Skip to main content

Landaredia eta flora

inaxio·k

2019/11/14 - 20:18

7 klik

Ingurune fisikoan dauden faktore horiez gainera, historiako bilakaera luzeak moldatzen du leku jakin bateko landaredia. Oro har, esan genezake Europako mendebaldeko landaredia nahikoa berria dela. Izan ere, Koaternarioko glaziazioetan klima aldaketa handiak gertatu ziren. Aldi hotzetan landaredia murriztu egiten zen, gaur egun latitude borealetan aurki dezakeguna bezalakoa izan arte, eta aldi epeletan, berriz, izotzak urtzen zirenean, hegoaldean babesturik zeuden landareek berriz ere kolonizatzen zituzten iparraldeko lurrak.

Horren ondorioz, gurean zuhaitzek osatzen dute gehienbat oraingo landaredia. Espezie nagusiak fagazeoak, haritzak eta pagoak dira iparraldean, eta erkametzak, arteak eta abaritzak hegoaldean; aldiz, koniferoak, beste leku batzuetan hain ugariak, hemen urri samarrak dira: Aleppo pinudiak ditugu Ebro Haranean, pinu gorria Pirinioen hegoaldeko mendien eta Kantabriar mendien adarretan, eta mendi-pinua Pirinio garaian. Berezko ustiapena, belarjaleen ustiapena eta azken milurtekoetan giza espezieak egin duen lanketa gero eta trinkoagoa direla bide, jatorrizko basoak ia erabat itxuraldatu dira Europako eta Euskal Herriko eremu zabaletan.

Horrenbestez, hegoaldeko paisaian lehorreko eta ureztatutako laboreak dira nagusi, eta iparraldean, berriz, larre erdi-naturalak eta konifero exotikoen sailak txandakatzen dira. Naturalak edo ia naturalak diren zuhaiztiak azken urteotan nabarmen suspertzen ari dira; hainbat arrazoirengatik (erliebe malkartsua, klima gogorra, lur antzua) nekazaritzarako balio ez duten tokietara mugatzen dira, ordea.

Landarediari dagokionez, Euskal Herriko disimetria, zentzuzkoa denez, bat dator banaketa eremu euro-siberianoa duten landareen nagusitasunarekin iparreko erdian, eta banaketa mediterraneoko landareen nagusitasunarekin hegoko erdian.

Elementu korologiko europarra hegoaldetik Iberiar Penintsularaino hedatzen da eta ondo ordezkaturik dago kantabria aldean. Europa erdialdeko ohiko landareekin batera alderik euritsu eta epelenean elementu berezi bat azaltzen da, elementu atlantikoa hain zuzen. Europako kostaldeko lurraldeetan iparretik hegoraino hedatzen da elementu hori.

Beste muturrean, Ebro Haranak espezie mediterraneoen sarbide eta kokagune garrantzitsua izan da. Nahiz eta haran horretan egon landare mediterraneoen iparraldeko muga, Mediterraneoaren ertzetako lurraldeetako ohiko landare asko eta asko bizi dira bertan.

Hala ere, badira kasu bitxiak, landarediaren historiaz mintzatu garenean aipatu ditugun aldaketa klimatikoen zantzuak agerian jartzen dizkigutenak. Haran atlantikoetan gutxienez ere aipagarria da artadien hedadura. Gaurko klimaren ezaugarriei erreparatuz gero, harrigarria ere bada bertan aurkitzea espezie mediterraneo peto-petoak, are zuhaitzak ere. Gartxua (Phillyrea angustifolia), abaritza (Quercus coccifera) eta basolibondoa (Olea europaea subsp. oleaster) ezin izan litezke gaurkoaren aldean bestelako klima izan zuten garai iraganen aztarnak baizik. Beste horrenbeste esan daiteke Portugaleko erramua (Prunus lusitanica) edo ereinotza (Laurus nobilis) bezalako Makaronesia aldeko landareez. Berauek, Culcita macrocarpa iratzea eta beste landare batzuk bezala, antzina bateko klima subtropikalen lekuko dira.

Antzeko zerbait gertatzen da klima hotzek utzitako aztarnekin; elementu boreo-alpetarra ageri-agerikoa da Pirinioetako mendietan, baina lurraldearen erdialdeko mendi apaletan ere ez dira falta eskualde hotzagoetan eta gure latitudeko mendi garaiagoetan bizi ohi diren landareak; Diphasiastrum alpinum, Epilobium angustifolium, Geranium cinereum, Viola biflora, Saxifraga oppositifolia, Cicerbita plumieri eta horrelakoen presentzia ezin uler daiteke oraingoa baino aro hotzagoetako erlikiak direla onartu ezik.

Endemismoei dagokienez, genero nahiko egonkortuetan ez da adibide argirik falta: Arenaria vitoriana, Armeria euscadiensis, Geranium endressii, Saxifraga hariotii eta abar. Baina, batez ere, adibideak ugari dira bilakaera biziagoan ari diren eta sistema genetiko espezializatuak dituzten taldeetan, esate baterako, Alchemilla, Hieracium, Rubus edo Taraxacum generoetan.

Azkenik, azpimarratu behar da gizakiaren eragina ez dela tokian tokiko landaredian bakarrik sumatzen. Horrez gainera, gizakia izan da landareak munduan zehar hedatu dituen agenterik eraginkorrena. Euskal Herriko landareen %10 nahita edo oharkabean sartutako landare arrotzak dira. Kopuru hori, garrantzitsua izanik, Europako zenbait herrialdetakoa baino askoz txikiagoa da.

Komentariorik ez..