Ermita honek oinplano errektangularra dauka, burualde zuzen eta hiru isurialdeko estalkiagaz.
Horma-harrizko egitura dauka bistan, barrualdera zein kanpoaldera, harlandua daukien izkinetan eta sarbidean izan ezik. Buru-horman, harlauza-dobelak dabezan erdi-puntuko hiru hornahobi urratuta dagoz hiru irudi hartzeko. Fatxada nagusian, tinpanoa oholakaz ixten da.
Zoladura harlauzazkoa da eta altxatuta dago altara-aldean.
Estalkia, hiru isurialdekoa da, baina barrualdera piramide-formako bihurtzen da giltzarritik lau hormapikotan zabaltzen dan egurrezko egiturarekin. Giltzarriak, landare-motiboak ditu zizelkatuta. Izkinetan zutoinak ditu. Fatxada nagusian, teilatu-hegala bost hagaburutan bermatzen da, eta honeek muturrak kiribilduta dabez eta uztaiak zizelkatuta dabezan bost besotan zurkaizten dira.
Sarbidea, oinaldeko hormatik da, guztiz zabalik eta dago hiru erregistroko egur sareaz bermatuta; honako honek haga biribilduak ditu txarro txiki eta uztaiakaz, erdi inguruan zabalduta atea hartzeko. Egurrezko hesi hau harrizko hormatxo baxuan pausatzen da. Sarbidearen ondoan, urbedeinkatu-ontzia dago egikera soilekoa, hain zuzen be, kareharrizko esfera-formako kikara, goian harrian grabatutako latindar kurutzeagaz amaitzen dana.
Argiztapen naturala fatxada nagusiko zabalduratik baino ez da sartzen.
Egurrezko egitura dauka fatxada nagusian, kanpaia hartzeko hutsarteagaz.
Ybarra eta Garmendiaren arabera, San Balentin ermita Simon Bernardo Zamacola Ocerin politikoaren fundazinoa da eta honek XVIII. gizaldiaren amaieran, “mandó construir junto al centro urbano de Dima, para su residencia, el palacio de Silverio y su ermita de San Valentín”.
Ze egoera onean dagoan ikustia, oraintsu barritzeak izan dirala esan daiteke.
Comments
No comments.
Near targets
Ugarana udalerri-burua (547 m.ra) · Jandonekobe ermita (558 m.ra) · Pidadea ermita (651 m.ra) · Santa Ageda ermita (680 m.ra) · Bikarregi auzoa (722 m.ra) · San Roke ermita (955 m.ra) ·

