Monumentu megalitiko motak

Trikuharria
Trikuharria hilobia da, hildakoen gorpuak jaso eta babesteko eraikitako egitura. Harri handiz osatutako kamara da bere funts nagusia; zutikako harlauza batzuk osatzen dituzte kamararen hormak eta gainean estalki moduan ezarritako beste batek (gehienetan bakarra da, baina bat baino gehiago ere izan daitezke) ixten du kamara. Egitura hori zoruan partzialki sartua egoten da, eta harri xeheagoz eratutako tumulu batek inguratzen du. Badira hainbat aldera egiturari dagokionean, baina Euskal Herrian aipatutakoa da ugariena. Gutxi dira ordea gaur egun arte osorik iraun dutenak eta zaila izaten da batzuetan antzematen ere monumentuaren izaera trikuharria dela.
Duela 7000 eta 4000 urte artekoak dira gehienak (Neolitiko amaiera / Kalkolitikoa). Ugaria da Euskal Herrian, eta baita Europako mendebalde osoan eta munduko beste hainbat bazterretan ere, baina ez dago berdin banatuta herrialde guztietan eta bere itxura ere ez da berdina leku guztietan. Ekialdean ugariagoak dira mendebaldean baino, esaterako, eta landuagoak, monumentalagoak nekazal eremuetan mendialdean baino.

Harrespila
Harrespila hilobia da gehienetan, eta lurrean sartutako zutikako harriz osatutako eremu borobil batek eratzen du bere ageriko egitura. Eremu horren erdian harriz eratutako zista edo kamara txiki batek jasotzen ditu hildakoen gorpuen errautsak. "Cromlech" esaten den monumentu bera da eta "mairu-baratz" ere esaten zaio Euskal Herriko zenbait eskualdetan. Neurriak oso aldakorrak dira eta, ondorioz, harrespila osatzen duten harri kopurua ere bai.
Ez dago trikuharria bezainbeste zabalduta geografikoki eta bere itxura ere aldatu egiten da batetik bestera. Euskal Herrian nahiko ugariak dira esaterako Ekialdean, Pirinio aldean bereziki, eta oso urria Mendebaldean (eta neurri txikiagokoak gainera). Oso gutxi dira Oria ibaiaren mendebaldean aurkitutakoak.
Gehienak duela 4.500 eta 3000 urte artekoak dira (Brontze Haroa).
Azken urteotan mendietako larreak berritzen eta basogintza lanetan erabilitako makineria handiak harrisku berriak ekarri dituzte monumentu hauen iraupenerako, erraz gelditzen baitira belar, sasi edo iratzearen azpian ezkutatuta.