Skip to main content

Uharte-Arakiletik Beriainera igoera ibilbidea

Jose·k

2007/08/13 - 20:09

Powered by Wikiloc
Abiapuntua
Uharte-Arakil
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1013 m
Eskema
Uharte-Arakil - Uharte-Arakileko portua - Beriain
Luzera
12.00 km
Iraupena
5 ordu
Lurraldea

Lehenengo begiratuan ezinezkoa dirudien arren, Beriainen iparraldeko amildegi ikusgarriak gainditzea ez da batere zaila. Uharte-Arakiletik abiatzen den bide bat amildegia hain malkartsua ez den tarte batetaz baliatzen da mendi-gaineko larreetara pasabidea aurkitzeko. Malda handia da, baina ez dago bestelako zailtasunik. Oso erabilia denez mendizaleen oinek bide garbia ireki dute, eta erreza da bide zuzena jarraitzea.

Uharte-Arakileko erdigunetik hegoalderantz egiten badugu, trenbidearen eta autobidearen azpitik pasatuko gara, eta hego-hego-ekialderantz doan kale batetan aurrera egingo dugu. Etxe banaka batzuk daude kale honetan. Autobidetik 200 metrotara gutxi gorabehera, ezkerretara lur eta harrizko bide bat habiatzen dela ikusiko dugu. Hauxe izango da gure ibilaldiaren hasiera (480 m.).

Aipatutako bidea hartuko dugu, hegoalderantz. Laster ezkerrerantz beste bide bat irteten da, baina ez diogu jaramonik egingo. Bideak poliki-poliki ezkerrerantz egiten du ekialde norabidea hartu arte, eta ondoren eskuinetara bihurgune bat hartzen du. Justu bihurgunearen irteeran bi bide topatuko ditugu. Eskuinekotik jarraituko dugu, hego-mendebalderantz.

Bidearen ezkerraldean txabola batzuk daudela ikusiko dugu. Bideak harizti bat zeharkatzen du. Zertxobait aurrerago, lurra kamioikadetan bota duten zelaigune bat ezkerretik inguratuko dugu. Beriainen iparraldeko hormen ikuspegi ederra dugu toki honetatik. Eta arretaz begiratuz gero, tontorra baino dezente ezkerrerago, gandorra eta basoaren artean, guk jarraitu behar dugun bidea mendi-gainera nola igotzen den ere ikusiko dugu.

Aipatutako zelaigunearen hegoaldeko ertzera iristean, Uharte-Arakiletik honaino aldapa lasaiarekin ekarri gaituen bide zabal hau utzi behar dugu. Bideak ezkerretara bihurgune bat hartzen du norabidez aldatuz. Guk eskuinerantz abiatzen den bidezidor bat hartu behar dugu. Hasieran hego-mendebalderantz egiten du, eta ondoren hegoalderantz pagadian zehar aldapa handiarekin altuera irabaziz. Hemendik aurrera ez dugu atsedenik izango mendi-gainera iritsi arte.

Laster bidezidor hau bitan banatzen da, eta guk ezkerrekotik jarraituko dugu. Bide zuzena erakusten duten harri-pilak daude. Soilgune bat zeharkatuko dugu, eta langa bat gaindituta harri soltea dagoen aldapa gogor bat igo beharko dugu.

Zertxobait gorago, bidegurutze batetara iritsiko gara (925 m.; 1h5’). Egurrezko seinale batek goranzko bide zuzena erakusten digu, hego-mendebalderantz. Sigi-saga motz baten ondoren, bideak eskuinera eramango gaitu, ondoren ezkerrerantz egiteko harri soltea dagoen tarte batetan. Laster basoan sartuko gara berriz ere, eta bidegurutze batetan eskuineko bidea hartuko dugu harri-pilak jarraituz. Hego-ekialde norabidea utzi gabe, basotik irten eta azkeneko maldetan gora egingo dugu mendi-gainera iritsi arte (1376 m.; 2h). Gogoan hartu toki hau, itzuleran oso garrantzitsua izango baita ataka hau topatzea.

Tontorra begi bistan dugu, eskuinaldean (mendebaldean) kilometro pasatxora. Bertara iristeko mendi-gaineko larreetatik pasio lasai bat baino ez zaigu falta (1493 m.; 2h30’).

Bidean ikusi beharrekoak
Oharrak
Aipatu den bezala, goranzkoan mendi-gainera pasabidea ematen duen ataka gogoan hartzea ezinbestekoa da itzuleran beherako bidea aurkitu nahi badugu. Izan ere, Beriaineko mendi-gaina oso berdina da bere luzera guztian, eta atakak ez du bereizgarri den ezer, amildegi ertzeko hezia zabaltzea ahalbidetzen duen langa baino ez.

Komentarioak

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2008·ko Uztailaren 28·an - 23:35etan·an

    Euskal Mendietako igoera klasikoen artean gorde beharreko igoera da hau. Ia mila metroko gora-behera da, aldapa gogorrekoa, bide bihurrian gora, pagadian barrena gehiena. Jaitsieran gogaikarri gerta daiteke harri-txintxarraren gainean labainka ibili beharra: makila lagungarri egokia da.

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

1·tik 2·ra, 2 guztira

Argazki berria erantsi