Lezaun

Lezaun
Lezaun leizea ©inaxio
UdalerriaZiordia

Mendebalderago dagoen Eginoko Lezearen antzera, hainbat errekasto bildu eta Burunda aldeko karaitzezko hormatzarraren azpira daramatza haien urak, leize zulo zirraragarri batean behera. Leizearen ahoa handia da oso, altua, eta kontu pixka batekin 50 metro inguru barneratu daiteke arazo handirik gabe (kontuz, harriak oso irristakorrak dira), ilunpea nagusitu arte. Arreta pixka bat jarriz gero argia ere nabari da barrurago, baina ez da leizearen irteera, seguru aski aldameneko beste sarrera batetik sartzen dena baizik (gainean haitza urratzen ari den harrobi erraldoian egindako zuloa ez bada).

Bertara iristeko biderik errazenak Ibirigain aldeko hegian behera datozenak izango dira seguraski, baina Beorkolarreren iparraldeko lepotik behera ere jaitsi daiteke, beheragoko xenda batekin topo egin arte. Xenda horrek Beorkolarreko mendebaldeko hegia zeharkatzen du, harrobi gainera ateratzeko. Xendari jarraitu eta karaitzezko hormara gehiegi gerturatu baino lehen, bidez kanpo, beheko erreka-zokora jaitsi eta laster egingo duzue topo Lezaungo aho handiarekin.

Sarrera nagusiaren Ekialdean bada beste leize bat, ez horren handia, seguru aski sarrera nagusiarekin bat egiten duena. Eta haren inguruan beste hainbat leize edo koba txiki, karaitzezko horma handia zulatuz.

Irudiak