Skip to main content

Ingurune fisikoaren ezaugarriak

inaxio·k

2019/11/14 - 20:18

5 klik

Ingurune fisiko edo bizigabearen ezaugarrietatik hiru erabakigarriak dira landareek luzaroan iraun ahal izan dezaten: klima orokorra, erliebeak moldatutako toki-klima eta substratua.

Klima da eskualde batean zeintzuk landare bizi izan daitezkeen eta nola banatuko diren erabakitzen duen faktore nagusia. Klima orokorrak zuzeneko lotura du lurraldearen kokaera geografikoarekin, eta mundu mailan diharduten aldagaien arabera aldatzen da, hala nola, atmosferako zirkulazioa, eguzkiirradiazioaren tasa edo ozeanoetarainoko distantzia. Klima orokor nagusiak hainbat aldaera hartzen ditu barnean, besteak beste eskualde-klimak eta toki-klima edo mikroklimak; azken horietan erliebeak eragin nabarmena du, plubiositatea eta tenperatura aldarazten baititu alde batetik bestera. Liburu honetako landarediaren lurraldea ipar hemisferioko alde epelean dago, urtaro hotzak eta beroak txandakatzen diren latitudean. Golkoko Korronte ozeaniko hurbilak tenperaturak ematzen ditu; atmosferako zirkulazio nagusia ipar-mendebaldetik dator eta Ozeano Atlantikoan sortzen diren hodei fronteak ekartzen ditu.

Orografiaren eta toki-klimaren arteko kausa-ondorio erlazioaren adibide garbia dugu Euskal Herria. Fronte atlantikoek isurialde atlantikoan hustutzen dute euria, alegia, iparraldeko haranetan eta lehenengo mendi-adarretan; azken horietan urteko prezipitazioa 2.000 l/m2-tik gorakoa ere izan daiteke; fronteok indarra galtzen dute hegoalderantz egin ahala eta ia deseginik heltzen dira Ebro Haranera. Bertako klima argitsua da eta urteko euriak 500 l/m2-ra ere ez dira iristen. Ziertzoak, haranean behera etengabe jotzen duen haizeak, idortasuna areagotu egiten du.

Iparraldetik hegoaldera plubiositatean dagoen alde hori, garaiera desberdineko tokien artean tenperaturan nabari da. Beterrian tenperaturak gozoak dira, izozte gutxirekin, eta urtean zehar bakanak dira elurra egiten duen egunak. Garaiera handitu ahala elurra gero eta maizago egiten du eta tenperaturek behera egiten dute.

Mendikate korapilatuak eta ordoki estuak eta zabalak dira lurralde honen erliebearen ezaugarriak. Hiru alde fisiografiko nagusitan banatuko dugu, horrela xehetasun garrantzitsuren bat edo beste albora utzi beharko badugu ere: iparraldean Haran Atlantikoak (testuan letra handiz izendatuko ditugu aztergai dugun lurraldeko eskualde naturalak), hegoaldean Ebro Harana, eta bi alde horien arteko zubi gisa, mendikateak eta tarteko arroak.

Haran Atlantikoetako erliebea gorabeheratsua da oso. Muino eta mendi txiki asko daude eta ezin konta ahala erreka eta ibai jaisten dira mendietatik. Ipar-ekialdera, Landetako Departamenduan jadanik, erliebea leundu egiten da.

Ebro Haranean, aldiz, erliebea garbiago egituratuta dago, hego-ekialderantz gero eta zabalagoa den sakonune nagusiaren inguruan eta iparraldetik Ebrora datozen ibaiadarren haranetan. Ordokiekin tartekaturik muino biribil edo zapalen lerro luzeak daude.

Bi alde horien bitartean mendi-multzo handiak ditugu, erdi aldean nahikoa apalak (Aizkorri da altuena, 1.544 metro dituela) eta askoz garaiagoak ekialdeko muturrean, hau da, Pirinioen azken adarretan (Auñamendi, 2.504 m) eta mendebaldeko muturrean, Kantabriar Mendikateko lehenengo gailurretan (Valnera, 1.720 m). Haran eta arro gutxi-asko zabalek bereizten dituzte mendikateok.

Substratuari dagokionez, lurzoruaren garapen gradua eta osaera erabakigarriak izaten dira leku batean landaredia nola garatu den ulertzeko. Landare gehienek nahiago dute ingurunean elementu eta konposatu jakin batzuk egotea edo ez egotea, adibidez, kaltzioa, igeltsua edo beste gatz batzuk. Are gehiago, beste landare batzuentzat toxikoak diren inguruneetara ohitu diren landareak ere badira (gatz kontzentrazio handira, igeltsura, lur azidora etab.). Dena dela, hainbat dira landare jasankorrak, hau da, ezaugarri jakinak dituzten lurrak nahiago izan arren bestelako lurretan ere bizi daitezkeenak.

Lurralde honetako substratuetan margak eta kareharriak dira nagusi, isurialde atlantikoan euri ugariek garbituta. Horiez gainera, baditugu aro geologiko guztietako substratu silizeoak, Aiako HarriaBortzirietako eta Aldude-Kintoko mendi-multzo paleozoiko handietatik hasi eta iparraldeko kostako hondartza koaternarioetaraino. Elementu berezien artean azpimarratzekoak dira itsasoko ur gaziak bustitzen dituen itsasertzeko substratuak eta Ebro Haraneko igeltsu tertziarioak.

Komentariorik ez..