Okondoko haraneko Irabien auzoan dago. 1771 eta 1777 urteen artean eraikitako eliza neoklasikoa da. Gurutze grekoko oinplanoa du. Gurutzaduran petxinek eta luneta gangek eusten diote kupulari. Zutabez inguratutako erdi-puntuko arku batek ematen du atari nagusirako sarrera. Hegoaldean bada beste atari bat, erdi-puntuko 5 arku dituena hain zuzen ere. Bi dorre ditu, inposta lerro batek bereizitako bost gorputzekoak biak. Kanpai-gorputza arkudun baoek zeharkatzen dute.
Juan de Ibarrola eta Castañiza jaunari esker egin ahal izan zuten parrokia. Okondoko herritarra zen, baina Mexikon aberastu zen burdina eta beste merkantzia batzuen merkataritzaren bidez. Aiarako kondeak eta Berwicheko dukeak, elizako patroiak alegia, eliza eraikitzea baimendu zuen; baina, hainbat baldintza jarri zituen. Hasieran Manuek de Arechavala y Mendieta eta Jose Manuel de Goity arkitektura maisuen esku egon zen obra, baina Manuel de Arechavalak atzera egin zuen arrazoi ekonomikoengatik, eta Jose Manuel de Goityk egin behar izan zuen parrokia. Obraren jarraipena etengabea izan zen: obraren zimenduak Francisco Antonio de Ganceo y Mendietak aztertu zituen 1772an; arkitrabeak, erlaitzak, kapitelak eta arkuak Manuel de Arechavalak eta Agustin Mezcortak 1775ean, eta obra osoa Sebastián de Entrambosrriosek eta Cipriano de Garagorrik.
Erretaula nagusia ere neoklasikoa da, eta baldakin itxura du. Ondorengo elementu hauek ditu: bankua, zortzi zutabe -kapitel korintoar eta fuste leun jaspeatukoak-, zutabe horiek eusten duten taulamendua –izkinetan lorontziak dituena- eta atikoa. Erdiko tenplete edo sagrarioaren gainean neoklasiko ukitua duen Ama Birjinaren irudia ikus daiteke. Atikoan Kristo gurutziltzatuaren tailak daude eta muturrean fedea irudikatzen duen irudi handia. Alboetako erretaulak, Errosarioko eta Bakardadeko Ama Birjinari eskainiak, barroko estilokoak dira eta eliza zaharretik ekarri zituzten; Familia Santuarena, berriz, modernoa da. Errosarioko Ama Birjinaren aldarea txikia da eta bankua, albo banatan zutabea salomonikoak dituen gorputz bakarra eta taulamendua ditu. Taulamenduak bi bolutek banatutako arkudun frontoia du. Taila nagusia VXII. mendeko obra da, ongi urreztatua eta polikromatua. Inmaculadaren erretaula oso antzekoa da. Hasieran, Dolores Ama Birjinari eskaini zioten; baina, gaur egun Sortzez Garbiaren irudi moderno bat ikus daiteke bertan.
Erretaulez gain, irudi eta margo solteak ere baditu. Aipagarriena Ama Birjina eta umea, San Juanito eta aingeru batzuen irudiak dituen mihisea da. José de Ciezak egin zuen 1674an. Mihiseak eredu flandestarren eragina du. Eredu horiek XVII. mendean zabaldu ziren Espainian. Gai sakratukoa da, baina genero eszena balitz bezala tratatua. Ama Birjinak Jesus haurtxoari arrosa eskaintzen dio bere Pasioaren sinbolo gisa. Jesus haurtxoak San Juanitori eta arkumeari begiratzen die. Erdialdean aingeru koro bat dantzan ari da gitarraren soinuan.
Urreztatze lanei dagokienez, aipagarriak dira kaliz neoklasikoa eta XVII. mendeko zilarrezko kustodia, errainudun eguzki-santuaren irudia duena.
Komentariorik ez..
Near targets
Billatxika (146 m.ra) · El Puente etxe aipagarria (707 m.ra) · Irabien (887 m.ra) ·