Skip to main content

Esker onez

inaxio·k

2019/11/14 - 20:18

6 klik

Obra honen editoreek ezer baino lehen gogora ekarri behar dute euren aurretik beste botanikari batzuek lan eskerga egin zutela, oso bitarteko xumeak erabiliz sarri askotan. Horregatik, eta gainerakoak inola ere gutxietsi gabe, ohore dute gorazarre egitea J. Prévost aitzindari ia ezezagunari, X. de Arizaga botanikari handiari, jaiotzez Errioxako semea eta adopzioz arabarra, eta Pirinio atlantikoetako landareei buruzko ezaguerak biltzen jardun zuen M. Blanchet-i.

Gaurko botanikariei dagokienez, editoreetako batzuek zorionez irakasle izan dute Pedro Montserrat jauna, Iberiar Penintsularen iparraldean gaur egun lanean ari diren botanikari askoren maisua.

Ezin baliotsuagoak gertatu dira Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko Javier Elorza, Santiago Patino (langile aspergaitza) eta Javier Valencia adiskideek osatutako landare-bilduma zabalak. Juan Manuel Pérez de Ana laguntzaile fina izan dute hainbat aldiz.

Eskerrak bihotzez Juan Manuel Aparicio eta José María Pérez Dacostari, belarrak biltzen urteetan egin duten lan isilagatik. Haien orriak gehituta nabarmen aberastu da VIT herbarioa, batez ere landare erruderalen sailean.

Juan José Gómezek, botanikarien hainbat lan informatizatuz, ezinbesteko laguntza eman digu. Ángel Besgak zeregin zehatz eta neketsua hartu du bere gain: antzinako aipamenetako datu geografikoak osatzea, bakoitza bere U.T.M. koadrikulan kokatuz. Aurretiazko zeregin hori bete ez balitz Carlos Aseginolazak ezin izango zituen informatikako tresnen bidez garatu gakoen egileek lanerako erabili dituzten banaketa-mapak.

Gloria Gurayak isilik eta eskuzabaltasunez bete du bere lana. Beti laguntzeko prest eduki dugu, hainbeste datu liburuki batean atontzeko prozesu informatiko korapilatsu horietan. Rafael Lamarca uneoro gogotsu aritu da jatorrizko marrazkiak eskaneatzen. Félix Muñoz Garmendiak eskuizkribuetariko batzuk berrikustearen mesedea egin digu, bibliografia guztiz baliagarria eskaintzeaz gainera.

Atsegin handiz aipatuko ditugu erakundeen edo norbanakoen herbarioetatik materiala biltzen lagundu diguten pertsonak. Jean Vivant-i aipamen berezia zor diogu, eskura jarri baitizkigu bere herbario bikaina eta fitxategi oparoa. Beste hauek ere laguntzaile zintzoak izan ditugu: Juan Antonio Alejandre, José Luis Benito, Juan Erviti, Daniel Gómez, Mercedes Herrera, Mikel Lorda, Luis Miguel Medrano, Javier Peralta eta Mauricio Velayos.

Esker onez gogoratu nahi ditugu bi erakunde egileak, Arabako Natur Institutua eta Aranzadi Zientzi Elkartea, eta bai erakunde laguntzailea ere, Arabako Natur Zientzien Museoa. Erakundeok eman dizkiguten bitarteko tekniko eta materialak gabe ez zegoen obra hau egiterik.

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek babestu dute obra hau. Bihotzetik eskerrak ematen dizkiegu taldearengan uste osoa izateagatik eta denon lana diruz laguntzeko egin duten ahaleginagatik.

Azkenik, desio bat azaldu nahi dugu: obra hau baliagarria gertatuko ahal zaio, akats eta guzti, landareak ezagutzen ahalegintzeko beste maite dituen orori.

Komentariorik ez..