Skip to main content

Gako irudidunen edukia eta erabilera

EHlsgi·k

2019/11/14 - 20:18

12 klik

Landare baskular bat hartu eta gako irudidun hauen erabiltzaileak urrats batzuk egin beharko ditu hura zein landare den jakin arte. Horretarako, gako dikotomikoak erabiltzen jakin behar du. Izan ere, liburu honetako gako guztiak metodo dikotomikoaren arabera eginak dira, hots, urrats bakoitzean irakurleari bi aukera ematen zaizkio aurrera egiteko. Gakoen ondoan dauden marrazkien laguntza hutsarekin erabiltzaileak gehienetan igarriko du zein den berak bereizi nahi duen landareari dagokion aukera.

Lehenik, Gako orokorraren eskutik hiru talde nagusi edo dibisioetako batera iritsiko gara. Hona zeintzuk diren dibisio horiek: Pteridofitoak (iratzeak eta kidekoak), Gimnospermoak (pinuak, izeiak, ipuruak eta kidekoak), eta Angiospermoak (haziak benetako fruituetan bildurik dituzten landareak). Ondoren, familien gakoek erakutsiko digute dena-delako landarea zein familiatakoa den. Familiei zenbaki bana jarri zaie, eta familia bakoitzak badu bere generoak bereizteko gakoa, gero espezieen gakoa, eta azkenik subespezieen gakoa, subespezierik baldin badago.

Hala, urratsez urrats, aztergai dugun landarearen izen zientifikora iritsiko gara (letra lodiz ageri da). Izen hori da landareari buruz azaltzen den lehenengo datua. Jar aian, letra etzanez idatzita, landareari buruzko oharren paragrafoa dator (gehienez 9 ohar). Informazioa, beraz, gehienez 10 ataletan bilduta dago. Lehenengo atala izen zientifikoa da eta gakoen bidez zuzenean iristen gara horretara. Beste 9 atalak oharren paragrafoan daude, hurrenkera jakinean.

1. Izen zientifikoa

Familiaren editoreak (zenbaitetan, generoaren gakoen egileak edo egileek) onartutako izena da. Landare-bildumetan edo monografia modernoetan erabiltzen den izena bera izan ohi da. Izen zientifiko onartua letra lodiz ageri da, eta ondoren, letra arrunt biribilez, izenaren sortzailea edo sortzaileak.

2. Sinonimoak

Noiz edo noiz, familiaren editoreak (edo generoaren gakoen egileak edo egileek) egoki iritzita, gako-liburu nagusietan sarrien erabiltzen diren sinonimoak ere azaltzen dira, kortxete artean eta letra arruntez.

3. Izen arruntak

Nahikoa hedaturik dauden izen arruntak azaltzen dira.

4. Forma biologikoak

Raunkjaer-en sistema hautatu da, aldakuntza txiki batzuk gorabehera, eta laburdura hauek erabili dira forma biologikoak adierazteko:

  • Fanerof.: fanerofitoa. Begiak substratutik gutxienez 50 cm gora daude. Talde honetan sartzen dira zuhaitzak, zuhaiztxoak, zuhaixkak eta aireko atal iraunkorra duten lianak. Adibideak: Fagus sylvatica, Prunus spinosa, Clematis vitalba. Fanerofitoek hosto erorkorrak ala hosto iraunkorrak dituzten ere adierazten da: (er.) ala (ir.).
  • Kamef.: kamefitoa. Begiak substratutik gehienez 50 cm gora daude. Talde honetan muluak eta belarkara batzuk sartzen dira. Adibideak: Thymus vulgaris, Genista hispanica subsp. occidentalis, Brachypodium retusum.
  • Hemikript.: hemikriptofitoa. Begiak substratuaren arrasean daude. Talde honetako guztiak belarkarak dira. Adibideak: Veronica serpyllifolia, Taraxacum gr. officinale, Plantago media.
  • Geof.: geofitoa. Begiak lurpean daude. Talde honetako guztiak belarkarak dira. Adibideak: Scilla verna, Phragmites australis, Pteridium aquilinum.
  • Terof.: terofitoa. Urtaro ezegokian landaretik hazia baino ez da geratzen. Urteroko landare belarkarak dira. Adibideak: Papaver rhoeas, Sinapis arvensis.
  • Hidrof.: hidrofitoa. Begiak uretan daude. Landare urtarrak dira, sustraidunak edo sustraigabeak. Adibideak: Trapa natans, Potamogeton lucens.
  • Epif.: epifitoa. Beste landare batzuetan sustraitzen eta garatzen dira. Adibidea: Polypodium interjectum.

5. Tamaina

Gutxieneko eta gehieneko garaierak azaltzen dira beti. Horrela ez dago erabili beharrik, esate baterako, nanofanerofitoa bezalako terminoak, fanerofito nanoak bereizteko. Landare herrestarien kasuan, gutxi gorabeherako luzera adierazten da, parentesi artean.

6. Fenologia

Zenbaki erromatarren bidez adierazten dira loraldiak dirauen hilak, edo, pteridofitoetan, esporen heldutasun garaiak dirauen hilak.

7. Habitata eta garaiera-mugak.

Lehenik habitata azaltzen da, eta gero, habitatetik puntu eta komaz bereizirik, gutxieneko eta gehieneko garaierak. Ca edo Si ageri bada, landarea kaltzikola edo silizikola dela esan nahi du.

8. Banaketa eskualdeka

Landare bakoitzak liburu honen lurraldean duen banaketa adierazteko, normalean, landarea zein eskualdetan bizi den esaten da. Lurraldea ahalik eta modurik errazenean banatu da eskualdeka, erabiltzaileak lurraldeko edozein toki zortzi eskualde hauetako batean berehala kokatu ahal izan dezan:

Noizean behin, eskualde horietako bat aipatu beharrean aipamen orokorragoak egiten dira honelako esapideak erabiliz:

Lurraldea banatzean osatu diren eskualdeak latitude desberdineko zerrenda luzeak dira. Horregatik, zenbait eskualderen izenei askotan honelako zehaztasunak erantsi zaizkie: ekialdeko erdia, ekialdeko muturra, mendebaldeko erdia eta mendebaldeko muturra (haran atlantikoen mendebaldeko muturra, tarteko mendien ekialdeko erdia, Ebro Haranaren hegoko muturra).

  • Itsasertza: itsasertzeko inguruneak bakar-bakarrik; itsaslabarrak, hondartzak eta padurak.
  • Haran atlantikoak: lurraldearen iparreko herenean daude, isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren banalerrotik iparraldera gehienak. Ipar Euskal Herrian baizik aurkitu ez diren landareen banaketa adierazteko, “Pirinioen iparraldeko haran atlantikoak” esapidea erabili da.
  • Arroak: mendi arteko zabaldi handiak, denak ere lurraldearen erdiko herenean. Oso ezagunak dira, besteak beste, Arabako Lautada, Iruñerriko arroa, Agoitz-Irunberriko arroa eta Zangozakoa.
  • Ebro Harana: 600 metro baino beherago dauden lur lauak, Ebro ibaiaren ondoan, tartean mendirik ez dagoela. Hodeiertzean, hegoaldeko mendiek ixten dute Ebro Harana iparraldetik zein hegoaldetik.
  • Pirinio mendiak: lurraldeko mendirik garaienak dira, 1600 m-tik gorakoak. Mendebaldeko Pirinioetan daude, Orhitik Auñamendira bitartean eta Auñamenditik hegoalderantz Ezkaurre eta AlanoPeña Forcaraino. Estai subalpetarra eta alpetarra deitzen zaien horiek dira nagusi eskualde honetan.
  • Iparraldeko mendiak: isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren banalerrotik iparraldera dauden mendi guztiak dira. Isurialdeen banalerro diren mendietan, hain zuzen ere banalerro horixe hartu dugu mugatzat eskualde hau eta hurrengo mendi-eskualdea (tarteko mendiak) bereizteko. Lurralde osoan isurialde kantabrikoaren eta mediterraneoaren arteko desberdintasunak nahiko garbiak izaten direlako egin dugu hori.
  • Tarteko mendiak: trantsizioko eskualde deitu ohi zaien horiek sartu dira alde honetan: mendilerro batzuk, eta batez beste 700 metro baino gorago dauden haranak. Arro handiak bazter utzi dira, berez beste eskualde bat osatzen baitute. Iparraldeko mendiek mugatzen dituzte tarteko mendiak iparretik, isurialdeen banalerroan bertan. Lurraldearen ekialdeko muturretik hurbil, 1600 m-ko kota iritsita, eskualde honek bat egiten du Pirinio mendiekin. Azalaren atzealdeko mapan ageri denez, tarteko mendiak deitu diogun eskualde honek barruan hartzen ditu arroak, eta hegoaldean muga du hegoaldeko mendiekin.
  • Hegoaldeko mendiak: Ebro Harana eskuin eta ezker aldetik ixten duten mendiak dira.
  • Ia lurralde osoa: ia lurralde osoan bizi diren landareez esaten da. Sarritan ñabarduraren bat gehitzen da, adibidez, landarea bizi ez den alderen bat aipatuz: ia lurralde osoa, Ebro Harana izan ezik, edo Pirinio mendiak izan ezik>>
  • Lurraldearen iparreko herena: isurialdeen banalerrotik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Esapide hori eta “Lurraldearen hegoko bi herenak” elkarren osagarriak dira.
  • Lurraldearen iparreko erdia: Arroetatik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Horren osagarria “Hegoko erdia” da.
  • Lurraldearen iparreko bi herenak: Hegoaldeko mendietatik iparraldera bizi diren landareez esaten da. Horren osagarria “Lurraldearen hegoko herena” da, hots, Hegoaldeko Mendiak eta Ebro Harana.

9. Maiztasun-ugaritasun indizea

Landareen maiztasuna eta ugaritasuna labur adierazten dituen indizea da. Landare bat maiz aurkitzen dela esaten da leku askotan hazten denean eta, beraz, edonon aurkitzen erraza denean. Aldiz, landare bat bakana dela edo gutxitan aurkitzen dela esaten da toki gutxitan bizi eta bera aurkitzea zaila denean. Beste alde batetik, gerta liteke bi landare maiztasunean antzekoak izatea, bizi diren tokien kopuruak antzekoak direlako, eta ugaritasunaren aldetik guztiz desberdinak izatea, bata ugaria delako (aurkituz gero, ale asko aurkitzen dira) eta bestea urria (ale gutxi aurkitzen dira). Maiztasun-ugaritasun indizeak batera adierazi nahi ditu landareen maiztasuna eta ugaritasuna, hurrengo bost graduen bitartez:

Aurreko bost gradu horiek beheranzko hurrenkeran aplikatzen dira, maiztasun-ugaritasun handienetik txikienera alegia, eta landarea bizi den eskualdearen edo eskualdeen ondoren jartzen dira. Zalantza izanez gero indize bi batera jar daitezke.

  • AA: oso arrunta esan nahi du. Sarritan eta ugari aurkitzen diren landareez esaten da. Horrelako landareak toki askotan bizi dira eta bizi diren tokietan erruz hazten dira, baso, sasi edo belardietako espezie nagusietakoak izateraino.
  • A: arrunta esan nahi du. Landare arruntak ere sarritan eta ugari aurkitzen dira, baina ez aurrekoak bezainbeste. Normalean ez dira nagusi izaten landare-elkarteetan.
  • U: urria esan nahi du. Horrela esaten zaie leku gutxitan bizi diren eta, horrez gainera, ugari ez diren landareei. Zentzunez, kategoria honetan sartuko ditugu ez arruntak ez bakanak ez diren landareak.
  • B: bakana esan nahi du. Landare bakanak oso leku gutxitan aurkitzen dira, eta, oro har, oso urriak dira edo han-hemenka baino ez dira ugariak.
  • BB: oso bakana edo bakan-bakana esan nahi du. Inon gutxitan aurkitu diren landareentzat erabiltzen da.

10. Banaketa orokorra

Landarearen banaketa orokorra laburdura hauen bidez adierazten da:

  • Subkosm.: subkosmopolita. Ia Lurreko eskualde guztietan bizi diren landareei esaten zaie. Kosmopolita terminoa baztertu egin da, landare baskular bakar bati ere ezin zaiolako termino hori hertsiki aplikatu.
  • Hainbat esk.: hainbat eskualdetakoa. Eskualde biogeografiko bitan edo gehiagotan bizi baina subkosmopolita ez diren landareei esaten zaie. Badira bi salbuespen: Bor.-Alp. (boreo-alpetarrak) eta Med.-Atl. (mediterraneo-atlantikoak).
  • Zirkunb.: zirkunboreala. Ipar hemisferioko eskualde hotz eta epeletan bizi diren landareei esaten zaie.
  • Eur.: adiera zabala du liburu honetan, elementu korologiko hauek guztiak biltzen baititu: europarra (Europako mendebaldekoa, Europako hegoaldekoa eta Europako erdialdekoa barnean), lateeuroparra, paleoepeldarra, eurosiberiarra, eurasiarra. “Eur.” laburdurak, beraz, Eurosiberia deritzon eskualdeko edozein landare izendatzeko erabili da.
  • Orof. Eur.: orofito europarra. Europako mendialde gehienetan bizi diren landareei esaten zaie. Orofito piriniar-kantabriarrak, piriniarrak eta kantabriarrak bereizteko, laburdura horri “W” erantsi zaio. Orof. Eur. W agertzen denean, beraz, landarea mendebaldeko orofito europarra dela esan nahi du.
  • Atl.: atlantikoa. Europako kosta atlantikoetan bizi diren landareei esaten zaie.
  • Med.: mediterraneoa. Mediterraneo ertzeko herrialdeetan bizi diren landareei esaten zaie. Sarritan laburdura horri “W” erantsi zaio, landarearen eremu nagusia eskualde mediterraneoaren mendebaldea dela adierazteko. Landare submediterraneoei eta latemediterraneoei ere “Med.” laburdura ezarri zaie.
  • Orof. Med.: orofito mediterraneoa. Beste gako-liburu batzuetan erabili izan diren bi termino batzen ditu: “mediterraneo-menditarra” eta “oro-mediterraneoa”. Oro har, eskualde mediterraneoko mendietan bizi diren landareei aplikatu zaie oraingoan. Eskualde mediterraneoaren mendebaldeko mendietan soilik bizi diren landareei “W” erantsi zaie, aurreko taldeetan egin den bezala.
  • Med.-Atl.: mediterraneo-atlantikoa. Salbuespena da hainbat eskualdetako landare-taldearen barruan. Bai kosta mediterraneoetan eta bai kosta atlantikoetan bizi diren landareez esaten da.
  • Bor.-Alp.: Boreo-alpetarra. Landare hauen eremuak bi alde ditu bata bestetik bereiz: boreala (iparraldean) eta alpetarra (hegoalderagoko mendietan).
  • Sarr.: Sarrarazia. Jakinaren gainean edo oharkabean gizakiak oso aspaldi ez dela (batez ere Ameriketara joan-etorriak hasi ziren garaitik hona) sartu dituen landareez esaten da. Landatutakoak zein ez, gehienak gai dira basati bihurtzeko eta hemengo landareekin batera bizi dira (batzuetan lehia gogorrean). Beste batzuk, inoiz ere basati bihurtzen ez diren edo oso gutxitan bihurtzen badira ere, baratzeetan hain hedaturik daudenez, garrantzitsuak dira liburu honen lurraldeko eskualde bateko edo gehiagoko paisaian. Horiek ere talde honetan sartu dira, salbuespen gisa.
  • Endemismoak eta banaketa-eremuen mugak: oro har, gakoen egileek iruzkin laburren bidez ohartarazi dute obra honetan aipatzen diren landareetariko asko eremu txikiko endemismoak direla edo liburu honen lurraldean dutela euren banaketa-eremuaren muga.

Aurrean esan duguna hobeto ulertzeko, azter ditzagun 10 atalok gakoetako iruzkinetan agertzen diren moduan, adibide baten laguntzarekin.

BETULACEAE familian, Betula generoaren gakoak landare honetaraino eraman gaitu:

B. alba L. [B. pubescens Ehrh., B. celtiberica Rothm. & Vasc.] Urkia. Fanerof. er., 10-20 m. IV-V. Batzuetan zuhaiztiak eratzen ditu, baina gehienetan sakabanaturik dago pagadi, harizti eta baso mistoetako soiluneetan, zohikaztegien ertzetan eta mendi-erreken bazterretan; Si; 0-1500(1800) m. Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. Eur.

Hona hemen adibide horren atalak:

  1. Izen zientifikoa. Onartu den izen zientifikoa B. alba da eta izenaren sortzailea L. da (Carl von Linné-ren laburdura).
  2. Sinonimoak. Sinonimoak B. pubescens Ehrh. eta B. celtiberica Rothm. & Vasc. dira, eta kortxete artean ageri dira.
  3. Izen arruntak. Izen arrunta urkia da.
  4. Forma biologikoak. Forma biologikoa Fanerof. er. da (fanerofito hostoerorkorra).
  5. Tamaina. Tamaina 10-20 m da (normalean, gutxienez 10 metro garai eta gehienez 20 metro garai da).
  6. Fenologia. IV-V (landarea apirilean eta maiatzean loratzen da).
  7. Habitata eta garaiera-mugak. Paragrafo honetan azaltzen dira: Batzuetan zuhaiztiak eratzen ditu, baina gehienetan sakabanaturik dago pagadi, harizti eta baso mistoetako soiluneetan, zohikaztegien ertzetan eta mendi-erreken bazterretan; Si; 0-1500(1800) m.
  8. Banaketa eskualdeka. Honela adierazten da: Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. (lurraldeko lau eskualde aipatu dira, landarea horiexetan bizi baita).
  9. Maiztasun-ugaritasun indizea. Aurreko atalean ikusi dugun bezala, maiztasun-ugaritasun indizea eta eskualde-banaketa batera azaltzen dira: Haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: U; tarteko eta hegoaldeko mendiak: B. (Haran atlantiko eta iparraldeko mendien ondoren dagoen U horrek esan nahi du landareak bi eskualde horietan maiztasun-ugaritasun indize bera duela, alegia, urria edo maiztasunugaritasun txikikoa; tarteko eta hegoaldeko mendien ondoren dagoen B horrek esan nahi du landareak bi eskualde horietan maiztasun-ugaritasun indize bera duela, alegia, bakana edo oso maiztasun-ugaritasun txikikoa).
  10. Banaketa orokorra. Gure adibidean Eur. laburdurak adierazten du banaketa orokorra (gorago azaldu dugu laburdura horren esanahia).

Komentariorik ez..