bai. Horregatik, landare motak zehazteko urrats guztiak irudiz hornitzen saiatu gara. Hala, obra honen atal nagusian baditugu gakoak, ohiko metodo dikotomikoaren arabera eginak (urrats bakoitzean bi aukera daude), eta marrazkiak, landareak bereizteko diagnostikoa egiten gehien laguntzen duten ezaugarrien irudiak, hain zuzen.

Honakoa, jakina, ez da bere saileko obra bakarra. Beste pauso bat baino ez da gure landarediaren ezaguera zabaltzeko ahaleginean. Antzina batean, XVII. mendearen erdi aldera, Jean Prévost-ek Euskal Herriko eta inguruetako landareen lehenbiziko katalogoa argitaratu zuen. Botanikaren beste aitzindari batzuek Euskal Herriko eskualde nahiko zabaletako katalogoak egin zituzten, adibidez Xavier de Arizagak XVIII. mendean (Arabako Errioxakoa eta Bizkaiko zati batekoa) edo M. Blanchet-ek XIX. mendean (Ipar Euskal Herrikoa). A.F. Gredillak, XX. mendeko lehen urteetan, bilduma baliotsu batean jaso zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetako landareez garai hartan eskura zeuden datu guztiak. Halako aitzindari gailenek ezarritako oinarrien gainean, oraingo botanikariek probintzi eremuko landare-katalogo batzuk sortu dituzte azken urteotan: Bizkaiko katalogoa, Arabakoaren “hurbilketa”, eta Nafarroakoa (oraindik argitaratu gabea), eta bai eremu zabalagoko obrak ere, hala nola, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landareen Katalogoa.

Goian aipatutako katalogoak egiteko lanek, botanikarien bestelako lan batzuekin batera, herbarioak sortzeko bidea eman dute: ARAN (Aranzadi Zientzi Elkartearena) eta VIT (Arabako Natur Zientzien Museoarena). Herbariook oinarrizko tresnak izan dira orain aurkezten ditugun gako eta irudiak prestatzeko. Liburu hau egitean, bestalde, herbario horiei ale gehiago erantsi zaizkie. Batez ere azpimarragarria da Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko adiskide eta laguntzaileen ekarpena, plegu ugari gertatu baitute. Beste herbario batzuk ere erabili dira zenbait landareren azterketan, bereziki Jean Vivant jaunarena (Orthez). Guztiz baliagarriak izan dira, halaber, honako herbarioak: BIO (Euskal Herriko Unibertsitatea), JACA (Pirinioetako Ekologia Erakundea), MA (Madrilgo Errege Lorategi Botanikoa) eta J.A. Alejandre, J. Erviti, M. Lorda, L.M. Medrano eta J. Peraltaren herbario pribatuak.

Lau botanikarik eta ilustratzaile aditu batek osatutako editore-taldea arduratu da zereginak antolatzeaz eta zuzentzeaz. Carlos Aseginolazak koordinatu ditu 130.000 inguru erregistro (datu bibliografiko) biltzen dituen datutegia sortzeko lanak, eta berak prestatuak ziren ARAN eta VIT herbarioak informatizatzeko erabili diren programak (120.000 erregistro baino gehiago).

Botanikaren aldetik, Iñaki Aizpuru, Pedro M. Uribe-Echebarría eta Pello Urrutiak jardun dute landare baskularren familia guztiak editatzen, familia bat izan ezik, orkideoak alegia, hauen edizioan Carlos Enrique Hermosilla lankide izan baitute. Gakoetan, familia bakoitzaren izenaren ondoan goiindize bat ageri da: editorea identifikatzen duen zenbakia da. Familietako generoen gakoen egileak ia beti familien editoreak eurak izan dira. Hala ez den kasuetan, generoaren izenaren ondoan dagoen goi-indizeak identifikatzen ditu gakoen egileak edo egilekideak.

Errikarta Lekuona eta Iñaki Zorrakin-ek egin dituzte irudiak, orkideoenak izan ezik. Carlos Enrique Hermosilla da orkideoen marrazki gehienen egilea.

Iñaki Zorrakin aritu da testuak eta marrazkiak batera maketatzen, Gloria Gurayaren laguntza esku zabal eta baliotsuarekin.

Antzinako obrek dakartzaten leku-izenetatik (datutegian 13.000 leku-izen baino gehiago sartu dira) hainbat eta hainbatek ez zuten U.T.M. koordenaturik. Ángel Besga arduratu da koordenaturik gabeko milaka toponimo dagokien lekuan kokatzeaz.

Komentariorik ez..