Burgüenora igoera iparraldeko mendi-bizkarrean zehar

Jose-k sortua, 2009, apirila 25 - 11:36
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Bizkaia, Burgos, Cantabria
ABIAPUNTUA La Escrita mendatea
Eskema La Escrita – Campo de Ribacoba – Burgüeno
Lotuta »CAMPAS DE RIBACOBA 1 (megalitoa) »E1 (megalitoa) »E4 (megalitoa) »E5 (megalitoa) »E6 (megalitoa) »Burgüenora igoera iparraldeko mendi-bizkarrean zehar (ibilbidea) »Burgüeno (mendi)
Gora-behera800 m
Luzera17 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Karrantza eta Villaverde lotzen dituen La Escrita mendatea eta Burgüenoren artean gorabehera gutxiko mendi-bizkar bat luzatzen da. Jarraian azaltzen den ibilbideak mendi-bizkar hori jarraitzen du Burgüenoren barrenean dagoen Campo de Ribacoba lepora iritsi arte, eta ondoren ezkerraldetik inguratzen du, beti igoera bide errazaren bila, tontorra hegoaldetik harrapatzeko.

LA ESCRITA MENDATEA (430 m.)

Ibilaldia La Escrita mendatetik bertatik abiatuko dugu, hegoalderantz doan bide zabala hartuta. Lehenengo muinoaren gainetik pasatu ondoren lepo batetara jaitsiko gara. Bide asko elkartzen dira lepo honetan. Zuzen xamar aldapan gora doan bidetik jarraitu behar dugu. Bide honek Jornillo izeneko muinoa eskuinaldetik inguratzen du, muinoaren osteko lepoan berriz ere mendi-bizkarra harrapatzeko.

Hegoalderantz jarraituko dugu, berriz ere beste muino bat, Ormaza, eskuinaldetik inguratzeko, eta Guspedal izeneko lepo zabal batetara iritsiko gara. Honaino ekarri gaituen bide zabala alde batetara utzita, hegoalderantz doan bidezidorrari helduko diogu, aurrez-aurre dugun La Vara muinora igotzeko. Nahiko aldapa gogorra da.

La Vara muinora igotzen garenean, mendi-bizkarrak hego-mendebalderantz eramango gaitu, altuera pixka bat galduz. Lepora iritsi baino lehen Zalduriz (E1) tumulua eskuinean utziko dugu. Alanbre-hesiaren ondotik hurrengo muinora igoko gara, Monte Linares (705 m.). Lau xamarra den gainalde honetan 2 tumulu (E5 eta E6) eta trikuharri bat (E4) daude.

Toki honetatik aurrera mendi-bizkarrak hego-ekialde norabidea hartzen du. Bere gainetik doan bidezidorrean zehar, muinoak eta lepoak tartekatuko ditugu, harik eta Campo de Ribacoba lepo zabalera iristen garan arte.

CAMPO DE RIBACOBA LEPOA (740 m.)

Karrantza, Villaverde eta Artzentaleseko udalerriak elkartzen dira lepo honetan, bertan diren 9 mugarriek adierazten duten bezala.

Burgüeno aurrez-aurre dugu. Baina oso aurpegi maldatsu aurkezten du alde honetara. Bide errazagoaren bila ezkerrerantz joko dugu, ekialderantz, eta berehala aurkituko dugu Burgüenoren ipar magala inguratzen duen bidezidorra, pixkanaka altuera irabaztea ahalbidetuko diguna. Basoak estalitako tarte bat zeharkatuta, Burgüeno eta Kolitza arteko mendi-bizkarrera irtengo gara. Gogoan hartu toki hau, jaisterakoan bidea topatu ahal izateko, ez baita oso nabarmena.

Menbi-bizkarrean gora mendebalderantz egingo dugu, Burgüenoren iparraldeko hegira iritsi arte. Tontorrera zuzen igo beharrean, ezkerraldetik inguratuko dugu, atzealdetik igotzeko. Beraz, hego-hego-ekialde norabidea duen bidezidorra hartuko dugu, txilar artean, hain aldapatsua ez den hegoaldeko magalera iritsi arte. Eta ondoren zuzen gora joko dugu, tontorraren bila. Tarte honetan ez da erreza biderik onena aukeratzea, ez baitago bidezidor nabarmenik, baina batetik edo bestetik iritsiko gara Burgüenoren tontorrera.

BURGÜENO (1.043 m.; 2h30')