Skip to main content

GR 123 - 9. etapa: Arrazola – Ubide ibilbidea

Jose·k

2015/01/06 - 10:07

Mapako edukiak aukeratu

Zein eduki erakutsi










Edukia erantsi

Zer erantsi nahi duzu?

Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.

Near targets

Abiapuntua
Arrazola
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1600 m
Eskema
Arrazola – Anboto – Zabalandi – Oleta – Otxandio – Esnauritzagana – Motxotegi – Ubide
Luzera
22.30 km
Iraupena
8 ordu

GR 123 Bizkaiko Biraren aurreko etapan, jatorrizko ibilbidearekiko aldaketa bat egin genuen, eta hari jarraituz, 9. hau Urkiolatik beharrean Arrazolatik abiatzen da, Anboto kilometro bertikaletik igoz. Oleta eta Otxandio zeharkatu ondoren, Esnauritzagana eta Motxotegiko gailurrak zapaldu eta Ubiden amaitzen da.

Aurreko etapen aldean luze xamarra da, baina zailtasun nagusia Anbotoko igoera luze eta aldapatsua da, jakina. Horretaz gain ez dago zailtasun aipagarririk. Nahi izanez gero, Anboto igotzea ekidin daiteke, Arrazolatik Zabalaundi lepora igoz, aurreko etapan jaitsitako bidetik.

Arrazolako herrigunetik abiatuta, goialdeko baserrietara doan errepidea hartu behar da. Iturritzaga baserriaren aldamenetik igaro ondoren, bidegurutzean eskuinera egin, eta Atxa baserriaren aurrean, errepideak ezkerretara bihurgune estu bat egiten duenean, baserriaren ezkerretik abiatzen den bidetik basoan sartu behar da. Laster bidezidor bihurtuko da, eta altuera azkar irabaziko da, Frailia haitzaren barrenera gerturatu ahala.

Frailia haitza inguratu eta Anboto Sakona izenaz ezagutzen den bailara aldapatsuan sartzen da. Bailara honetan gora egin behar da ia tontorreraino. Hemendik aurrera bidezidorra ez da hain nabarmena, baina arazorik gabe jarrai daiteke, beti gorantz. Sigi-saga amaigabean altuera irabaziz jarraitu behar da, harik eta bidezidorrak ezkerrerantz egiten duen arte, gandorra gainditu eta ipar-ekialdeko aurpegira pasatzeko. Tarte honetan, asko nabarmentzen ez den bidezidorra eta haitzetan dauden markak arretaz jarraitzea komeni da, bide aproposena hartzea garrantzitsua baita, haitzartean pasarte gaiztoren batean sartu nahi ez bada.

Behin ipar-ekialdeko aurpegian egonda, zuzen gora egin behar da, ia biderik gabe, haitzak jartzen dituen oztopoak ahalik eta pasarterik erosoenetatik gaindituz, eta minutu gutxiren buruan Anbotoko tontorrera iristen da, ibilbideko koskarik handiena gaindituz.

Anbotoren hegoaldean dagoen Zabalaundi edo Anbotoste lepora jaitsi behar da. Horretarako tontorretik ekialderantz jo behar da, Zabalaundirantz jausten den malda malkartsuari begira, harri-pila batzuekin eta marra gorriz adierazita dagoen bidezidorra aurkitu arte. Oso jaitsiera aldapatsua da, eta pausu bakoitzak arreta handia eskatzen du. Bustia baldin badago arriskutsua izan daiteke. Aldaparen erdi aldean, bidearen ezkerraldean kobazulo txiki bat dago. Ezkutuan dagoen zerbait aurkitzen laguntzen du. Bere ondoan, gandorra alderik alde zeharkatzen duen eta hego-ekialdeko aurpegira begiratzen duen Bentaneta begia dago.

Zabalaundi lepoan, Urkiolatik datorren hartxintxarrezko bidea zeharkatu orduko eskuinera hartu behar da, mendebalderantz, pagadian barneratuz. Bide honek Ipizteren magala zeharkatzen du. Oriolerengandik banatzen duen lepora igotzeko maldan gora hasten denean, eskuinaldera jaisten den beste bide bat hartu behar da, Oriolen magala zeharkatuz jarraitzeko. Laster bide nagusia utzi eta errekastoraino jaisten den bide bat hartu behar da.

Errekan behera jarraituta, bide zabalago bati elkartu eta hego norabidea hartzen da. Beti biderik nabarmenena jarraitu behar da, erreka ondotik, gero eta bide hobearekin. Guardaetxetik aurrera bidea asfaltatuta dago. Basoa atzean utzi, eta Oletako aran zabalean aurrera egiten da, harik eta herrigunea zeharkatu eta elizara iritsi arte.

Elizaren aurrean eskuineko bidea hartu behar da. Laster, asfaltozko bidea utzi eta Otxandiora eramaten duen bide zahar bat hartu behar da.

Otxandio zeharkatu, errepide nagusiaren azpitik pasa, eta aldapan gora egin behar da, aurreko muinoa gainditzeko. Ez da gailurretik igaro behar. Mendibizkarra zeharkatzen den tokitik hurbil berreraikitako Astakurutz elurzuloa dago.

Muinotik jaitsita, errepide batetara heltzen da. Urrunaga urtegiaren adar bat iristen da honaino. Urtegiaren maila baxua bada, gertu dagoen zubi baten bitartez pasa daiteke beste aldera. Uren maila altua bada ordea, itzuli handi xamar bat eman behar da, Mekoleta auzunetik igaro eta urtegiaren ertzean Urkiola erreka gainditzea ahalbidetzen duen beste zubitxoa aurkitu arte, eta urtegiaren ertzetik doan bidetik, bide laburrarekin bat egin arte.

Ondoren berriz ere aldapan gora egin behar da. Lepo batetara iristean, hego-ekialderantz eginez gero pagadi eder batean zehar, Esnauritzagana tontorrera iristen da. Atzera lepora itzulita, ipar-mendebalderantz jo behar da, mendi-bizkarra jarraituz. Motxotegi eguneko azkenengo tontorra da, eta hurrengo etapa luze eta gogorraren lehenengo zatia aztertzeko behatoki aproposa.

Ubidera jaisteko, Motxotegiko tontorrean bertan langa zeharkatu, eta hego-ekialderantz belardian behera egin behar da, bide garbi gabe hasiera batean. Laster agertuko da bidezidorra. Argindar poste baten ondoan norabidez aldatu, eta hegoalderantz eramaten du, argindar linea jarraituz. Zertxobait aurrerago, eskuinera egiten du bideak, Goikoetxe baserrira igotzen den bidearen bila. Bide honetan behera, errepide nagusira jaitsi, hau gurutzatu, eta laster Ubidera iristen da, ibilbideari amaiera emanez.

Bidean ikusi beharrekoak
Arrastoa
Eranskina Tamaina
gr_123_09_arrazola_ubide.gpx 148.43 KB

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi