Skip to main content

Zer berri

Webgunean sortutako orri berriak dituzu hauek, berrienekotik hasita. Aldaketa guztiak ikusi.

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; loreen periantoa bi bertizilotan dago (inoizka gehiagotan), eta biek alde nabarmenak dituzte itxuran, tamainan, kolorean edota ehunduran; petalo askeak, edo oinaldean elkarri zertxobait atxikiak, baina ez hodirik ez ligularik eratu gabe; obulutegi inferoa edo erdi-inferoa

  • 1 Landare urtarrak; hostoak ur-azalean daude eta orri erronbikoa dute, edo bestela biribila eta 10 cm baino luzeagoa (34,35) #2
  • - Landare lehortarrak, edo landare urtarrak hari-itxurako hostoekin, edo bestela 5 cm baino laburragoak diren hosto biribilekin #3

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; loreen periantoa bi bertizilotan dago (inoizka gehiagotan), eta biek alde nabarmenak dituzte itxuran, tamainan, kolorean edota ehunduran; petaloak bat eginda daude oinaldetik hasita, hodi ± luzea edo ezkila eratzen dutela; obulutegi superoa; lore ligulagabeak

  • 1 Lore zigomorfikoak; 5 sepalo, guztiz desberdinak, kanpoko hirurak txikiak, barruko biak handiak, petalo-itxurakoak; petalo desberdinak, behekoa handiagoa, giladuna eta puntan listua (1) >> 77. Polygalaceae
  • - Lore aktinomofikoak, edo zigomorfikoak baina aurrekoen desberdinak #2

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; loreen periantoa bi bertizilotan dago (inoizka gehiagotan), eta biek alde nabarmenak dituzte itxuran, tamainan, kolorean edota ehunduran; petalo guztiak bat eginda daude oinaldetik hasita, hodi ± luzea, ezkila edo mihia (ligula) eratzen dutela; obulutegi inferoa edo erdi-inferoa; lore liguladunak edo ligulagabeak

  • 1 Loreek 8-10 lorezil dituzte; eltze-itxurako korola zurixkak, berdexkak edo arrosak; landare zurkarak (83) >> 46. Ericaceae p.p.
  • - Loreek 5 lorezil edo gutxiago dituzte; korolek ez dituzte aurreko ezaugarri horiek; landare belarkarak edo zurkarak #2

Landare lehortarrak, edo sustraiak substratuan eta hostoak edota zurtoinak uretatik kanpo dituzten landare urtarrak; periantorik ez, edo sepalo-itxurako periantoa edo perianto orbelkara; loreak ez daude buruxketan; belarkarak

  • 1 Landare igokariak; lore sexubakarrak (43,44) #2
  • - Landare ez igokariak, edo lore hermafroditak dituzten landare igokariak #3

Substratuan sustraitzen diren landare urtarrak, urpeko edo ur-azaleko hostoekin; periantorik ez, edo sepalo-itxurako periantoa; loreak ez daude buruxketan; belarkarak

  • 1 Hostoak lerro-itxurako lakain askotan zatiturik daude (30,31) #2
  • - Hosto osoak, horztunak edo tartekoak (32,34) #3

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; periantorik ez, edo ezkataz zein zurdaz osatutako periantoa; lore bat edo gehiago, galtzarbekoak, buruxketan elkarturik; landare belarkarak edo kanabera-erako zurtoin gogorrekoak

  • 1 Braktea batek babesten du lore bakoitza; hostoen zorroak itxiak dira; zurtoinak normalean ez dira kofadunak eta sarritan triketroak dira (28) >> 130. Cyperaceae
  • - Braktea bik edo gehiagok babesten dute lore bakoitza; zorroak sarritan albotik irekiak dira; zurtoinak sarritan kofadunak dira eta ez dira triketroak (29) >> 131. Poaceae

Landare lehortarrak edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; periantorik ez, edo sepalo-itxurako perianto lehor eta orbelkara (batzuetan kolore biziak ditu), tapaki erorkorraren gisakoa; zuhaitzak edo zuhaixkak, batzuetan nanoak, edo zuhaitz eta zuhaixken adarretan bizi diren landare hemiparasitoak, berdeak edo horixkak

  • 1 Zuhaitz edo zuhaixken adarretan bizi diren landare hemiparasitoak, berdeak edo horixkak; zurtoinek gehienetan adarkadura dikotomikoa dute (1) >> 68. Viscaceae
  • - Landareek ez dituzte ezaugarri horiek guztiak batera (2,3) #2

Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; petalo-itxurako periantoa, bertizilo bakarrean, edo itxuraz, tamainaz, kolorez eta ehunduraz antzekoak diren bi bertizilotan

  • 1 Klorofilarik gabeko landareak; hostoak ezkatak dira (53) >> 69. Rafflesiaceae
  • - Klorofiladun landareak; hostoak ez dira ezkatak eta batzuetan falta dira loraldian (54,55) #2

Landare urtarrak, ur-azalean igeri edo urpean bizi direnak

  • 1 Zurtoinak eta hostoak ia ez dira bereizten; frondeak dilista-itxurakoak, ia esferikoak edo luzangak dira, 15 mm baino laburragoak (47) >> 127. Lemnaceae
  • - Zurtoinak eta hostoak ondo bereizten dira; landareak 15 mm baino luzeagoak dira (48,49) #2
  • 1 Landare urtarrak, ur-azalean igeri edo urpean bizi direnak, substratuan sustraitu gabe >> 1. TALDEA
  • - Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak #2
  • 1 Zuhaixkak; zurtoin giltzatuak; ezkata-itxurako hostoak, gehienetan arrexkak eta ez asimilatzaileak; sasifruitu mamitsuak; landare dioikoak (30) >> 4. Ephedraceae
  • - Zuhaitzak edo zuhaixkak; giltzadurarik gabeko zurtoinak; hosto berdeak, ezkata- edo orratz-itxurakoak; sasifruitu lehorrak edo mamitsuak; landare monoikoak edo dioikoak (31,32,33) #2
  • 1 Landare urtarrak, ur-azalean aske bizi direnak; 1-2 mm-ko hostoak, distikoak, teilakatuak, gingil bikoak (4) >> 18. Azollaceae
  • - Landare lehortarrak, edo substratuan sustraitzen diren landare urtarrak; beste era bateko hostoak (5,6,7) #2

Obra hau gure lurraldeko landare baskularrak hobeto ezagutu nahi dituen edonorentzat egina dago, eta haren asmoa da, labur azalduta, lurralde honetan aurki litekeen edozein landare ahalik errazen identifikatzeko tresnak eskaintzea. Gainera, baditu datu interesgarriak landareen ezaugarriei eta banaketari buruz.

Gako diagnostikoekin lan egitea zaila izaten da aditu ez direnentzat, eta sarritan adituentzat ere bai. Horregatik, landare motak zehazteko urrats guztiak irudiz hornitzen saiatu gara. Hala, obra honen atal nagusian baditugu gakoak, ohiko metodo dikotomikoaren arabera eginak (urrats bakoitzean bi aukera daude), eta marrazkiak, landareak bereizteko diagnostikoa egiten gehien laguntzen duten ezaugarrien irudiak, hain zuzen.

Honakoa, jakina, ez da bere saileko obra bakarra. Beste pauso bat baino ez da gure landarediaren ezaguera zabaltzeko ahaleginean. Antzina batean, XVII. mendearen erdi aldera, Jean Prévost-ek Euskal Herriko eta inguruetako landareen lehenbiziko katalogoa argitaratu zuen. Botanikaren beste aitzindari batzuek Euskal Herriko eskualde nahiko zabaletako katalogoak egin zituzten, adibidez Xavier de Arizagak XVIII. mendean (Arabako Errioxakoa eta Bizkaiko zati batekoa) edo M. Blanchet-ek XIX. mendean (Ipar Euskal Herrikoa). A.F. Gredillak, XX. mendeko lehen urteetan, bilduma baliotsu batean jaso zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetako landareez garai hartan eskura zeuden datu guztiak. Halako aitzindari gailenek ezarritako oinarrien gainean, oraingo botanikariek probintzi eremuko landare-katalogo batzuk sortu dituzte azken urteotan: Bizkaiko katalogoa, Arabakoaren “hurbilketa”, eta Nafarroakoa (oraindik argitaratu gabea), eta bai eremu zabalagoko obrak ere, hala nola, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landareen Katalogoa.

Goian aipatutako katalogoak egiteko lanek, botanikarien bestelako lan batzuekin batera, herbarioak sortzeko bidea eman dute: ARAN (Aranzadi Zientzi Elkartearena) eta VIT (Arabako Natur Zientzien Museoarena). Herbariook oinarrizko tresnak izan dira orain aurkezten ditugun gako eta irudiak prestatzeko. Liburu hau egitean, bestalde, herbario horiei ale gehiago erantsi zaizkie. Batez ere azpimarragarria da Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko adiskide eta laguntzaileen ekarpena, plegu ugari gertatu baitute. Beste herbario batzuk ere erabili dira zenbait landareren azterketan, bereziki Jean Vivant jaunarena (Orthez). Guztiz baliagarriak izan dira, halaber, honako herbarioak: BIO (Euskal Herriko Unibertsitatea), JACA (Pirinioetako Ekologia Erakundea), MA (Madrilgo Errege Lorategi Botanikoa) eta J.A. Alejandre, J. Erviti, M. Lorda, L.M. Medrano eta J. Peraltaren herbario pribatuak.

Lau botanikarik eta ilustratzaile aditu batek osatutako editore-taldea arduratu da zereginak antolatzeaz eta zuzentzeaz. Carlos Aseginolazak koordinatu ditu 130.000 inguru erregistro (datu bibliografiko) biltzen dituen datutegia sortzeko lanak, eta berak prestatuak ziren ARAN eta VIT herbarioak informatizatzeko erabili diren programak (120.000 erregistro baino gehiago).

Botanikaren aldetik, Iñaki Aizpuru, Pedro M. Uribe-Echebarría eta Pello Urrutiak jardun dute landare baskularren familia guztiak editatzen, familia bat izan ezik, orkideoak alegia, hauen edizioan Carlos Enrique Hermosilla lankide izan baitute. Gakoetan, familia bakoitzaren izenaren ondoan goiindize bat ageri da: editorea identifikatzen duen zenbakia da. Familietako generoen gakoen egileak ia beti familien editoreak eurak izan dira. Hala ez den kasuetan, generoaren izenaren ondoan dagoen goi-indizeak identifikatzen ditu gakoen egileak edo egilekideak.

Errikarta Lekuona eta Iñaki Zorrakin-ek egin dituzte irudiak, orkideoenak izan ezik. Carlos Enrique Hermosilla da orkideoen marrazki gehienen egilea.

Iñaki Zorrakin aritu da testuak eta marrazkiak batera maketatzen, Gloria Gurayaren laguntza esku zabal eta baliotsuarekin.

Antzinako obrek dakartzaten leku-izenetatik (datutegian 13.000 leku-izen baino gehiago sartu dira) hainbat eta hainbatek ez zuten U.T.M. koordenaturik. Ángel Besga arduratu da koordenaturik gabeko milaka toponimo dagokien lekuan kokatzeaz.

  • 1 Landareek ez dute ez lorerik ez hazirik; esporontzietan eratzen diren esporen bidez ugaltzen dira; belarkarak (1) >> Pteridophyta
  • - Landareek badituzte loreak eta haziak; zurkarak edo belarkarak (2,3) #2

Obra honen editoreek ezer baino lehen gogora ekarri behar dute euren aurretik beste botanikari batzuek lan eskerga egin zutela, oso bitarteko xumeak erabiliz sarri askotan. Horregatik, eta gainerakoak inola ere gutxietsi gabe, ohore dute gorazarre egitea J. Prévost aitzindari ia ezezagunari, X. de Arizaga botanikari handiari, jaiotzez Errioxako semea eta adopzioz arabarra, eta Pirinio atlantikoetako landareei buruzko ezaguerak biltzen jardun zuen M. Blanchet-i.

Gaurko botanikariei dagokienez, editoreetako batzuek zorionez irakasle izan dute Pedro Montserrat jauna, Iberiar Penintsularen iparraldean gaur egun lanean ari diren botanikari askoren maisua.

Ezin baliotsuagoak gertatu dira Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko Javier Elorza, Santiago Patino (langile aspergaitza) eta Javier Valencia adiskideek osatutako landare-bilduma zabalak. Juan Manuel Pérez de Ana laguntzaile fina izan dute hainbat aldiz.

Eskerrak bihotzez Juan Manuel Aparicio eta José María Pérez Dacostari, belarrak biltzen urteetan egin duten lan isilagatik. Haien orriak gehituta nabarmen aberastu da VIT herbarioa, batez ere landare erruderalen sailean.

Juan José Gómezek, botanikarien hainbat lan informatizatuz, ezinbesteko laguntza eman digu. Ángel Besgak zeregin zehatz eta neketsua hartu du bere gain: antzinako aipamenetako datu geografikoak osatzea, bakoitza bere U.T.M. koadrikulan kokatuz. Aurretiazko zeregin hori bete ez balitz Carlos Aseginolazak ezin izango zituen informatikako tresnen bidez garatu gakoen egileek lanerako erabili dituzten banaketa-mapak.

Gloria Gurayak isilik eta eskuzabaltasunez bete du bere lana. Beti laguntzeko prest eduki dugu, hainbeste datu liburuki batean atontzeko prozesu informatiko korapilatsu horietan. Rafael Lamarca uneoro gogotsu aritu da jatorrizko marrazkiak eskaneatzen. Félix Muñoz Garmendiak eskuizkribuetariko batzuk berrikustearen mesedea egin digu, bibliografia guztiz baliagarria eskaintzeaz gainera.

Atsegin handiz aipatuko ditugu erakundeen edo norbanakoen herbarioetatik materiala biltzen lagundu diguten pertsonak. Jean Vivant-i aipamen berezia zor diogu, eskura jarri baitizkigu bere herbario bikaina eta fitxategi oparoa. Beste hauek ere laguntzaile zintzoak izan ditugu: Juan Antonio Alejandre, José Luis Benito, Juan Erviti, Daniel Gómez, Mercedes Herrera, Mikel Lorda, Luis Miguel Medrano, Javier Peralta eta Mauricio Velayos.

Esker onez gogoratu nahi ditugu bi erakunde egileak, Arabako Natur Institutua eta Aranzadi Zientzi Elkartea, eta bai erakunde laguntzailea ere, Arabako Natur Zientzien Museoa. Erakundeok eman dizkiguten bitarteko tekniko eta materialak gabe ez zegoen obra hau egiterik.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek babestu dute obra hau. Bihotzetik eskerrak ematen dizkiegu taldearengan uste osoa izateagatik eta denon lana diruz laguntzeko egin duten ahaleginagatik.

Azkenik, desio bat azaldu nahi dugu: obra hau baliagarria gertatuko ahal zaio, akats eta guzti, landareak ezagutzen ahalegintzeko beste maite dituen orori.

Landare baskular bat hartu eta gako irudidun hauen erabiltzaileak urrats batzuk egin beharko ditu hura zein landare den jakin arte. Horretarako, gako dikotomikoak erabiltzen jakin behar du. Izan ere, liburu honetako gako guztiak metodo dikotomikoaren arabera eginak dira, hots, urrats bakoitzean irakurleari bi aukera ematen zaizkio aurrera egiteko. Gakoen ondoan dauden marrazkien laguntza hutsarekin erabiltzaileak gehienetan igarriko du zein den berak bereizi nahi duen landareari dagokion aukera.

Lehenik, Gako orokorraren eskutik hiru talde nagusi edo dibisioetako batera iritsiko gara. Hona zeintzuk diren dibisio horiek: Pteridofitoak (iratzeak eta kidekoak), Gimnospermoak (pinuak, izeiak, ipuruak eta kidekoak), eta Angiospermoak (haziak benetako fruituetan bildurik dituzten landareak). Ondoren, familien gakoek erakutsiko digute dena-delako landarea zein familiatakoa den. Familiei zenbaki bana jarri zaie, eta familia bakoitzak badu bere generoak bereizteko gakoa, gero espezieen gakoa, eta azkenik subespezieen gakoa, subespezierik baldin badago.

Hala, urratsez urrats, aztergai dugun landarearen izen zientifikora iritsiko gara (letra lodiz ageri da). Izen hori da landareari buruz azaltzen den lehenengo datua. Jar aian, letra etzanez idatzita, landareari buruzko oharren paragrafoa dator (gehienez 9 ohar). Informazioa, beraz, gehienez 10 ataletan bilduta dago. Lehenengo atala izen zientifikoa da eta gakoen bidez zuzenean iristen gara horretara. Beste 9 atalak oharren paragrafoan daude, hurrenkera jakinean.

1. Izen zientifikoa

Familiaren editoreak (zenbaitetan, generoaren gakoen egileak edo egileek) onartutako izena da. Landare-bildumetan edo monografia modernoetan erabiltzen den izena bera izan ohi da. Izen zientifiko onartua letra lodiz ageri da, eta ondoren, letra arrunt biribilez, izenaren sortzailea edo sortzaileak.

2. Sinonimoak

Noiz edo noiz, familiaren editoreak (edo generoaren gakoen egileak edo egileek) egoki iritzita, gako-liburu nagusietan sarrien erabiltzen diren sinonimoak ere azaltzen dira, kortxete artean eta letra arruntez.

3. Izen arruntak

Nahikoa hedaturik dauden izen arruntak azaltzen dira.

4. Forma biologikoak

Raunkjaer-en sistema hautatu da, aldakuntza txiki batzuk gorabehera, eta laburdura hauek erabili dira forma biologikoak adierazteko:

  • Fanerof.: fanerofitoa. Begiak substratutik gutxienez 50 cm gora daude. Talde honetan sartzen dira zuhaitzak, zuhaiztxoak, zuhaixkak eta aireko atal iraunkorra duten lianak. Adibideak: Fagus sylvatica, Prunus spinosa, Clematis vitalba. Fanerofitoek hosto erorkorrak ala hosto iraunkorrak dituzten ere adierazten da: (er.) ala (ir.).
  • Kamef.: kamefitoa. Begiak substratutik gehienez 50 cm gora daude. Talde honetan muluak eta belarkara batzuk sartzen dira. Adibideak: Thymus vulgaris, Genista hispanica subsp. occidentalis, Brachypodium retusum.
  • Hemikript.: hemikriptofitoa. Begiak substratuaren arrasean daude. Talde honetako guztiak belarkarak dira. Adibideak: Veronica serpyllifolia, Taraxacum gr. officinale, Plantago media.
  • Geof.: geofitoa. Begiak lurpean daude. Talde honetako guztiak belarkarak dira. Adibideak: Scilla verna, Phragmites australis, Pteridium aquilinum.
  • Terof.: terofitoa. Urtaro ezegokian landaretik hazia baino ez da geratzen. Urteroko landare belarkarak dira. Adibideak: Papaver rhoeas, Sinapis arvensis.
  • Hidrof.: hidrofitoa. Begiak uretan daude. Landare urtarrak dira, sustraidunak edo sustraigabeak. Adibideak: Trapa natans, Potamogeton lucens.
  • Epif.: epifitoa. Beste landare batzuetan sustraitzen eta garatzen dira. Adibidea: Polypodium interjectum.

5. Tamaina

Gutxieneko eta gehieneko garaierak azaltzen dira beti. Horrela ez dago erabili beharrik, esate baterako, nanofanerofitoa bezalako terminoak, fanerofito nanoak bereizteko. Landare herrestarien kasuan, gutxi gorabeherako luzera adierazten da, parentesi artean.

6. Fenologia

Zenbaki erromatarren bidez adierazten dira loraldiak dirauen hilak, edo, pteridofitoetan, esporen heldutasun garaiak dirauen hilak.

7. Habitata eta garaiera-mugak.

Lehenik habitata azaltzen da, eta gero, habitatetik puntu eta komaz bereizirik, gutxieneko eta gehieneko garaierak. Ca edo Si ageri bada, landarea kaltzikola edo silizikola dela esan nahi du.

8. Banaketa eskualdeka

Landare bakoitzak liburu honen lurraldean duen banaketa adierazteko, normalean, landarea zein eskualdetan bizi den esaten da. Lurraldea ahalik eta modurik errazenean banatu da eskualdeka, erabiltzaileak lurraldeko edozein toki zortzi eskualde hauetako batean berehala kokatu ahal izan dezan:

Noizean behin, eskualde horietako bat aipatu beharrean aipamen orokorragoak egiten dira honelako esapideak erabiliz:

Lurraldea banatzean osatu diren eskualdeak latitude desberdineko zerrenda luzeak dira. Horregatik, zenbait eskualderen izenei askotan honelako zehaztasunak erantsi zaizkie: ekialdeko erdia, ekialdeko muturra, mendebaldeko erdia eta mendebaldeko muturra (haran atlantikoen mendebaldeko muturra, tarteko mendien ekialdeko erdia, Ebro Haranaren hegoko muturra).

  • Itsasertza: itsasertzeko inguruneak bakar-bakarrik; itsaslabarrak, hondartzak eta padurak.
  • Haran atlantikoak: lurraldearen iparreko herenean daude, isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren banalerrotik iparraldera gehienak. Ipar Euskal Herrian baizik aurkitu ez diren landareen banaketa adierazteko, “Pirinioen iparraldeko haran atlantikoak” esapidea erabili da.
  • Arroak: mendi arteko zabaldi handiak, denak ere lurraldearen erdiko herenean. Oso ezagunak dira, besteak beste, Arabako Lautada, Iruñerriko arroa, Agoitz-Irunberriko arroa eta Zangozakoa.
  • Ebro Harana: 600 metro baino beherago dauden lur lauak, Ebro ibaiaren ondoan, tartean mendirik ez dagoela. Hodeiertzean, hegoaldeko mendiek ixten dute Ebro Harana iparraldetik zein hegoaldetik.
  • Pirinio mendiak: lurraldeko mendirik garaienak dira, 1600 m-tik gorakoak. Mendebaldeko Pirinioetan daude, Orhitik Auñamendira bitartean eta Auñamenditik hegoalderantz Ezkaurre eta AlanoPeña Forcaraino. Estai subalpetarra eta alpetarra deitzen zaien horiek dira nagusi eskualde honetan.
  • Iparraldeko mendiak: isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren banalerrotik iparraldera dauden mendi guztiak dira. Isurialdeen banalerro diren mendietan, hain zuzen ere banalerro horixe hartu dugu mugatzat eskualde hau eta hurrengo mendi-eskualdea (tarteko mendiak) bereizteko. Lurralde osoan isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren arteko desberdintasunak nahiko garbiak izaten direlako egin dugu hori.
  • Tarteko mendiak: trantsizioko eskualde deitu ohi zaien horiek sartu dira alde honetan: mendilerro batzuk, eta batez beste 700 metro baino gorago dauden haranak. Arro handiak bazter utzi dira, berez beste eskualde bat osatzen baitute. Iparraldeko mendiek mugatzen dituzte tarteko mendiak iparretik, isurialdeen banalerroan bertan. Lurraldearen ekialdeko muturretik hurbil, 1600 m-ko kota iritsita, eskualde honek bat egiten du Pirinio mendiekin. Azalaren atzealdeko mapan ageri denez, tarteko mendiak deitu diogun eskualde honek barruan hartzen ditu arroak, eta hegoaldean muga du hegoaldeko mendiekin.
  • Hegoaldeko mendiak: Ebro Harana eskuin eta ezker aldetik ixten duten mendiak dira.
  • Ia lurralde osoa: ia lurralde osoan bizi diren landareez esaten da. Sarritan ñabarduraren bat gehitzen da, adibidez, landarea bizi ez den alderen bat aipatuz: ia lurralde osoa, Ebro Harana izan ezik, edo Pirinio mendiak izan ezik>>
  • Lurraldearen iparreko herena: isurialdeen banalerrotik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Esapide hori eta “Lurraldearen hegoko bi herenak” elkarren osagarriak dira.
  • Lurraldearen iparreko erdia: Arroetatik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Horren osagarria “Hegoko erdia” da.
  • Lurraldearen iparreko bi herenak: Hegoaldeko mendietatik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Horren osagarria “Lurraldearen hegoko herena” da, hots, Hegoaldeko Mendiak eta Ebro Harana.

9. Maiztasun-ugaritasun indizea

Landareen maiztasuna eta ugaritasuna labur adierazten dituen indizea da. Landare bat maiz aurkitzen dela esaten da leku askotan hazten denean eta, beraz, edonon aurkitzen erraza denean. Aldiz, landare bat bakana dela edo gutxitan aurkitzen dela esaten da toki gutxitan bizi eta bera aurkitzea zaila denean. Beste alde batetik, gerta liteke bi landare maiztasunean antzekoak izatea, bizi diren tokien kopuruak antzekoak direlako, eta ugaritasunaren aldetik guztiz desberdinak izatea, bata ugaria delako (aurkituz gero, ale asko aurkitzen dira) eta bestea urria (ale gutxi aurkitzen dira). Maiztasun-ugaritasun indizeak batera adierazi nahi ditu landareen maiztasuna eta ugaritasuna, hurrengo bost graduen bitartez:

Aurreko bost gradu horiek beheranzko hurrenkeran aplikatzen dira, maiztasun-ugaritasun handienetik txikienera alegia, eta landarea bizi den eskualdearen edo eskualdeen ondoren jartzen dira. Zalantza izanez gero indize bi batera jar daitezke.

  • AA: oso arrunta esan nahi du. Sarritan eta ugari aurkitzen diren landareez esaten da. Horrelako landareak toki askotan bizi dira eta bizi diren tokietan erruz hazten dira, baso, sasi edo belardietako espezie nagusietakoak izateraino.
  • A: arrunta esan nahi du. Landare arruntak ere sarritan eta ugari aurkitzen dira, baina ez aurrekoak bezainbeste. Normalean ez dira nagusi izaten landare-elkarteetan.
  • U: urria esan nahi du. Horrela esaten zaie leku gutxitan bizi diren eta, horrez gainera, ugari ez diren landareei. Zentzunez, kategoria honetan sartuko ditugu ez arruntak ez bakanak ez diren landareak.
  • B: bakana esan nahi du. Landare bakanak oso leku gutxitan aurkitzen dira, eta, oro har, oso urriak dira edo han-hemenka baino ez dira ugariak.
  • BB: oso bakana edo bakan-bakana esan nahi du. Inon gutxitan aurkitu diren landareentzat erabiltzen da.

10. Banaketa orokorra

Landarearen banaketa orokorra laburdura hauen bidez adierazten da:

  • Subkosm.: subkosmopolita. Ia Lurreko eskualde guztietan bizi diren landareei esaten zaie. Kosmopolita terminoa baztertu egin da, landare baskular bakar bati ere ezin zaiolako termino hori hertsiki aplikatu.
  • Hainbat esk.: hainbat eskualdetakoa. Eskualde biogeografiko bitan edo gehiagotan bizi baina subkosmopolita ez diren landareei esaten zaie. Badira bi salbuespen: Bor.-Alp. (boreo-alpetarrak) eta Med.-Atl. (mediterraneo-atlantikoak).
  • Zirkunb.: zirkunboreala. Ipar hemisferioko eskualde hotz eta epeletan bizi diren landareei esaten zaie.
  • Eur.: adiera zabala du liburu honetan, elementu korologiko hauek guztiak biltzen baititu: europarra (Europako mendebaldekoa, Europako hegoaldekoa eta Europako erdialdekoa barnean), lateeuroparra, paleoepeldarra, eurosiberiarra, eurasiarra. “Eur.” laburdurak, beraz, Eurosiberia deritzon eskualdeko edozein landare izendatzeko erabili da.
  • Orof. Eur.: orofito europarra. Europako mendialde gehienetan bizi diren landareei esaten zaie. Orofito piriniar-kantabriarrak, piriniarrak eta kantabriarrak bereizteko, laburdura horri “W” erantsi zaio. Orof. Eur. W agertzen denean, beraz, landarea mendebaldeko orofito europarra dela esan nahi du.
  • Atl.: atlantikoa. Europako kosta atlantikoetan bizi diren landareei esaten zaie.
  • Med.: mediterraneoa. Mediterraneo ertzeko herrialdeetan bizi diren landareei esaten zaie. Sarritan laburdura horri “W” erantsi zaio, landarearen eremu nagusia eskualde mediterraneoaren mendebaldea dela adierazteko. Landare submediterraneoei eta latemediterraneoei ere “Med.” laburdura ezarri zaie.
  • Orof. Med.: orofito mediterraneoa. Beste gako-liburu batzuetan erabili izan diren bi termino batzen ditu: “mediterraneo-menditarra” eta “oro-mediterraneoa”. Oro har, eskualde mediterraneoko mendietan bizi diren landareei aplikatu zaie oraingoan. Eskualde mediterraneoaren mendebaldeko mendietan soilik bizi diren landareei “W” erantsi zaie, aurreko taldeetan egin den bezala.
  • Med.-Atl.: mediterraneo-atlantikoa. Salbuespena da hainbat eskualdetako landare-taldearen barruan. Bai kosta mediterraneoetan eta bai kosta atlantikoetan bizi diren landareez esaten da.
  • Bor.-Alp.: Boreo-alpetarra. Landare hauen eremuak bi alde ditu bata bestetik bereiz: boreala (iparraldean) eta alpetarra (hegoalderagoko mendietan).
  • Sarr.: Sarrarazia. Jakinaren gainean edo oharkabean gizakiak oso aspaldi ez dela (batez ere Ameriketara joan-etorriak hasi ziren garaitik hona) sartu dituen landareez esaten da. Landatutakoak zein ez, gehienak gai dira basati bihurtzeko eta hemengo landareekin batera bizi dira (batzuetan lehia gogorrean). Beste batzuk, inoiz ere basati bihurtzen ez diren edo oso gutxitan bihurtzen badira ere, baratzeetan hain hedaturik daudenez, garrantzitsuak dira liburu honen lurraldeko eskualde bateko edo gehiagoko paisaian. Horiek ere talde honetan sartu dira, salbuespen gisa.
  • Endemismoak eta banaketa-eremuen mugak: oro har, gakoen egileek iruzkin laburren bidez ohartarazi dute obra honetan aipatzen diren landareetariko asko eremu txikiko endemismoak direla edo liburu honen lurraldean dutela euren banaketa-eremuaren muga.

Aurrean esan duguna hobeto ulertzeko, azter ditzagun 10 atalok gakoetako iruzkinetan agertzen diren moduan, adibide baten laguntzarekin.

BETULACEAE familian, Betula generoaren gakoak landare honetaraino eraman gaitu:

B. alba L. [B. pubescens Ehrh., B. celtiberica Rothm. & Vasc.] Urkia. Fanerof. er., 10-20 m. IV-V. Batzuetan zuhaiztiak eratzen ditu, baina gehienetan sakabanaturik dago pagadi, harizti eta baso mistoetako soiluneetan, zohikaztegien ertzetan eta mendi-erreken bazterretan; Si; 0-1500(1800) m. Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. Eur.

Hona hemen adibide horren atalak:

  1. Izen zientifikoa. Onartu den izen zientifikoa B. alba da eta izenaren sortzailea L. da (Carl von Linné-ren laburdura).
  2. Sinonimoak. Sinonimoak B. pubescens Ehrh. eta B. celtiberica Rothm. & Vasc. dira, eta kortxete artean ageri dira.
  3. Izen arruntak. Izen arrunta urkia da.
  4. Forma biologikoak. Forma biologikoa Fanerof. er. da (fanerofito hostoerorkorra).
  5. Tamaina. Tamaina 10-20 m da (normalean, gutxienez 10 metro garai eta gehienez 20 metro garai da).
  6. Fenologia. IV-V (landarea apirilean eta maiatzean loratzen da).
  7. Habitata eta garaiera-mugak. Paragrafo honetan azaltzen dira: Batzuetan zuhaiztiak eratzen ditu, baina gehienetan sakabanaturik dago pagadi, harizti eta baso mistoetako soiluneetan, zohikaztegien ertzetan eta mendi-erreken bazterretan; Si; 0-1500(1800) m.
  8. Banaketa eskualdeka. Honela adierazten da: Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. (lurraldeko lau eskualde aipatu dira, landarea horiexetan bizi baita).
  9. Maiztasun-ugaritasun indizea. Aurreko atalean ikusi dugun bezala, maiztasun-ugaritasun indizea eta eskualde-banaketa batera azaltzen dira: Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. (Haran atlantiko eta iparraldeko mendien ondoren dagoen U horrek esan nahi du landareak bi eskualde horietan maiztasun-ugaritasun indize bera duela, alegia, urria edo maiztasunugaritasun txikikoa; tarteko eta hegoaldeko mendien ondoren dagoen B horrek esan nahi du landareak bi eskualde horietan maiztasun-ugaritasun indize bera duela, alegia, bakana edo oso maiztasun-ugaritasun txikikoa).
  10. Banaketa orokorra. Gure adibidean Eur. laburdurak adierazten du banaketa orokorra (gorago azaldu dugu laburdura horren esanahia).

Landare baskularrak ditugu aztergai liburu honetan. Landare baskularrak betidanik talde handi hauetan banatzen dira: Pteridofitoak, Gimnospermoak eta Angiospermoak (azken talde horretan Kotiledoibikoak eta Kotiledoibakarrak sartzen dira).

Taxonomiako familia eta genero mailetan, eremu geografiko zabaleko obrek dakartzaten irizpideak erabili ditugu beti ere.

Pteridofitoetan (iratzeak eta kidekoak) Checklist of European Pteridophytes (Derrick, Jermy & Paul, 1987) katalogoko irizpideei eutsi diegu, liburu honen lurraldeko 18 familien kontzeptua, eduki generikoa eta ordena taxonomikoa erabakitzerakoan.

Era berean, Gimnospermoetako 4 familietan, Med-Checklisten (Greuter, Burdet & Long, 1984) lehen liburukiaren ildoari jarraitu diogu, obra horrek Mediterraneoaren ertzetako herrialde guztietarako balio baitu.

Angiospermoen taldea da ugaritsuena: liburu honen lurraldean baditu 140 familia. Bada, talde horretarako, inongo salbuespenik gabe hartu dugu oinarri Cronquist-en mundu eremuko lana (1981), An integrated system of classification of flowering plants, familien kontzeptua, edukia eta ordena taxonomikoa zehazteko orduan. Generoetarako, berriz, Med-Checklisten liburuki argitaratuetan edo, horien ezean, Flora Europaea ezagunean erabilitako irizpideari jarraitu diogu. Salbuespen aipagarri bakarra Hieracium genero kritikoarena da; gaurko botanikari gehienek onartzen dute genero hori Hieracium eta Pilosella generoetan banatu behar dela. Arestian aipatutako Flora Europaea obran bezalaxe ordenatu ditugu generoak familia bakoitzean. Espezie eta subespezie mailetan (eta inoiz barietate mailan ere bai), irizpide taxonomikoaren eta nomenklaturaren arduradunak familien editoreak eurak (edo generoen gakoen egileak) izan dira.

Ingurune fisikoan dauden faktore horiez gainera, historiako bilakaera luzeak moldatzen du leku jakin bateko landaredia. Oro har, esan genezake Europako mendebaldeko landaredia nahikoa berria dela. Izan ere, Koaternarioko glaziazioetan klima aldaketa handiak gertatu ziren. Aldi hotzetan landaredia murriztu egiten zen, gaur egun latitude borealetan aurki dezakeguna bezalakoa izan arte, eta aldi epeletan, berriz, izotzak urtzen zirenean, hegoaldean babesturik zeuden landareek berriz ere kolonizatzen zituzten iparraldeko lurrak.

Horren ondorioz, gurean zuhaitzek osatzen dute gehienbat oraingo landaredia. Espezie nagusiak fagazeoak, haritzak eta pagoak dira iparraldean, eta erkametzak, arteak eta abaritzak hegoaldean; aldiz, koniferoak, beste leku batzuetan hain ugariak, hemen urri samarrak dira: Aleppo pinudiak ditugu Ebro Haranean, pinu gorria Pirinioen hegoaldeko mendien eta Kantabriar mendien adarretan, eta mendi-pinua Pirinio garaian. Berezko ustiapena, belarjaleen ustiapena eta azken milurtekoetan giza espezieak egin duen lanketa gero eta trinkoagoa direla bide, jatorrizko basoak ia erabat itxuraldatu dira Europako eta Euskal Herriko eremu zabaletan.

Horrenbestez, hegoaldeko paisaian lehorreko eta ureztatutako laboreak dira nagusi, eta iparraldean, berriz, larre erdi-naturalak eta konifero exotikoen sailak txandakatzen dira. Naturalak edo ia naturalak diren zuhaiztiak azken urteotan nabarmen suspertzen ari dira; hainbat arrazoirengatik (erliebe malkartsua, klima gogorra, lur antzua) nekazaritzarako balio ez duten tokietara mugatzen dira, ordea.

Landarediari dagokionez, Euskal Herriko disimetria, zentzuzkoa denez, bat dator banaketa eremu euro-siberianoa duten landareen nagusitasunarekin iparreko erdian, eta banaketa mediterraneoko landareen nagusitasunarekin hegoko erdian.

Elementu korologiko europarra hegoaldetik Iberiar Penintsularaino hedatzen da eta ondo ordezkaturik dago kantabria aldean. Europa erdialdeko ohiko landareekin batera alderik euritsu eta epelenean elementu berezi bat azaltzen da, elementu atlantikoa hain zuzen. Europako kostaldeko lurraldeetan iparretik hegoraino hedatzen da elementu hori.

Beste muturrean, Ebro Haranak espezie mediterraneoen sarbide eta kokagune garrantzitsua izan da. Nahiz eta haran horretan egon landare mediterraneoen iparraldeko muga, Mediterraneoaren ertzetako lurraldeetako ohiko landare asko eta asko bizi dira bertan.

Hala ere, badira kasu bitxiak, landarediaren historiaz mintzatu garenean aipatu ditugun aldaketa klimatikoen zantzuak agerian jartzen dizkigutenak. Haran atlantikoetan gutxienez ere aipagarria da artadien hedadura. Gaurko klimaren ezaugarriei erreparatuz gero, harrigarria ere bada bertan aurkitzea espezie mediterraneo peto-petoak, are zuhaitzak ere. Gartxua (Phillyrea angustifolia), abaritza (Quercus coccifera) eta basolibondoa (Olea europaea subsp. oleaster) ezin izan litezke gaurkoaren aldean bestelako klima izan zuten garai iraganen aztarnak baizik. Beste horrenbeste esan daiteke Portugaleko erramua (Prunus lusitanica) edo ereinotza (Laurus nobilis) bezalako Makaronesia aldeko landareez. Berauek, Culcita macrocarpa iratzea eta beste landare batzuk bezala, antzina bateko klima subtropikalen lekuko dira.

Antzeko zerbait gertatzen da klima hotzek utzitako aztarnekin; elementu boreo-alpetarra ageri-agerikoa da Pirinioetako mendietan, baina lurraldearen erdialdeko mendi apaletan ere ez dira falta eskualde hotzagoetan eta gure latitudeko mendi garaiagoetan bizi ohi diren landareak; Diphasiastrum alpinum, Epilobium angustifolium, Geranium cinereum, Viola biflora, Saxifraga oppositifolia, Cicerbita plumieri eta horrelakoen presentzia ezin uler daiteke oraingoa baino aro hotzagoetako erlikiak direla onartu ezik.

Endemismoei dagokienez, genero nahiko egonkortuetan ez da adibide argirik falta: Arenaria vitoriana, Armeria euscadiensis, Geranium endressii, Saxifraga hariotii eta abar. Baina, batez ere, adibideak ugari dira bilakaera biziagoan ari diren eta sistema genetiko espezializatuak dituzten taldeetan, esate baterako, Alchemilla, Hieracium, Rubus edo Taraxacum generoetan.

Azkenik, azpimarratu behar da gizakiaren eragina ez dela tokian tokiko landaredian bakarrik sumatzen. Horrez gainera, gizakia izan da landareak munduan zehar hedatu dituen agenterik eraginkorrena. Euskal Herriko landareen %10 nahita edo oharkabean sartutako landare arrotzak dira. Kopuru hori, garrantzitsua izanik, Europako zenbait herrialdetakoa baino askoz txikiagoa da.

Ingurune fisiko edo bizigabearen ezaugarrietatik hiru erabakigarriak dira landareek luzaroan iraun ahal izan dezaten: klima orokorra, erliebeak moldatutako toki-klima eta substratua.

Klima da eskualde batean zeintzuk landare bizi izan daitezkeen eta nola banatuko diren erabakitzen duen faktore nagusia. Klima orokorrak zuzeneko lotura du lurraldearen kokaera geografikoarekin, eta mundu mailan diharduten aldagaien arabera aldatzen da, hala nola, atmosferako zirkulazioa, eguzkiirradiazioaren tasa edo ozeanoetarainoko distantzia. Klima orokor nagusiak hainbat aldaera hartzen ditu barnean, besteak beste eskualde-klimak eta toki-klima edo mikroklimak; azken horietan erliebeak eragin nabarmena du, plubiositatea eta tenperatura aldarazten baititu alde batetik bestera. Liburu honetako landarediaren lurraldea ipar hemisferioko alde epelean dago, urtaro hotzak eta beroak txandakatzen diren latitudean. Golkoko Korronte ozeaniko hurbilak tenperaturak ematzen ditu; atmosferako zirkulazio nagusia ipar-mendebaldetik dator eta Ozeano Atlantikoan sortzen diren hodei fronteak ekartzen ditu.

Orografiaren eta toki-klimaren arteko kausa-ondorio erlazioaren adibide garbia dugu Euskal Herria. Fronte atlantikoek isurialde atlantikoan hustutzen dute euria, alegia, iparraldeko haranetan eta lehenengo mendi-adarretan; azken horietan urteko prezipitazioa 2.000 l/m2-tik gorakoa ere izan daiteke; fronteok indarra galtzen dute hegoalderantz egin ahala eta ia deseginik heltzen dira Ebro Haranera. Bertako klima argitsua da eta urteko euriak 500 l/m2-ra ere ez dira iristen. Ziertzoak, haranean behera etengabe jotzen duen haizeak, idortasuna areagotu egiten du.

Iparraldetik hegoaldera plubiositatean dagoen alde hori, garaiera desberdineko tokien artean tenperaturan nabari da. Beterrian tenperaturak gozoak dira, izozte gutxirekin, eta urtean zehar bakanak dira elurra egiten duen egunak. Garaiera handitu ahala elurra gero eta maizago egiten du eta tenperaturek behera egiten dute.

Mendikate korapilatuak eta ordoki estuak eta zabalak dira lurralde honen erliebearen ezaugarriak. Hiru alde fisiografiko nagusitan banatuko dugu, horrela xehetasun garrantzitsuren bat edo beste albora utzi beharko badugu ere: iparraldean Haran Atlantikoak (testuan letra handiz izendatuko ditugu aztergai dugun lurraldeko eskualde naturalak), hegoaldean Ebro Harana, eta bi alde horien arteko zubi gisa, mendikateak eta tarteko arroak.

Haran Atlantikoetako erliebea gorabeheratsua da oso. Muino eta mendi txiki asko daude eta ezin konta ahala erreka eta ibai jaisten dira mendietatik. Ipar-ekialdera, Landetako Departamenduan jadanik, erliebea leundu egiten da.

Ebro Haranean, aldiz, erliebea garbiago egituratuta dago, hego-ekialderantz gero eta zabalagoa den sakonune nagusiaren inguruan eta iparraldetik Ebrora datozen ibaiadarren haranetan. Ordokiekin tartekaturik muino biribil edo zapalen lerro luzeak daude.

Bi alde horien bitartean mendi-multzo handiak ditugu, erdi aldean nahikoa apalak (Aizkorri da altuena, 1.544 metro dituela) eta askoz garaiagoak ekialdeko muturrean, hau da, Pirinioen azken adarretan (Auñamendi, 2.504 m) eta mendebaldeko muturrean, Kantabriar Mendikateko lehenengo gailurretan (Valnera, 1.720 m). Haran eta arro gutxi-asko zabalek bereizten dituzte mendikateok.

Substratuari dagokionez, lurzoruaren garapen gradua eta osaera erabakigarriak izaten dira leku batean landaredia nola garatu den ulertzeko. Landare gehienek nahiago dute ingurunean elementu eta konposatu jakin batzuk egotea edo ez egotea, adibidez, kaltzioa, igeltsua edo beste gatz batzuk. Are gehiago, beste landare batzuentzat toxikoak diren inguruneetara ohitu diren landareak ere badira (gatz kontzentrazio handira, igeltsura, lur azidora etab.). Dena dela, hainbat dira landare jasankorrak, hau da, ezaugarri jakinak dituzten lurrak nahiago izan arren bestelako lurretan ere bizi daitezkeenak.

Lurralde honetako substratuetan margak eta kareharriak dira nagusi, isurialde atlantikoan euri ugariek garbituta. Horiez gainera, baditugu aro geologiko guztietako substratu silizeoak, Aiako HarriaBortzirietako eta Aldude-Kintoko mendi-multzo paleozoiko handietatik hasi eta iparraldeko kostako hondartza koaternarioetaraino. Elementu berezien artean azpimarratzekoak dira itsasoko ur gaziak bustitzen dituen itsasertzeko substratuak eta Ebro Haraneko igeltsu tertziarioak.

Bizkaiko edo Gaskoniako (Baskoniatik datorren izena) Golkotik Ebro Haraneraino hedatzen den lurraldeko landare baskularrak bildu dira liburu honetan. Gutxi gorabehera lurraldeak muga hauek ditu: iparraldean Aturri ibaia, hegoaldean Ebro ibaia, mendebaldean Ason ibaia eta ekialdean Aspe eta Aragoi Subordan ibaiak. Lurralde horretan elkartzen dira Pirinio mendikatea eta Kantabriar Mendikatea, eta bat egiten dira kantabria ekialdeko eta Ebro Haraneko klimak eta paisaiak. Trantsizioko esku alde bati dagokionez, landare mota ugari dago.

Kulturaren ikuspegitik liburu honetan aztergai den lurraldeak badu bereizgarri garbi bat: auzoko herrien hizkuntzekin loturarik ez duen milaka urteko hizkuntza, euskara edo lingua navarrorum deitua. Biztanleek duela 2.000 urtetik erabiltzen dute “Euskal Herria” izena euren lurraldea izendatzeko. Erromatarrak etorri zirenean, jatorrizko hizkuntzari latina gehitu zitzaion, eta, denboraren buruan, latinetik sortu ziren lurraldean gaur erabiltzen diren beste bi hizkuntzak, gaztelania eta frantsesa.

Aztergai dugun lurraldeak 20.600 km2 ditu gutxi gorabehera, eta bertako administrazio-erakundeak gaur egun Espainiako eta Frantziako estatuei atxikita daude. Ondokoak dira:

Espainiako Estatuan:

  • Euskal Autonomia Erkidegoa: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek osatzen dute. Azalera: 7.200 km2 inguru.
  • Nafarroako Foru Komunitatea: Nafarroako lurraldeak osatzen du. Azalera: 10.400 km2 inguru.
  • Lurralde mugakideak: mugaldeko koadrikulak zati batean edo osorik sartzen dira probintzia hauetan: Kantabria (autonomi erkidegoa), Burgos eta Soria (Gaztela-Leongo autonomi erkidegoa), Errioxa (autonomi erkidegoa), Zaragoza eta Huesca (Aragoiko autonomi erkidegoa).

Frantziako Estatuan:

  • Iparraldeko komunitateak: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, guztira 3.000 bat km2. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko administrazioaren menpe daude.
  • Lurralde mugakideak: mugaldeko koadrikulak zati batean edo osorik sartzen dira Landetako komunitatean (Landetako Departamendua) eta Biarnoko komunitatean (Pirinio Atlantikoetako Departamendua).

Euskadiko eta Nafarroako autonomi erkidegoek eta Iparraldeko lurraldeek gutxi gorabehera atzematen dituzten 20.600 kilometro karratuak 259 U.T.M. koadrikulatan daude banaturik, 10 km-ko aldea duten laukietan alegia. Horiei mugaldeko 47 koadrikulak gehituta, 10 km-ko aldea duten 306 koadrikula ditugu guztira liburu honen lurraldean (30.600 km2).