Mapako edukiak aukeratu
Edukia erantsi
Zer erantsi nahi duzu?
Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.
Near targets
Ibilaldi honek Okororen hegoaldean dagoen Baserdiko bailara inguratzen du, hasieran Otsaberri eta Laztegi bezalako tontorretatik igaroz, inguruko garaienak diren Artsal eta Okorora igo aurretik. Mendizale asko ibiltzen ezten bidea da, baina xarma handikoa, ibilaldiaren zatirik handienean pagadi ederrak izango baititugu bidelagun.
Eugitik Artesiaga mendatera igotzen den errepidea hartuko dugu. Urkiagara doan errepidetik banatu eta 3 kilometrotara, gutxi gora-behera, eskuinerantz bide bat hasten dela ikusiko dugu. Autoa hemen utziko dugu, hau izango baita gaurko ibilaldiaren abiapuntua (773 m.).
Aipatutako bidetik hasiko gara igotzen, aldapa lasaiarekin. Laster bidegurutze bat aurkituko dugu, eta zuzen jarraituko dugu, ezkerrerantz jaisten den bideari jaramonik egin gabe. Gure ezkerrean, metro batzuk beherago, Baserdiko erreka dugu. Ingurua, Kintoako mendien magal eta bailara guztiak bezala basoz estalita dago, pagoak nagusi direlarik.
Aurrerago beste bidegurutze bat aurkituko dugu, eta orain ere eskuineko bidetik jarraituko dugu. Ezkerreko bidea Pilotasoro errekara doala dago idatzita errotarri batetan. Itzuleran bide horretatik etorriko gara.
Zertxobait aurrerago, adi! Orain arte jarraitu dugun bidea utzi eta eskuinerantz igotzen den bidezidor bat hartu behar dugu (25’). Metro batzuk gorago bidegurutze batekin egingo dugu topo. Eskuineko bidetik jarraituko dugu, honaino jarraitu dugun zentzua aldatuz, mendi magala ezkerrean hartuz, alegia.
Bistan da bide hau gaur egun ez dela oso erabilia, eta basoak janda dago ia, baina arazo barik jarraitu ahal izango dugu. Ondorengo bi bidegurutzeetan ezkerreko bidea hartuko dugu, eta horrela lepo batetara iritsiko gara. Hegoalderantz egingo dugu, lau xamar, zertxobait igotzen, beste lepo batetaraino (998 m.; 45’). Lepo honetatik hego-ekialderantz zelaigune bat luzatzen dela ikusiko dugu. Basoaren hertzean alanbre-hesi bat dago.
Ezkerrerantz joko dugu, ekialderantz, alanbre-hesia jarraituz, alde batetik zein bestetik. Mendi-bizkarrera igoko gara, eta hesia jarraituz hego-ekialderantz joango gara, tarteka basotik, tarteka larreetatik, mendi-bizkarretik beti.
Tontor apal baten ondotik pasatuko gara, Eskuñeta (1091 m.). Mendi-bizkarraren norabidea aldatzen doa poliki-poliki. Orain ekialderantz goaz, eta aurrerago ipar-ekialde norabidea hartuko dugu, beste tontor batetara igotzeko, Otsaberri (1131 m.).
Ipar-ekialderantz jarraituz Otsaberriko lepora jaitsi (1064 m.), eta berriz ere aldapan gora hurrengo tontorraren bila abiatuko gara. Bide guztian zehar bidelagun pagadia izan badugu ere, malda honetan izeiak aurkituko ditugu. Nahiko gogorra eta luzea egiten den aldapa gaindituta, Laztegiko tontorrera iritsiko gara (1201 m.; 1h20’). Buzoian Otsaberri dela dio. Kontsultatutako iturriak eztira ados jartzen.
Aldapa labur bat jaitsita, ipar-ekialderantz oraindik ere hesia jarraituz, beste lepo batetara iritsiko gara (1144 m.). Aldapa lasaiarekin igotzen goazela, basotik larreetara irtengo gara. Alanbre hesia gainditu eta aurrean dugun muinora igoko gara. Otarrabizkarra du izena, eta hiru mairubaratza daude muinoaren gainean bata bestearen ondoan (1196 m.; 1h37’).
Iparralderantz joko dugu. Zeharkatzen hari garen mendi-bizkarra uren banalerroan dago. Zenbait ehiza postu daude, bai eta gudarako postu batzuk ere. GR 11 eta GR 12aren (Euskal Herriko Xenda) aukerako bide bat pasatzen dira hemendik.
Aldapa labur bat igota, Urrizburu edo Artsal izena duen tontor luzexka batetara iritsiko gara (1227 m.). Okoro ezkerrean dugu, mendebaldean. Tontor honetatik bi hesi-lerro jaisten dira, bata iparralderantz eta bestea ipar-ekialderantz. Azken hau jarraituko dugu Artsalgo lepora jaitsi (1183 m.) eta Okororen ekialdeko malda igotzeko.
OKORO (1259 m.; 2h)
Mendebalderantz jaisten hasiko gara, hesiari jarraituz berriz ere, izei txiki batzuk aurkituko arte. Zertxobait ezkerrera egingo dugu, eta arretaz begiratzen badugu ezkerralderantz bidezidor bat jaisten dela ikusiko dugu. Ez dago asko zapalduta, baina antzematen da bidezidorraren lerro zuzena. Bertatik joko dugu, hegoalderantz.
Basoan sartuko gara beste hesi bat gaindituta. Laster bide zabal batetara irtengo gara, eta eskuinerantz egingo dugu, aldapan behera. Bide honek ibilaldiaren abiapuntura eramango gaitu. Zertxobait aurrerago bihurgune estu bat hartzen du, hegoalde norabidea hartuz, eta jaisten jarraitzen du.
Erreka bat gurutzatuko dugu, Pilotasoro erreka. Aurrerago beste bat, Baserdiko erreka, eta ondoren bideak gorantz egiten du, ibilaldiaren hasierako bidearekin bat egin arte. Aurrera eginez abiapuntura iritsiko gara (3h30’).
Eranskina | Tamaina |
---|---|
20231011121146-93188-data.gpx | 217.17 KB |
okoro.plt | 120.93 KB |
okoro.wpt | 1.76 KB |
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig