Ez dago zailtasunik, bidea markatuta dago, ez da luzea (oso aldapatsua bai, ostera), baina pinu arteko ibilbidea da, batere erakargarritasunik gabea.
Markinan, Xemeingo eleizaren ondotik abiatzen da; inguruan dago, baita, Lea-Artibai ikastetxea.
Xemeingo eleizaren eskuma aldetik abiatu, baserri artean irteten den porlanezko bidetik. Hasieran dagoen kartelak "Akarregi 45'" ez du zalantzarako aukerarik uzten. Bide osoa dago PR BI-22-aren marka hori-zuriekin markatuta.
Irten eta laster (5'), porlanezko bidea utzi eta ezkerrera irteten den pista hartu, baserri berri bat ezkerretik inguratuaz gora doana.
Aldapa gogorra da lehen lepotxo bateraino (27'). Gailurreriatxoaren ezkerretik jarraitzen du bideak, beste lepo bateraino (35'). Hemen, Etxebarriatik datorren porlanezko pista batekin bat egin eta bertatik jarraitzen du bideak lepo berri bateraino (42'). PR-a utzi eta ezkerreko bidea hartu (kartela dago: Akarregi 6'). PR-az kanpoko azken zati hau ere marka hori txikiz markatuta dago.
Berehala, gurutze bat azaltzean, bide hau ere utzi eta ezkerretik, pinu artean, gailurreriara irten, eta bertatik, eskumara tontorreraino. Buzoi txiki bat dago bertan.
Ikuspegia zabala da iparrera eta mendebaldera (kostaldea, Lekeitio, Otoio, Iluntzar, Bedartzandi, Urregarai, Oiz...), baina era bat dago ixtita hego eta ekialdera.
Pinu artean doan ibilbideak berak ez du inolako interesik, tartean behin eta tontorretik dagoen ikuspegia izan ezik.
Ez dut ibilbide honen inguruko erreferentzia idatzirik aurkitu; inguruko PR eta abarrak Eusko Jaurlaritzaren Lea-Artibaiko mapan adierazita daude.
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig