Belaguako aterpetik-Auñamendira

Xabiaram-k sortua, 2021, iraila 19 - 21:56
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Bearn, Nafarroa
ABIAPUNTUA Belaguako aterpea
Eskema Belaguako aterpea-Eraitzeko lepoa-Zanpori-Lazierola-Añelarra aldea-AUÑAMENDI-Añelarra-Laizerola-Zanpori-Belaguako aterpea
Lotuta »Auñamendi (Anie) (mendi)
Gora-behera1350 m
Luzera22 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Belaguako aterpetik-Auñamendira
Auñamendi (2504m) tontorra (izena Euskaraz)

(2021-08-21)
Egun pasako mendi ibilaldia Euskal Pirineotan.
5 orduko igoera + 1 orduko atsedena + 4 orduko itzulera

Eguneko erronka Belaguako aterpean hasten da. Jadanik zaharberritua dago eta itxura ona du bertan ostatu hartzeko edo zerbait jan-edateko. Aparkaleku zabala ere badago bertan autoa uzteko. Bertatik irten eta GR-aren marka zuri-gorriei jarraituko diegu Eraitzeko lepora bidean belardi zabaleko inguruan. Abere ugari izaten da bertan, behiak, behorrak, ardiak, etab.

Eraitzeko lepotik Zanpori alderako bidea egingo dugu, hemen antena dagoen zelaigunera igoko gara neguko eski pistak eta zelaian zeharreko zatiak tartekatuz lehenik, eta ondoren pixka bat aurrerago dagoen harkaitzezko tontortxora ere igoko gara.

Zanporitik aurrera Laizerolako tontortxora egingo dugu, inguru hau pixka bat nahasia da gora-behera askorekin eta 'track' bat eramatea edo gomendatzen da. Bestela inguru natural oso polita da ikusteko eta bertan ibiltzeko. Tontortxotik jeitsi eta Zanpori eta Kontiendako neguko eski guneak lotzen dituen bidezidorra jarraituko dugu Añelarra alderantz.

Behin Añelarra aurrera iristean, nik bide ezohikoa hartu nuen Auñamendira hurbiltzeko, Añelarrako bizkarretik joan daiteke baina oso gogorra da, Añelarrako sakongunetik ere joan daiteke eta hauxe izango da gomendarriena seguruenik. Baina nik ez bata ez bestea eta iparralderagoko (ezker) gandor antzekotik aurrera egitea erabaki nuen, bide oso malkartsua da tarte batzuetan, lapiaz askorekin, beste batzuetan zelaiguneak ere badaude, baina sendatik kanpo ibili behar dela jakinez egin. Hau lehen zatian gero 2.100 metroko garaieran sakongunetik doan sendarekin batuko naiz, Biarnoko mugatik oso hurbil, eta hemen senda ondo markatu eta eramangarrian hurbilduko gara Auñamendi handiaren oinetara.

Azkenik Auñamendiaren igoera osoa egin behar da, 500 metroko desnibela, senda oso aldapatsua eta zigi-zagatsua da, baina poliki hartu eta gorantz dena eman. Tontorrean ohiko postontzia eta harriren bat ere bai izena (Euskaraz) eta garaiera adieraziz. Ikuspegiak ere zoragarriak. Nik 4 ordu eta 50 minutuko bidea egin nuen Belaguako aterpetik Auñamendi tontorrera.

Auñamendi tontorra egin eta atsedena hartu ondoren itzuliko bidea Añelarra aldetik egitea erabaki nuen. Ordu beteko bidea bi tontorren artean, lehenik bata jeitsi eta hurrena beste igotzen. Badago "atajo" bat lepora jeisteko baina nik oharkabean pasatu eta beherago joan nintzen. Ondoren apur bat gogorra ere egiten da igoera hau malda hain handia ez badu ere.

Añelarrako gandorreko bi tontorrak zapaldu ondoren bere bizkarretik behera jeitsiko gara, orain bai bide oso erosoan, zelaian behera 1.950 metro inguruko garaiera iritsi arte. Hemen ohiko sendatik jarraitu beharrean Laizerola azpitik doan sendatik egin nuen itzulera.

Añelarrako bizkarra utzi eta Laizerola aldetik behera jarraituko dugu, inguru hau belarditsua da eta erraz ibiltzen da bertatik, 'track' bat eramatea ere komeni da, nik Erronkariko Mendi Elkartearen hauxe erabili nuen. Gero Zanpori aldean pagadi baso batean sartzen gara, eta hemen senda badago baina tarteren batean pago txikiek bidea nahastu eta kontu apur batekin ibili behar da aurrera egiteko.

Eta azkenik Belagua aldean, hemen goizeko lehen orduan egin dugun bidetik amaituko dugu txangoa Eraitzeko lepoa eta Belaguako aterpea artean ibiliz. Itzulera ere luzea egiten da, nik 4 ordu behar izan nituen.

Irudiak

***

***

***

***

***

***

***

***

***