Gipuzkoa

inaxio-k sortua, 2003, abendua 26 - 01:00
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Landerbaso

Astigarraga, Errenteria eta Oiartzungo errepideak batzen dituen Astigarragako Bentatik gora egin behar dugu, Listorretako parkeraino. Errepidea amaitzen den lekuan porlanezko pista zabal batek Idoiako leporaino eramango gaitu, Susperregi jatetxeraino: ez dago handik aurrera autoz jarraitzerik.
Jatetxearen gainean bertan dagoen mendia da Aldura eta zuzenean igo daiteke tontorreraino, baina askoz ibilbide entretenigarriagoa egin daiteke itzulinguru bat eginez igoz gero.
Mendia aurrez-aurre dugula ezkerraldean dagoen eukalipto basoan barrena sartzen den xenda hartu behar dugu, aurrean daukagun aldapa nabarmena saihestuz. Behera egiten du lehendabizi bideak eta gora gero, errekasto bat pasa eta pinudian sartuta. Bihurgune batzuen ondoren pagadian gora egiten jarraitzen du, Aldura baserriaren inguruko lepora heldu arte. Porlanezko pista batekin egingo dugu topo bertan. Hemendik ere igo gaitezke tontorrera, hamar minututan, aldapan gora abiatzen den xenda hartuta, baina aukera hau ere baztertu eta Aldura baserriaren paretik pasatzen den pista zabalari helduko diogu, pagadian barrena.

inaxio-k sortua, 2003, abuztua 20 - 00:00
Kategoriak Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Aritxulegi

Ibilbidea Arritxulo aterpetik abiatzen da, Oiartzun eta San Antongo urtegiaren artean dagoen mendateko tunelaren parean. Ibilbidearen azalpena bera luzea da, baina ez bidea hala delako, bidea nahasi samarra gerta daitekeelako baizik.
Oiartzun aldetik tunelera sartu baino lehen eskubi aldetik gora abiatzen den pista hartu behar da eta hari jarraitu aterpe libre txiki batera heldu arte. Han ezkerretara joko dugu, alanbre hesiari jarraituz, lehenengo haitzaren azpi aldera. Hara iristean horma eskubi aldean utzi eta zehar bide bati jarraituko diogu (iturri txiki bat bada bidean), minutu pare bat beranduago larre zabalago batera helduz. Han letrero batek erakutsiko digu goranzko bidea, eskubitara, aldapari aurre eginez, edo Arditurri aldera jotzen duen bidea, zuzen jarraituz. Eskubi aldera jo behar dugu, aldapan gora, haitzari begira berriro ere. Xendak hormara eramango gaitu eta hura gainditzeko lekurik aproposena erakutsiko digu, zailtasun handirik gabe. Nahi izanez gero pasarte hori saihestu daiteke, lehenago ezker aldera jotzen duen xenda aukeratuz. Bide biak elkartzen dira goraxeago, Erroilbide nagusi ageri den larre zabal batean. Haitzari begira jarrita, beregana jo behar dugu, pinudian sartuz.