GR 123 - 1. etapa: Plentzia - Bakio ibilbidea

Jose·k

2012/11/11 - 11:06

3089 klik
Abiapuntua: Plentzia
Zailtasuna: Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua:1150 m
Eskema: Plentzia - Ermua - Armintza - Urizarmendi - Jata - Bakio
Luzera:22.80 km
Iraupena: 6 ordu
Ibilbide mota: Ibilbide luze bateko etapa

GR 123 Bizkaiko Biraren 1. etapa Plentziatik abiatzen da, eta Bakio du helmuga, hiru tontorretatik pasa eta gero: Ermua, Urizarmendi eta Jata. Mendi apalak izan arren, ibilbideak gorabehera asko ditu, eta ondorioz kostaldeko etapen artean gogorrena dela esango nuke.

Nahiko asfalto gutxi zapaltzen da. Mendi bide erosoak jarraitzen dira gehienean. GRaren seinale gutxi batzuk baino ez daude (2012ko udazkena), eta GPSaren laguntza eskertzen da zenbait tartetan.

Lehenengo kilometroak lauak dira, Plentziako herrigunean zehar Butroe ibaia jarraituz eta Astondoko hondartzaren ertzetik Gorlizeko badia inguratu arte. Ondoren, amildegien lerroa jarraituz zenbait gorabehera gainditu behar dira, Billaroko itsasargira eramaten duen errepidera irten arte. Tarte honetan, bai Gorlizeko badiaren, bai eta itsaso zabalaren ikuspegi ederrez ere goza daiteke. Itsasargiaren aldamenetik abiatzen den bidezidor aldapatsu batek Ermuako tontorrera eramaten du.

Armintza arrantzale herrixkan itsas mailara jaisten da ibilbidea, eta bide aldapatsu bat jarraituz pinu eta eukalipto artean itota eta batere ikuspegi gabe dagoen Urizarmendiko tontorrera igotzen da.

Urizarmenditik jaisterakoan ibilbideak ez du altuera asko galtzen, hurrengo tontorra den Jatarekin lotzeko beharrezkoa dana baino ez. Jatara igoeraren lehenengo partean zaila da bide egokia aurkitzea, baso lanek bide berriak sortu eta zaharrak ito baitituzte. Lehenengo Jata Txikira eta ondoren Jata Handira igotzen da. Tontorreko ikuspegi ederrak nekea arintzen laguntzen du, egindako bidea begiz errepikatzean.

Jaitsiera aldapatsu batek San Migel ermitara eramaten du, eta ondoren errepidea jarraituz Bakiora jaisten da, ibilbideari amaiera emanez.

Wikiloc IDa: 3591990
Jata hegoaldetik ikusita
Bidean ikusi beharrekoak:
Arrastoa:
EranskinaTamaina
gr_123_01_plentzia_bakio.gpx185.54 KB

Komentariorik ez..