(2020-08-19)
Egun pasako mendi ibilaldia Aezkoa/Abodi aldeko Euskal Pirineotan.
4 orduko igoera + atsedenaldia + 2 orduko jeitsiera.
Txangoa Orbaitzetako herrian abiatzen da, bertan aparkaleku zabala ere badago errepidearen ondoan autoa uzteko. Hasieran Irati ibaia aldera jeitsiko gara eta zubia igaroko dugu, honela ibaiaren ekialdetik doan pistari jarraituko diogu ipar norabidean. Tarte lau labur baten ondoren gorantza hasiko da bidea eta pistari jarraituko diogu goraino, 1000 metroko garaiera iritsi arte.
Orain sendari jarraituko diogu, lehenik zelai gune txiki batean eta jarraian pagadi batean barrena sartuko gara, tarte honetan malda gogorragoa jartzen da. Pagadiaren amaieran arazo txiki bat izango dugu, otadi bat zeharkatu behar da Harri Eder Gaina (1175m) tontorraldean, ez dago senda argirik eta zaila egiten da aurrera egitea, baina apur bat sufrituz gainditzen da, ez da luzea ere tartea. Honela txarrantxa hesi batera iritsiko gara, Orbaitzeta eta Hiriberri-Aezkoa herriak bereizten dituena.
Hesia gainditu eta Ugabiel (1243m) gainera igoko gara, hasieran pagadia dago eta gero zelaigune garbira irtengo gara, gain-gainean trikuharri bat ere ikusi ahalko dugu, baina hau ez da tontorra, hau harkaitzezko gandor txiki batean dago pixka bat aurrerago, pistaren gainetik. Hau pasatakoan Berrendizelai aldeko larregunera iritsiko gara, hemen bertan hasiko da ere Berrendi (1350m) mendirako igoera, zelaigunea pasa eta pagadian egingo dugu bigarren zatia, ia 200 metroko desnibela dugu tontorrera, malda ez da handiegia baina gorantz egiten du etengabe. Tontorrean postontzi txiki bat eta erpin geodesikoa daude. Eta baita ikuspegi ezinhobeta Hiriberri-Aezkoa herrirantz ere harrizko gandor paregabe batetik.
Orain gandor luze bat dugu egiteko Martxate (1403m) tontorreraino, nik ordubete behar izan nuen zeharkatzeko, hau GR11 bidezidorra jarraituz egiten da, oso nabaria da eta marka zuri-gorriak ditu une oro, ez dago desnibel esangurutsurik tarte honetan.
Martxateko tontorra ez da oso argia, bizpahiru tontortxo daude inguruan eta ez dago inolako postontzirik edo ezer hura markatzeko. Edonola GPS-ak markatzen duen punturaino joan nintzen.
Hurrena Auztarri (1412m) mendiaren tontorrerantz joatea da, bidezidorrari jarraiki, txarrantxa hesi batera iritsiko gara berriro ere, hemen bereizten dira orain ere Hiriberri-Aezkoa eta Orbaitzetako lurrak. Hesia pasa eta zelaigune zabal batean egingo dugu bidea Auztarri (1412m) tontorreraino. Udan eta giro onarekin paraje zoragarria da Abodiko mendizerraren mendebaldeko ertz hau. 4 orduko ibilaldia Orbaitzeta eta Auztarri artean.
Tontorrean zerbait jan eta atsedena hartu ondoren itzulerako bidea hartuko dugu, hau Gibeleako oihanetik egingo dugu, honetarako hasieran Auztarri mendiaren gandorrari jarraituko diogu mendebalderantz zelaian behera, ondoren pagadian sartuko gara eta ehiztarien postuetako senda bat aurkituko dugu, honi jarraituz ipar norabidean beherantz jarraitu eta pista zabal batera iritsiko gara Irati ibaia aldera daramana.
Nik bidea pixka bat laburtzeko 1000 metroko garaierara iristean pistari jarraituz ez aspertzeko pagadian barrena sartu nintzen, zuhaitz handiak daude eta tarte zabal eta garbia dago ibiltzeko, eta honela beheko aldean lotu nintzen berriro ere pista honi 850 metroko garaieran. Orain pistari jarraituz Irati ibaiaren ondotik jarraituko dugu eta ordubeteko ibilaldiaren ondoren Orbaitzeta herrira iritsiko gara.
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig