Gamuetako ohiko igoera Linza aldetik abiatzen da, aterpetik bertatik edo aterperako bidetik (Plano de la Casa, Fuente de los Clérigos, Barranco de Gamueta.. bidezidorrak gorago elkartzen dira), eta mendebaldeko bizkarrean gora igotzen da. Bide nabarmena eta zailtasunik gabea da, baina luzea ere bai, eta haizetsua (eta gogaikarria ere bai, beharbada, tarte batean). Tontorrean panoramika ederra da: Acherito iparraldean, Ozako bailara amaigabeak ekialdean eta Gamuetaren gertuko senideak hegoaldean: Foya de Gamueta, Gorreta de los Gabachos eta Mallo de Gorreta, nabarmenenak aipatzearren. Hauen arteko bidea ez da igoerakoa bezain erraza ordea. Linza aldeko lehenengo irteerak egiten ari diren mendizale berrientzako aproposa (Petrechema bezala).
"Chinebral" terminoak ipurua landareari egiten dio erreferentzia, "ipurua dagoen lekua" izango litzateke (gazteleraz "enebro"). "Ginebral" idatzita ikusten da leku batzuetan. Tontorrean ez dago halakorik, baina Linza aldeko igoerako bideetan ikusten dira han-hemenka. Gertatzen dena da mendi hauek nolabait izendatu behar eta beheragoko inguruetako izenak erabiltzen direla sarritan. Gauza bera esan daiteke hurrengoari buruz: "Foya de Gamueta" izatez beheragoko sakana izango litzateke, baina tontorrari ere egokitu zaio.
Iruzkinak
Komentariorik ez..
Gertuko helburuak
Gorreta d'os Gabachos mendia (778 m.ra) ·
Waypoints
Komentariorik ez..
