Skip to main content

Tratamendu taxonomikoa

inaxio·k

2019/11/14 - 20:18

5 klik

Landare baskularrak ditugu aztergai liburu honetan. Landare baskularrak betidanik talde handi hauetan banatzen dira: Pteridofitoak, Gimnospermoak eta Angiospermoak (azken talde horretan Kotiledoibikoak eta Kotiledoibakarrak sartzen dira).

Taxonomiako familia eta genero mailetan, eremu geografiko zabaleko obrek dakartzaten irizpideak erabili ditugu beti ere.

Pteridofitoetan (iratzeak eta kidekoak) Checklist of European Pteridophytes (Derrick, Jermy & Paul, 1987) katalogoko irizpideei eutsi diegu, liburu honen lurraldeko 18 familien kontzeptua, eduki generikoa eta ordena taxonomikoa erabakitzerakoan.

Era berean, Gimnospermoetako 4 familietan, Med-Checklisten (Greuter, Burdet & Long, 1984) lehen liburukiaren ildoari jarraitu diogu, obra horrek Mediterraneoaren ertzetako herrialde guztietarako balio baitu.

Angiospermoen taldea da ugaritsuena: liburu honen lurraldean baditu 140 familia. Bada, talde horretarako, inongo salbuespenik gabe hartu dugu oinarri Cronquist-en mundu eremuko lana (1981), An integrated system of classification of flowering plants, familien kontzeptua, edukia eta ordena taxonomikoa zehazteko orduan. Generoetarako, berriz, Med-Checklisten liburuki argitaratuetan edo, horien ezean, Flora Europaea ezagunean erabilitako irizpideari jarraitu diogu. Salbuespen aipagarri bakarra Hieracium genero kritikoarena da; gaurko botanikari gehienek onartzen dute genero hori Hieracium eta Pilosella generoetan banatu behar dela. Arestian aipatutako Flora Europaea obran bezalaxe ordenatu ditugu generoak familia bakoitzean. Espezie eta subespezie mailetan (eta inoiz barietate mailan ere bai), irizpide taxonomikoaren eta nomenklaturaren arduradunak familien editoreak eurak (edo generoen gakoen egileak) izan dira.

Komentariorik ez..