Skip to main content

Arrolamendiko tontorrak lotzen ibilbidea

Jose·k

2005/12/23 - 19:10

Abiapuntua
Deskarga
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
790 m
Eskema
Deskarga - Arrola - Arranoaitz - Oregi - Jentiletxe - Gorostiaga - Oregi - Arrola - Deskarga
Luzera
22.00 km
Iraupena
4 ordu
Lurraldea

Deskarga mendatetik abiatuta Arrolamendi edo Satui izenaz ezagutzen den mendikatearen tontor nagusiak lotuko ditugu. Gora-behera handiena hasieran aurkituko dugu, Arrolako tontorra harrapatu arte. Hortik aurrera gora-behera txikiekin Arranoaitz, Oregi eta Jentiletxe tontorretatik pasatuko gara mendikateko garaiena den Gorostiagara iritsi arte.

Ibilbide guztian zehar GR 34.1 (Donostia – Arantzazu) ibilbidearen marka zuri-gorriek lagunduko digute bide zuzena jarraitzen.

DESKARGA (492 m.)

Mendatearen puntu garaienetik Deba bailararantz metro batzuk jaitsita ezkerretara bi bidezidor abiatzen direla ikusiko dugu. Eskuinekoa langa batekin itxita dago eta marka zuri-gorriak ditu. Bertatik joko dugu. Bide honek zuzen gora egiten du aldapa handiarekin, hegoalderantz, pinu artean. Hartxintxarrezko bide bat hiru aldiz gurutzatuko dugu norabidea aldatu gabe.

Aurrerago bidea zertxobait eskuinera okertzen da eta ezkerretik datorren bide bati elkartzen gatzaizkio. Aldapa nabarmen gutxitu da. Bide hau berehala ezkerrera okertzen da. Kanteragaina izeneko muinoa eskuinaldetik inguratzen hari gara.

Laster langa bat zeharkatu eta lepo batetara iritsiko gara (14’). Dakargun norabideari eutsiz jarraituko dugu, hego-hego-ekialderantz. Beste langa bat zeharkatu ondoren bideak eskuinerantz egiten du zertxobait, eta berehala ezkerrera. Zumarraga aldera ikuspegia dugu.

Metro batzuk aurrerago… adi! Bidegurutze batetan dakargun bidea utzi eta eskuinekoa hartu behar dugu. Marka zuri-gorriak daude. Bi alanbre-hesiren artean gora egiten du bide honek. Arrandieta muinoa ezkerraldetik inguratzen hari gara. Laster eskuinera okertzen da, hego-mendebalderantz. Aizkorriko mendikatearen eta gure ibilaldiaren helburua den Gorostiagaren ikuspegia dugu.

ARDAMITA (672 m.; 26’)

Bideak beherantz egiten du Ardamita lepora iritsi arte. Kimu Berri izeneko aterpe bat dago bertan, eta gas-hodia pasatzen da. Gas-hodia jarraituz doan bide aldapatsutik gorantz jarraituko dugu.

Eskuinerantz doan bide batetatik gas-hodia utziko dugu tarte batez. Gas-hodia jarrai genezakeen baina eskuineko bidea leunagoa da. 1910eko apirilaren 10ean elurte batek harrapatuta hil zen gazte baten omenez jarritako hilarri bat aurkituko dugu bidearen ertzean. Eskuinerantz irteten den bideari eztiogu jaramonik egingo eta zuzen jarraituko dugu.

Txabola bat dagoen lepo batetan gas-hodiarekin elkartuko gara berriz. Eskuinerantz okertu eta gorantz jarraituko dugu. Zertxobait aurrerago Arrolamendi II tumuluaren ondotik igaroko gara. Ondorengo bidegurutzean ezkerreko bidea hartuko dugu. Berriz ere gas-hodiarekin egingo dugu tope eta eskuinerantz okertuko dugu zertxobait pago artean doan bide batetatik aurrera eginez. Bidea ezkerrera okertzen da. Mugarri batzuk daude bidearen ertzean.

Igotzen hari garen aldapa bukatzen denean eskuinera okertuko dugu. Arrolako tontorra begi bistan dugu. Bi pinudiren artean, gas-hodia jarraituz, berehala iritsiko gara bertara.

ARROLA (910 m.; 57’)

Arrolako tontorra zelaigune zabal bat da. Punturik altuena, buzoiak eta erpin geodesikoa dauden lekua, zelaigune honen hego-mendebaldeko ertzean dago. Seinale batek adierazten duen bezala, tontorretik gertu, mendebalderantz metro batzuk jaitsita, iturri bat dago.

Arrolatik Gorostiagaraino gandorra jarraitu behar dugu, tontor batetik bestera, lepo batetik bestera. Ia bide guztia basoz inguratuta dago. Pagadiak batez ere, eta tarteka hariztiak eta pinudiak.

Ondorengo helburua Arranoaitz da. Hego-mendebalde norabidearekin Arrola utzi eta bi tontorren arteko lepora jaitsiko gara pinudia zeharkatuz (875 m.). Lepo honetan Arrolamendi I tumulua dago. Justu tumuluaren ondoren bidegurutze bat dago. GR 34.1aren marka zuri-gorriek ezkerreko bidetik jarraitzen dute. Bide honek Arranoaitzen ekialdeko magala zeharkatzen du tontorrera igotzea ekidinez. Guk tontorrera iristea nahi dugunez eztiogu jaramonik egingo bide honi eta zuzen jarraituko dugu. Gas-hodia ere gu bezala Arranoaitzera doa.

ARRANOAITZ (902 m.; 1h04’)

Buzoia bidearen ezkerraldean dago. Gas-hodia gure bidetik aldentzen da, mendebalderantz jarraitzen baitu, Landarraitzerantz. Guk ezkerretara bihurgune itxia hartuz hego-ekialderantz doan bidetik jarraitu behar dugu.

Aldapan behera goaz pagadian barrena. Laster GR bideari elkartuko gatzaizkio berriz ere, eta ondoren lepo batetara iritsiko gara (874 m.). Ezkortazarreta izeneko muino bat dago gure aurrean. Bide nagusiak eskuinetik saihesten du, baina bere tontorretik pasatzea ere ezaigu ezer kostatuko. Beste lepo batetara iritsiko gara.

OREGI (916 m.; 1h18’)

Gandorra jarraituz Oregira iritsiko gara. Aldapan behera beste lepo baten bila goaz, pagadi eder bat zeharkatuz. Tarte labur batez basoa ireki eta Oñati aldera ikuspegia dugu. Lepo baten ondoren bigarren lepo batetara iritsiko gara (876 m.). Bidegurutze bat dago bertan. Eskuinaldetik datorren bide batek lepoa zeharkatzen du mendi-magalez aldatuz. GRak bide honetatik jarraitzen du Jentiletxe ipar-ekialdetik inguratzeko. Guk zuzen jarraituko dugu, gorantz.

JENTILETXE (907 m.; 1h27’)

Jentiletxera iritsiko gara berehala. Izen bereko tumulu handi bat dago tontorrean. Gorostiaga begi bistan dugu. Bideak garosaila zeharkatuz jarraitzen du, laster pagadian sartuz. Pixkanaka beherantz goaz, Gorostizabal lepora iritsi arte (852 m.). Ezkerraldetik Jentiletxe inguratu duen bidea elkartuko zaigu. Zuzen jarraituko dugu, GRaren markak jarraituz berriz ere.

Bidea ezkerrera okertzen denean zuzen gora jarraituko dugu, bide garbirik gabe, marka zuri-gorriek gidaturik.

GOROSTIAGA (951 m.; 1h44’)

Zertxobait aurrerago, GR bidea gandorretik aldentzen da eskuinerantz. Guk gandorretik jarraituko dugu, laster Gorostiagara iritsiz.

Itzuleran, GR bidea jarraituko dugu, Jentiletxe eta Arranoitzera igotzea ekidinez. Dagoeneko bidea ezagutzen dugunez zailtasunik gabe iritsiko gara Deskargara (3h).

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi