Gabietu-Taillon-Errolan

JAG-k sortua, 2014, iraila 18 - 02:51
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Hautes-Pyrénées, Huesca
ABIAPUNTUA Col de Tentes
Eskema Tentes lepoa - Bujaruelo lepoa - Gabietuko urkulua (Forqueta) - Escuzana haranburuko lepoa - Gabietu hegoaldekoa - Gabietu iparraldekoa - Punta Turenne - Taillon - Errolan ataka - Sarradets aterpea - Bujaruelo lepoa - Tentes lepoa.
Lotuta »Gabieto (mendi)
Gora-behera900 m
Luzera16 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Goizean goiz abiatuta, baita eguna argitu aurretik ere, lehen ia ordu erdia errepide zen bidetik egiten baita, Tentes lepotik Bujaruelo lepora egin eta aurrera jarraitu Aragoin sartuta. Ia garaierarik galdu gabe ezkerreko horma ondotik jo, tximinia erraz-erraz batera heldu eta igo. Bidezidor baten arrastoa dago. Gabietuko tontorretik behera datorren gandor belartsu bat erraz gainditu eta ezkerreko harantxoan sartu. Irtenbiderik ez dagoela dirudi baina bidezidorrari jarraitu eta azkenean eskuinetara Gabietuko urkulura heldu (Forqueta). Ikuspegi ederra beste aldera. Behera jaitsi beharrean ezkerrera egin, ia garaierarik galdu gabe, aurrean dugun haranaren goialderantz.

Escuzana haranaren buruan deabruaren harritza madarikatu bat dago. Horraino ibilbidea zoragarria izan da, baina orain (2014-09-13) elurrik gabe, infernu bat. Aldapa gogorra, harrizko errekan, bi gora eta bat eta erdi behera, igo, ahal den moduan, lau hankatan, gaztearen potentziaz edo zaharraren pazientziaz, edo, hobeto, eskuinetik ageri den haitz ustel apurkorraz baliatuaz, harrizko errekan behera ez egiteko. Hala ere, aldapatsua da, eskalada erraza baina nekagarria eta ziur egon lagunari harriak botako dizkiozula. Noizbait lepora heldutakoan, atseden hartu, ikuspegi ederraz gozatzeko.

Ibilbide bi daude hemendik baina bat baino ez da ikusten:

1.- Izan ere, ezkerrerantz bidezidor bat dagoela ematen du, baina Gabietuko gandorraren eskalada bidera doa (ofizialki ZG, zailtasun gutxikoa, II; baina harri ustel baino ustelagoan). Hormatxo ia bertikalak igotzen dira (zortzi-hamar bat metrokoak), eta hormatxo bakoitzaren atzean, bizpahiru metro beherago ezker-eskuin ia bertikal jaisten diren korridore harritsuak zeharkatu behar dira, metro bat harago dagoen hurrengo hormatxotik igotzen jarraitzeko; gandorretik edo eskuineko aldetik, ezkerrekoa amiltsuagoa delako. Hormatxo horietako baten ondoren amildegia dago eta hurrengo hormatxoa metro bat harago. Salto egin liteke hurrengo hormatxo horretara, baina arriskutsua da, behea (hondoa) non dagoen ez baita ikusi ere egiten, zu zauden hormatxoa eta aurrean duzuna aurrerantz etzanda daudelako. Saltoa egiteko lekua baino bizpahiru metro ezkerrerago, hormatxoaren punta aldera, hiru harri daude enpotratuta horma bien artean. Hortik ere joan liteke, saltorik egin gabe, batez ere garaia bazara, eskuekin luze-luze zintzilik geratu behar baituzu harriotara hegaz egin gabe heltzeko (hasieran, penduluarena egiteko arriskua dago). Ez dago bermerik harriokin, jausiko ote dira nire azpian? Nik hortik egin nuen. Harri enpotratuon gainetik ikusten duzu hamar metroko jausiera dagoela korridoreraino. Hormatxo hori igo eta harri-piloak agertzen dira; hortik aurrera zailtasunak gutxitu egiten dira. Hondar kota bat (3.033 m, hiru milako hondar koten zerrendako 1018, "Junto al GABIÉTOU OCCIDENTAL") zapaltzen da eta tontorra (3.034 m).

2.- Beste bidea ofizialki F+ da (erraza goi), baina , harrigarria bada ere, lepotik zuzen behera harritza ia bertikal batetik "jaustea" da plana. Hau ez dute gidaliburuek esaten, baina hala bizi izan genuen. Azaldutako eskaladako bidean sartu ginen nahi gabe, edelweiss zoragarri bat ikusi genuen (argazkia ikusteko, http://nongogoahanzangoa.com), baina biotako batek atzera egin zuen lepora, eta bide gabeko ibilbidetik "bere burua bota" harritza ia betikalean behera, ahal bezala. Garaiera handia galtzen da, Taillonerantz (aurrerantz) hainbeste ibili behar da, Gabietu iparraldekoaren ia pareraino, eta gero ezkerrera erlaitz diagonal belartsuena aukeratu tontorrera heltzeko. Indarra franko xahutzeko bidea.

Gabietu hegoaldekora heldu ondoren (Tentes lepotik, 3 h gidaliburuen arabera; baina 4 h kalkulatu: harritzak, neke gehigarriak eta bidea aurkitzeak, eta, bigarren ibilbidean, buelta guztia emateak, denbora hartzen du eta), Gabietu iparraldekora ez dago zailtasunik, gailurra baino hamar-hamabost metro beheragotik bagoaz (gailurretik ZG diote gidaliburuek). Tontorraren aurreko hondar kota zapaltzeko ez da beharrezkoa gailurretik joatea (3.021 m, hiru milako hondar koten zerrendako 1019, "Entre los dos GABIÉTOU"), hortik tontorrera (3.031 m) ere ez dago zailtasunik.

Gabietu iparraldekora heldu gara (Gabietu hegoaldekotik 10 min), eta hor konturatzen gara Tailloni zergatik deitzen dioten hegoaldean Punta Negra: tontorreko harria beltza da (gris iluna) eta beheragokoa gorria (marroia?). Taillonera joateko, bien arteko lepora jaitsi eta lepoaren gainaldetik joan, itxura txarra duela iruditu arren biderik errazena eta seguruena delako: gain-gainetik. Aurrean dugun maldan harri-piloak daude. Jarraitu cairn horiei eta aldapa horren goialdean eskuinetarantz dagoen erlaitz horitik joango gara Punta Turennera (3.051 m, hiru milako hondar koten zerrendako 1021, "Punta Turenne"). Lepotik erlaitzera begiratuta, amildegia dagoela ematen du, erlaitz horretan pasabiderik ez dagoela, baina hurbildu ahala ikusten da erlaitza dela, eta Punta Turenne baino bost metro lehenago aterako gaitu Taillonen goialde horretara. Elurra badago zorakeria da erlaitz estu horretatik ibiltzea. Jarraitu ezkerretara Taillonera, bidean hondar kota bi zapaldu daitezke (bata, 3.022 m ala 3.101 m?, hots, hiru milako hondar koten zerrendako 1022, "400m al NW del TAILLÓN", ala Mendikateko "Segunda Antecima S.W. del Taillón"?, eta bestea, berriz, 3.101 m ala 3.117 m?, hots, hiru milako hondar koten zerrendako 1020, "250m al W del TAILLÓN", ala Mendikateko "Primera Antecima S.W. del Taillón"?; beharbada, Mendikat zuzenago, esango nuke) eta ordubete inguruan helduko gara tontorrera (Tentes lepotik 5 h 30; nahiz eta gidaliburuek 4 h 15 esan).

Taillondik (3.144 m) Errolan atakan barrena Sarradets aterpearen ondotik Bujaruelo lepora eta Tentes leporaino oso ezaguna denez ez dugu azalduko: bideari edo jende aldrari jarraitu eta kito. Bideoa, argazkiak eta bidelagunaren ikuspegia: http://nongogoahanzangoa.com/mi-primer-3-000-en-los-pirineos/.

Oharrak:

Ezin dut gomendatu ibilbide hau. Hiru mila metroko hiru tontor nagusi eta bost hondar kota takada batean egiteko, jende gutxi dabilen lekutik (Taillongo turistengandik urrun!), horretarako balio du, baina zenbait gidaliburutan azaltzen den arren, batek ere ez du argi esaten zenbateraino den gogorra (lehenik harritza, eta, gainera, eskalada egiten ez bada, garaiera galdu eta itzuli handia eman beharra) eta arriskutsua (harri usteleko eskalada, amildegian salto edo harri enpotratu segurtasunik gabekoetara dingilizka hegaz egin; bestela lepotik behera harritza ia bertikalean "burua bota"). Hori zabaldu nahi nuen ibilbide honen deskripzio zehatz honekin: ez dela broma.

Luis Alejos, "Guía Montañera Los 3000 m. de los Pirineos 1 Balaïtous-Vignemale-Monte Perdido-La Munia-Néouvielle", 77. ibilbidea: gidaliburu horren arabera 6 h 45 (atseden barik).

Guk 8 h 15, eta 2 h 15 atseden (argazkiak, bideoak, elurretik irristan...): 10 h 30.