Anbotok Arrazola aldera Euskal Herriko hormarik garaiena omen du: 1100 m. Bide ezberdinak daude tontorrera iristeko. Jarraian azaltzen dena zuzenenetako bat da. Tontorretik iparraldera amiltzen den Anboto Sakona izeneko bailara aldapatsuaz baliatzen da tontorrera gerturatzeko, eta ondoren ipar-ekialdeko aurpegira pasatzen da azkeneko metroak bertatik egiteko. Tontorrera igotzeaz gain, ibilbide honek Mariren koba bisitatzeko aukera eskaintzen du, ibilbidetik zertxobait desbideratuz gero.
ARRAZOLA (235 m.)
Arrazolako herrigunetik habiatuta, berau inguratzen duen errepidean behera egingo dugu metro batzuk. Eskuinetarako bihurgune zabal baten bukaeran, errepide hau utzi eta Aurrekoetxe, Beti eta Aldeko baserrien eskuinetik doan bidea hartuko dugu. Bide hau hilerriaren ondotik pasatzen da, eta Anditze baserrian bukatzen da. Baserri hau baino pixka bat lehenago, langa zeharkatu eta bidezidor batean gora egingo dugu telekomunikazio antena batetara iritsi arte.
Gorantz doan bidetik jarraituko dugu. Ibilbide labur baten marka txuri-horiak daude. Bide honek, aldapa gutxirekin eta Anboto beti ezkerrean dugula, haitzezko hormetara gerturatuko gaitu.
ANBOTO SAKONA
Gaztainadi batetara iristerakoan (40’), bidegurutze batekin egingo dugu topo: bidea jarraituz ezkerrera Anbotora (1h20’); eskuinera Larranora (50’). Toki honetan, Anboto Sakona izenaz ezagutzen den bailara aldapatsuaren barrenean gaude. Bailara honetan gora egin behar dugu ia tontorreraino.
Bideari jarraituko diogu beraz, ezkerrerantz. Tarte lau baten ondoren bideak eskuinerantz egiten du aldapan gora. Hemendik aurrera bidea ez dago hain zapalduta, baina tarte batean arazorik gabe jarraituko dugu sigi-saga igotzen.
Zertxobait gorago bidea bidezidor bihurtzen da. Frailia haitzaren gainaldera doan bidea alde batera utzita zuzen gora jarraituko dugu. Sigi-saga amaigabean altuera irabaziz joango gara, harik eta bidezidorrak ezkerrerantz egiten duen arte, gandorra gainditu eta ipar-ekialdeko aurpegira pasatzeko (1h50’). Tarte honetan, asko nabarmentzen ez den bidezidorra eta haitzetan dauden markak arretaz jarraitzea komeni da, bide aproposenetik ibil gaitezen.
IPAR-EKIALDEKO AURPEGIA
Ipar-ekialdeko aurpegian gaudela, bi aukera ditugu, zuzenean tontorrera igotzea, edo aurretik Mariren koba bisitatzea. Mariren kobara joatea erabakitzen badugu, ekialderantz joko dugu gutxi antzematen den bidezidor bat jarraituz, ipar-ekialdeko aurpegia alderik alde zeharkatzeko. Hasieran metro batzuk jaitsiko ditugu, baina ondoren tarte lau bat izango dugu haitz leun baten azpialdetik goazela.
Tarte hau kobazulo baten ahoan bukatzen da. Hau ez da Mariren koba, hego-ekialdeko aurpegira igarotzea ahalbidetuko digun berezko pasabide bat baizik. Gerriko koba du izena. Kobazuloa zeharkatuta, erabat bertikala den hego-ekialdeko aurpegiaren erdian dagoen erlaitz batean aurkituko dugu gure burua, Artaungo Sakona izena duen bailaratxoa baino 200 edo 300 metro gorago.
Erlaitzean aurrera egiten duen bidezidor estutik jarraituko dugu. Pasarte txar bat bakarrik dago. Ikusi ez arren antzematen den altuerak zirrara eta beldurra eragiten badigu ere, helduleku onak daude, eta kontu pixka batekin arazorik gabe gaindituko dugu.
MARIREN KOBA (2h10’)
Erlaitzetik jarraituz laster Mariren kobara iritsiko gara. Misterio eta magiaz betetako tokia. Ohiturek eta antzinako sinesmenek agintzen duten bezala kobazuloan aurreraka sartuko gara, eta atzeraka irten, Mariri begirunez.
Etorritako bide beretik itzuliko gara Anboto Sakona eta ipar-ekialdeko aurpegiaren arteko gandorra harrapatu dugun tokira arte (2h30’), eta orain bai, zuzen gora egingo dugu minutu gutxiren buruan Anbotoko tontorrera iritsiz.
ANBOTO (1331 m.; 2h50’)
Itzulera bide ezberdin batetik egingo dugu. Lehenik eta behin Anbotoren hegoaldean dagoen Zabalaundi edo Anbotoste lepora jaitsiko gara. Horretarako tontorretik ekialderantz joko dugu, Zabalaundirantz jausten den malda malkartsuari begira, harri-pila batzuekin eta marra gorriz adierazita dagoen bidezidorra aurkitu arte.
Oso jaitsiera aldapatsua da, eta pausu bakoitzak arreta handia eskatuko digu. Bustia baldin badago arriskutsua izan daiteke. Aldaparen erdi aldean, bide bazterrean kobazulo txiki bat aurkituko dugu. Ez da beste munduko ezer, baina ezkutuan dagoen zerbait aurkitzen lagunduko digu. Oso gertu dugun gandorrera urreratzen baldin bagara, gandorra alderik alde zeharkatzen duen eta hego-ekialdeko aurpegira begiratzen duen Bentaneta begia aurkituko dugu.
ZABALAUNDI (880 m.; 3h30’)
Zabalaundi lepora iristean, aterpera gerturatu gabe, ezkerrerantz doan bidetik joko dugu, haitzen barrenetik. Tarte labur batez pagadi bat zeharkatuko dugu, eta ondoren, Andasto Anbotorengandik banatzen duen bailararen ikuspegi ederra eskainiko digun haitzezko irtenune batetik pasatuko gara.
Bidezidorrari jarraituz Anbotoren hego-ekialdeko aurpegiaren azpialdetik pasatuko gara, Artaungo Sakonatik, alegia. Mariren kobaren bila gorantz begiratuko dugu, lehen nondik ibili garan antzeman nahian. Bentaneta begia aurkitzen errazagoa izango zaigu.
Zertxobait aurrerago ipar-ekialdeko aurpegira pasatuko gara, eta aldapa handiagoarekin jaisten hasiko gara, sigi-saga, haitz, belar eta txilarrez estalitako maldan behera. Arrazola begi bistan dugu.
Aldaparen barrenean langa bat gainditu eta zenbait zuhaitzez babestutako lepo txiki batetara iritsiko gara. Ezkerrerantz bide bat abiatzen da. Bertatik joko dugu, eta laster Atxekoa baserrira irtengo gara. Maldan behera errepidea jarraituz minutu gutxitan Arrazolara iritsiko gara ibilaldi eder honi bukaera emanaz (4h30’).
Komentarioak
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig
Gehi Izpizte eta Andasto
JFdeA·k bidalia 2008·ko Urriaren 20·an - 10:49etan·an
Anbotorako igoera eta jaitsiera zoragarri horri.
Zoragarria arrazoi ezberdinetatik. Bat, esaterako, igande honetan gorantz nihoala artzainekin topo egin nuen aldapa malkartsu horretan. Gogorarazi ninduten Careseko artzainak.
Zabalandira helduta animatzen zaituztet Izpiztera jotzea. Bertatik bertara dago, eta Aramaio bailaraz gozatzeko aukera paregabea ematen du.
Buelta Andasto bailarako galtzada zaharretik eginez gero, aintzinako pagadiaz disfruta ahal izango duzue, eta udazkenean izanik are eta gehiago.
Guztira bost bat orduko ibilaldia da.