Bertan dauden panel batzuek honela diote:
“Bizkaiko Jauna
Lurraldekoa eta Bizkaiko leinu eta bando sistemakoa ez zen pertsona batek sortu zuen Bizkaiko Jaurerria. Bere maila Bizkaiko nobleen etxe guztien gainetik dago, aginte goren gisa. Aginte hau Batzar Nagusien bitartez bideratzen zen, Ahaide Nagusiek eskatuta.
Bestalde, izaera jurisdikzionaleko jaun-aginte hau lausotu egin zen 1379. urtetik aurrera, hots, Bizkaiko Jauna Gaztelako Errege izan zenetik. Honela, botere biak nahastu ziren eta bizkaitarrentzat onuragarri izan zen, jaun-aginte hau bere lurraldetik urrundu zelako.
Erdi Aroko familia-egiturak
Ahaideria deritze odolaren bitartez elkartutako pertsona-taldeei. Zuzeneko leinu, gurasoekiko odol-lotura dutenei. Leinu Luze Ahaide Nagusi bat buru duten leinu-taldeari. Bando, berriz, Leinu Luzeen elkarteari, hau da, ondasunak, azokak eta elizen patronatuak kontrolatzeko elkartutako indar-taldeari.
Ahaide Nagusiak
Oso gizon aberats gutxi zeuden Bizkaian, eta zeudenak, Harotarrak eta Ayalatarrak esaterako, Jaurerritik kanpokoak ziren.
Bizkaian, eta bereziki Haroko etxe zaharrak Jaurerria galdu zuenetik, Ahaide Nagusiak ziren bertako noblezia osatzen zutenak. Benetako jaun-oligarkia hau hazkunde ekonomikoko urte askoren ostean eta oinetxe bereko odol-lotura zuzeneko, “hazkuntza” bidezko edo ezkontza-loturengandik sortutako ahaide-kopurua haztean eraiki zen.
Hasiera batean, oinetxe gotortuak zituzten familia hauek biztanleriaren babesle izan ziren, beren egoitzen kokapen estrategikoari esker, lehenak baitziren biztanle guztiei sute, inbasio, setio edo lapurretez ohartarazten.
Denborarekin eta nolabaiteko hantustea tarteko, bandoak osatu eta egiazko nagusi kementsu bilakatu ziren.
Ahaide Nagusien eginkizun nagusiak honako hauek ziren: “leinua zuzentzen jakitea, kideak babestea, familiaren ondarea handitzea eta mendekua gauzatzea”.
Behe Erdi Aroko zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, Ahaide Nagusiek beren errentak finkatzen eta berriak sortzen saiatu ziren. Horretarako, merkataritza- eta artisau-jarduera berrietan modu biziagoan esku hartu, eta kargu publiko eta elizako karguetako errentak bilatu zituzten.
Ahaide Txikiak
Jatorrizko bizkaitarren bigarren maila zaldun, infantzoi eta karape izenez ere ezagutzen da. Ahaide Nagusiek bezala, hauek ere hainbat abantaila eta lehentasun zituzten.
Ahaide Nagusiekin alde ekonomiko ezberdinak zituzten, hau da, errenta mailakatuta zuten, familiaren barruko posizioaren eta Ahaide Nagusiekin lotzen zituzten lotura feudal eta odol-loturen arabera.
Ahaide Nagusien idealizatzea
Bere nobleziaren egiazkotasuna eta errotzea lortzeko, leinuek, aldaketa txikiekin eta tokian tokiko moldaketekin errepikatzen ziren hainbat ereduri jarraitzen zieten legenda genealogikoetara jotzen zuten.
Bizkaiko Jaurerriaren jatorri noblea “Jaun Zuria” jaun mitikoaren irudiaren inguruan nola eraiki zen aipatuko dugu. Jaun hori Britainiar Irletako erresuma batean bidegabe erbesteratua bizi ondoren heldu eta arerio inbaditzaile eta zapaltzailearen, Erresuma Asturiarraren, aurka bertako herriak borrokan bildu zituen heroi bilakatu zen.
Zamudiotarren etxea ere antzeko legendaren inguruan sortu zen, baina bidegabe erbesteratutako pertsonaiatzat, Nafarroako erregearen seme bat hartuta.
Badira, halaber, Moises profetaren antzera, “haur heroi abandonatuaren” argudiopean oinarritutako noblezia-etxeak ere.
Jatorri arabarreko Abendañotarrek Nafarroako erregearen auka egin zuten, eta guzti-guztiak, txikia izan ezik, hil egin zituzten. Haurra, Arratiara eraman eta Sancho de Galdacanok hazi zuen. Ondoren, Bizkaiko XV. Mendeko leinurik garrantzitsuenetakoa izatera heldu zen.
Lope García de Salazar kronistaren etxe noblea bibliako David eta Goliaten mitoan oinarritzen da, bere jatorri noblea egiaztatzeko. Ekintza heroikoa Toledon gertatu zen, erraldoi “corpudo y espantable” baten aurka egiteagatik. Liskar honetan Lope García atera zen garaile, bere balentria eta azkartasunari esker.
Oinaztarren eta Ganboatarren bandoak
1280. urtearen inguruan, Iruñeko Erresumaren zatiketa eta erresumaren mendebaldeko lurrak Gaztelara atxikitzea, ekonomia, zein politika eta gizarte arloko nolabaiteko haserrearen hasierarekin batera eman ziren.
Ahaide Nagusiek, landa-eremuko krisi ekonomikoak, inbidiak eta elkarren arteko lehiak bultzatuta zuzentzen zituzten beren leinuak. Aldi berean, artisau eta merkataritza alorreko interesak (Lur Lauko jaunen nekazaritza-errentak oso bestelakoak ziren) zituzten hiribilduak sortu ziren.
Lur Lauko Ahaide Nagusiak, halaber, Bilbo eta gora egiten ari ziren gainerako hiribilduen aurka egin zuten. Leinuak, zegoeneko, aurkako bi bandotan antolatuta zeuden, oinaztarren badoan eta ganboatarrenean, horien jatorria Gaztelari edo Iruñari lotuta zeudela, hurrenez hurren. Butroitarren bizkaitar leinuak oinaztarrak ordezkatzen zituen, eta Ibaizabal ibaiaren eskuinaldeko eremu bat menderatzen zuten; Muxikatarren leinua, berriz, Gernikako eskualdean eta ondoko Busturian zen nagusi, eta ganboatarrei atxikita zegoen.
Gerra-seinalea mendi “bozineroetatik” ematen zen eta borrokarako agindua fite batean zabaltzen zen jaurerri osoan zehar, minutu gutxi batzuetan ez baitzegoen Bizkaian inbasio edo tokikoen arteko liskarren barri ez zuenik.
“Gerrako Jaunak” errota eta burdinolen jabe ziren, ordaindu beharreko zubiak kontrolatzen zituzten, dendak eta baserriak, ondasun eta artaldeekin batera, errentan emanda zituzten, eta gainerako bizkaitar guztiak nekazari zentsuarioak, jabe txikiak eta artzainak ziren.
Leinuen edo bandoen arteko gerrak, Bizkaia osoa suntsitu zuen aldizkako liskar luzeetan, eta horrela jasotzen da Bizkaiko alkateen 1321. urteko Epaiketan.
“Había sido quemada y derribada la torre vieja de Leguizamón por los de Martiartu y los de Zamudio, pereciendo todos los hijos del famoso pariente Diego Pérez de Leguizamón, menos un niño, con sesenta hombres y catorce mujeres. Pero antes de estos hechos ya había habido colisión entre los de Leguizamón y los vecinos de Bilbao, aunque seguida afortunadamente de una tregua...”
On Lope García de Salazar, bandoen arteko borroken garaiko kronikariak, liskar odoltsu hauetan esku hartu zuela, berrehun kapitulu baino gehiago erabili zituen berak ezagutzen zituen liskarrak kontatzeko:
“...en lo que hoy constituye el territorio de Vizcaya, ya que los Bandos se extendían a Álava, Guipúzcoa y la parte del Santander más próxima a nuestro País”. Izugarrizko lakonismoaz honelako ugari aipatzen zituen: “muertes, incendios, tropelías y escándalos, que llenan el ánimo de pena, porque dan triste idea del estado de descomposición social en que Vizcaya se encontró dominada por aquellos feroces banderizos, sin más freno que la fuerza de sus adversarios”.
Leinuak
Lope García de Salazar kronikariak argitzen ditu leinuen eta bandokideen arteko, ganboatarren oinaztarren aurkako, gudak sortarazi zituzten zioak, bere lanaren pasarte ezberdinetan, eta ikusten dugunez, ia beti, “qual valía más” eta inbidia ziren arrazoi nagusiak.
“Ante esta situación, fue deseo del Rey don Enrique IV poner fin a tantos desmanes y abusos que cometían los parientes mayores y las luchas de bandería en Vizcaya y Guipúzcoa”.
Ahaide Nagusi guztiak erbesteratuta zeuden
“...y a petición de las Hermandades hizo derribar las Casas de todos los parientes Mayores de Guipúzcoa e desterró a Pero Lopes de Ayala e a don Yñigo de Guebara, e a Juan Lopes de Lescano... e desterró de Viscaya a Juan Alonso de Mugica, e a Pedro de Bendaño... e desterró de la Encartación a Lope García de Salazar e a Lope Hurtado de Salcedo e a Ochoa de Murga, e Juan de Salcedo para tierra de moros e otros lugares...”
Erbesteratzea amaitutakoan, bandoetako buruzagiak beren dorretxeetara itzuli ziren eta arazoak zigor hura ezarri aurretik zeudenetan jarraitu zuten.
“Se robaba en todas partes. Los Muxica por tierra y por mar, Los Avendaño desde Alava hasta el mar, los Marroquines, Salcedo, Murga y otros robaban a los mercaderes de Burgos, Juan y Pedro Salazar le robaban a su propio padre Lope García”.
Honela, XVI. Mendean, baldintza ekonomikoek nobleen errentaren saneamendua ahalbidetu zutenean, eta nahikoa diru-sarrera izateko indarkeriaren beharrik ez zutenean, bakealdi orokorrera heldu zen.
Gotorretxeak, dorreak eta gazteluak
Behe Erdi Aroan zehar hainbat familiak ondasunak pilatu zituzten, lurrak komunalak ziren baina familiek bazkatzera eramaten zuten abere-kopurua ez zen guztietan berbera. Ekoizpen gaineratikoak eta diru-sarreren sorrerak egoitza- eta babes-erabilerako eraikuntzak egitea ahalbidetu zuen.
Gizarte-maila berria sortu zen: kapareak eta tokiko noblezia berriaren jaunak (Ahaide Nagusiak). “Saroi” gainean eraikitako lehen etxebizitzak “gotorretxe”, dorretxe bihurtu ziren, eta denborarekin, jauregi gotortuak.
Toki estrategikoetan kokatzen zituzten, hots, gainetan, iraganbideetan zein ur-ibilgu edo hiriguneetatik gertu.
Gernikako infantzoiek egindako Bizkaiko 1452. urteko Foru Zaharrak ezartzen zuen Bizkaiko edozein “fidalgo”-k bere jabetzako lurretan “casa fuerte o llana” egin zezakeela, eta zein “villano o labrador pude gozar este privilegio...”. Bizkaiko 1526. urteko Foru Berriak, berriz, zera zioen, edozein bizkaitarrek gotorretxe edo etxe arrunta egin zezakeela Bizkaiko bere jabetzako lurretan, bilau edo nekazarien salbuespena kenduz.
Gotorretxeak nork bere defentsa edo hiribilduarena antolatzeko eremu eta bere leinuaren gorentasunaren ikur argi bihurtu ziren.
XVI. mendetik aurrera, feudalismoaren gainbeherarekin eta monarkia absolutisten finkapenarekin, Dorretxe eta gotorretxeen jabe zen nobleziak utzi egin zituen horiek, eta poliki-poliki jauregietara aldatu zituen bere egoitzak. Eginkizun militarra zaharkiturik gelditu eta interes guztia galdu zuten, egungo aiurrietara heldu arte.
Uribeko merindadean, 37 herri (elizateak eta hiribilduak) izanik, Erdi Aro bete-betean 22 gotorretxe edo dorretxe eta gaztelu bat (Butroikoa Gatikan) zeuden, Bizkaia osoan, orotara, 166 zirela.
Eraikuntza hauetako askok ermita, errota eta burdinola ere bazituzten.
Martiartuko dorrea Unbe mendiaren hegoaldeko magalean kokatutako zelai zabal batean dago. Bere kokapena estrategikoa izanda eta kostalderako iraganbide zenez (bide, zubi eta zaindu eta babesten dituen eliza izanik), baliabide ekonomikoak sortzen zituen, pertsonak eta merkantziak bertatik iragaiteagatik ordaindu behar izaten zuten bidesariari esker.
Ezagutzen den lehen Martiartu, Diego Pérez de Martiartu zen, Zaharra ezizena zeramana eta On Martín Ortiz de Martiarturen aurrekoa zen. Honek dorretxea eraikitzea agindu zuen. Gómez de Butronen alabarekin ezkondu zen, eta Martiartutarrak, ondoren, Zamudiotarren leinuarekin ahaidetu ziren.
Martiartuko dorreak 18 metroko altuera eta 14 metroko zabalera ditu, eta bere hormen lodiera 2,4 metrokoa da. Honakoa, moztu gabeko gotorleku bakarretako bat da, eta egun ia berdin-berdin mantentzen ditu bi aldetako gailurreria, eta lau garioietatik hiru. Ipar-mendebaldeko kuboan abere bat irudikatzen duen gargola dago. Dorrerako sarrera nagusia gidari baten gainean kokatutako ogiba-ate batetik egiten zen. Atzealdean, kalearen parean, beste ogiba-ate bat dago, bai eta leiho biki bat, leiho handi bat, hiru bao txiki eta harburu errenkada bat ere. Iparraldeko fatxada lau-laua da, eta mendebaldekoan matakan bat, gezileiho bat eta leihatila bat daude.
Babes-elementuak dorretxe, gotorretxe eta hiribilduetan
Harresia
Dorre edo hiribildu batez inguratutako barrutia, horma garai eta lodi batez osatua, eta goiko aldea zeharkatzen duen erronda edo zerbitzuko bidea duena. Tarteka, egitura indartzea, angeluak dibertsifikatzea eta defendatzea ahalbidetzen duten kubo edo dorreak tartekatzen dira. Ohikoa zen garita irtenak izatea, erasotzaileen arkako jaurtiketa-baldintzak hobetzeko. Harresiaren oinaldean eta kanpoaldetik inguratuz, zenbaitetan, lubakia egiten zen arerioa ez hurbiltzeko.
Omenaldiaren dorrea
Dorre nagusia zen eta jaunaren egoitzatzat erabiltzen zen berori defendatzeko. Areto nagusiak eta elikagaiak gordetzeko biltegiak izaten zituzten. Zitezkeen kanpo-erasoetatik babesteko lekurik gordeenean eraikitzen zen, gainerako defentsak garaituz gero, azken babesleku izan zedin.
Dorre barbakana
Harresien aurrealdean kokatutako gotorleku honek sartzeko atea babesten zuen.
Arrastelua edo orrazia burdin hesi astuna zen, behealdean punta zorretan amaitua. Sarbidea babes-elementua zen, zubi altxagarri eta dorre barbakanarekin batera.
Almenak, bere egitekoa defendatzaileak babestea zen.
Arma-patioa: patioaren erdigunea da. Honen inguruan hainbat areto zeuden, hala nola: kapera, harrera-aretoa, troparen kuartela, etab.
Jazarpen-teknikek hainbat eraso eta babes arma sorrarazi zituzten. Konkistatzeko modurik arruntena defendatzaileak jaki faltarekin garaitzea zen. Baina ez zen erraza dorre edo gaztelu bat hartzea, borroka bortitza eta armak erabiltzea eskatzen zuen, hala nola: arieteak, katapultak, burdinazko bolak, balezta erraldoiak edo su-armak. Igotzen edo beheko ateetatik sartzen saiatzen ziren erasotzaileen gainera olioa edo irakiten zegoen edozein likido botatzen zuten defendatzaileek.
Dorretxe edo gotorretxeetako behe-oinak lehenengoarekin lotuta egon ohi ziren hutsuneen bitartez, erasotzaileak dorre barrura sartzekotan kanpoko erasoen aurka egiteko.
Lapur-zuloa
Gazteluko defentsa-elementuen artean, arerio inbaditzailearen aurrean hondamen handia eragin zuenetako bat aurkitzen dugu. Lapur-zuloa, gotorlekuko puntu ahuletan, bertikaltasunagatik ezer gutxi laguntzen zuten ertzetan eta gazteluko gainerako puntu ahuletan arerioa erasotzeko diseinatutako eraikuntza zen.
Hauek ere gazteluaren atean jartzen ziren, izan ere, atea gazteluko alderik ahulena zen, eta honetan gertatzen zen lapur-zuloa eraginkorren eta bertan ematen ziren baja gehien arerioen artean.
Adreiluz babestutako sabaia eta alboak zituen egiturak, bai eta arkulariak eta baleztariek erabiltzeko gezileihoak ere, baina lapur-zuloa ezbairik gabe bereizten zuena sare-egiturako zorua zen, honetatik era guztietako objektuak (harriak, geziak, olioa irakiten...) botatzen baitziren.”
Komentariorik ez..
Mapako edukiak aukeratu
Edukia erantsi
Zer erantsi nahi duzu?
Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.