Skip to main content

Mendirako kamara egoki bat

inaxio·k

2013/10/15 - 21:33

4851 klik

Aspaldi nabil kamara digitaletan gertatzen diren aurrerapenak jarraitzen, mendian edo bizikletaz nabilenean soinean eroso eramateko moduko kamara egoki baten bila. Eta beharbada beste norbaiti ere interesgarri gertatuko zaizkiolakoan, hona hemen nere gogoetak.

Bete beharreko baldintzak

  • Txikia izan behar du, beti eskura eramateko modukoa, uhal batetik zintzilik edo patrikan.
  • Gogorra izan behar du, sendoa, hezetasuna eta hautsaren kontrako zigiladurarekin ahal bada.
  • Kalitatezko sensorea behar du, bereizmen zorrotza eta kolorea egoki jasotzeko gaitasuna izateko.
  • Neurri txikiko objektibo aukera egokia. Alferrik da kamara txikia objektiboa haundia behar badu.
  • Objektibo argia behar du, ermita baten barruko ilunpean edo basoaren itzalean sartuta ere argazki on bat ateratzeko.
  • Objektibo angularra hobe, 24mm esaterako, paisaia zabaldu edo kale estuetan etxea osorik ateratzeko.
  • Bisorea behar du, optikoa edo digitala, baina pantailarekin ez da aski eguzki argitan eroso aritzeko.
  • Neurrizko prezioa, 300 eta 600 € artean.

Ezinezko kamara bat, beraz.

Hautagaiak

  • Olympus m4/3 kamerak, EM5/OMD-a bereziki. Alde: zigilatua, txikia, kalitate handiko argazkiak. Kontra: garestia (bigarren eskukoak 600 € inguruan dabiltza oraindik), lehenetsitako objektiboa (12-50mm) handiegia eta ez oso fina. PEN modeloak askoz merkeago daude eta egokiak gerta daitezke objektibo egoki batekin, baina bisorea aparte erosi behar zaie.
  • Panasonic GX7, G6 edo GM1 berria. GF sailekoek ez dute bisorerik.
  • Canon 100D, etxeko reflex txikiena.
  • Sony RX100, denetan txikiena. Sensore txikiagoa, bisorerik ez!.
  • Ricoh GR
  • ...

Zer diozue? Eskarmenturik bai kamara kontutan?

Komentarioak

  • account_circle

    ietxaburu·k bidalia 2013·ko Abenduaren 3·an - 21:36etan·an

    Kaixo:

    Ni, oraindik diapositibak ateratzen dituen bakanetakoa naiz, seme alabak eta emazteak dijital txiki bana izan arren. Oraintxe bertan hiru reflex dauzkat; bi CONTAX/ZEISS (manual/manualak) mendirako eta Canon (autofocus) bat, beraien tramankulu guztiekin. Baina noiz arte ahal izango dudan kezkatan, dijitalen katalogoak eta begiratzen ditut noizean behin.
    Orain erosi beharko banu (dijitala), duda egingo nuke: Berriro reflex sistemakoa (eta Canon balitz lehengo objetiboak aprobetxatu) ala txikiak. Agian txikia soinean eramateko pisu gutxi eta erasotasunagatik.
    Baina nik txikiei ezaugarri hauek eskatzen dizkiet:
     Bisorea (eta aukeran optikoa)
     Objetivo argia
     Kalitatezko sensorea.
     RAW formatua onartzen duena.
     Zooma, 28-105 edo 28-135 nahikoa (35 mm.koekin baliokidetzaz ari gara, noski)

    Eta momentu honetan duda egingo nuke:
     Canon PowerShot G16. (1/1,7”ko sensorea, 28-140 zooma eta f/1,8-2,8, baina bixore OPTIKO exkaxa)
     Canon PowerShot G1X (1,5”ko sensorea, 28-112 zooma baina f/2,8-5,8 eta bisore OPTIKO exkaxa)
     Fujifilm X20 (2/3”ko sensorea, 28-112 zooma, f/2-2,8, bisore OPTIKO dexentea eta zooma reflexetan bezala mugitzen dena, ez palankarekin).
     Sony RX100 (1” ko sendorea, zooma 28-100. ZEISS, baina f/1,8-4,9 eta bisorerik gabe. Bisorea elektronikoa aparte eros liteke, baina ia kamerak beste balio du) .
     Panasonic Lumix DMC-LX7 (1/1,7”ko sensorea, f/1,4-2,3 baina 24-90 LEICA zooma. Bisore elektronikoa eros liteke, ez oso merkea baina tira)-
     Panasonic Lumix DMC-LF1 (1/1,7”ko sensorea, bisore elektronikoa 28-200 , LEICA zooma, baina f/2-5,9
    Baina erabakitzekotan: Fujifilm X20 (?)

    Reflexa izatekotan, agian Canon EOS 6D (?). (Sensore handia (full frame) eta lehengo objetiboak aprobetxatzeko aukera)

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2014·ko Martxoaren 25·an - 21:48etan·an

    Nik Panasonic Lumix GM1 kamara erosi nuen azkenean, duela aste batzuk. Eguraldia dela eta ez dut oraindik asko erabili, baina gustura nago argazkien kalitatearekin (azken aldian igotzen ari naizenak harenak dira) eta kamararen tamainarekin. Ez horren gustura bisorerik gabe; ohituta negoen bisorea erabiltzen eta eguzkitan aritzeko beharrezkoa da egia esan.

    24-32mm 3.5-5.6 objektiboa dauka eta oso egokia iruditu zait niretzako, arkitekturaren argazkitarako eta paisaiarako. Itzalean ere nahiko emaitza ona ematen du, sensorearen kalitateagatik. Tamaina horretan ez daukat deus hoberik sistema horretan (micro4/3).

  • account_circle

    Jose·k bidalia 2014·ko Apirilaren 26·an - 23:51etan·an

    Zuen azalpenak eta gogoetak ezin egokiago datozkit. Duela aste pare bat argazki kamara galdu nuen, eta orain berria erosi behar dut, jakina. Orain arte erabat automatikoa zen konpaktu bat izan dut, eta gaitasun gehiagoko kamara batera jauzi egin nahi nuke, baina tamainan gehiegi hazi gabe. Orain arte bezala soinean eramaten jarraitu nahi dut, motxilako uhaletako bati heldutako zorro txiki batetan, bide okerrenetan ere trabarik egin ez diezadan, eta Inaxiok dioen bezala beti eskura izan dezadan, ikusmira egokia aurkitu eta segundu gutxitan argazkia atera eta kamara berriz gorde ahal izateko, lagunen pausotik gehiegi atzeratu gabe.

    Zerrendatzen dituzuen gainontzeko ezaugarri edo betebeharrak ere niretzako egokiak direla uste dut. Zuek egindako aurre-aukeraketaz baliatuz, aipatzen dituzuen kamara gehienak begiratu ditut, eta Inaxiok aukeratutako Panasonic Lumix GM1 gustatu zait niri ere. Beste webgune batzuetan ere kalitate ona aitortzen diote, neurri oso txikian.

    Bisorerik eztuela aipatzen duzu, Inaxio, bere kontra. Nik bisorea erabiltzeko ohiturarik eztut. Aurreko kamarak bazuen bisore optikoa, ez guztiz fidela egia esan, objetiboak baino eremu txikiagoa hartzen baitzuen, eta ez nuen inoiz erabiltzen.

    Inaxio, azken asteetako erabileraren ondoren, erabakia hartzeko orduan lagungarri izan dezakedan zerbait gehituko zenuke kamara honen balorazioan?

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2014·ko Apirilaren 27·an - 11:06etan·an

    Nik uste nuen errazagoa izango zela argazkia botatzeko orduan, baina ez da hala, eta gogaikarri xamarra gerta daiteke bestela ohituta dagoenarentzat. Sony RX100arekin alderatuz esaterako, hau (Sony) piztu eta oso segundu gutxitan argazkia botatzeko gertu dago. Hura berriz (Panasonic) piztu eta... objetiboa manualki zabaldu behar zaio, eta tapa ere, jarria badu, eskuz kendu eta gorde egin behar da. Behin egin behar izanez gero ez da deus, baina egunean ehun aldiz egin behar izanez gero, esandakoa, gogaikarri xamarra gerta daiteke.

    Bi kamara hauen tamaina alderatzeko, begiratu <a href="http://camerasize.com/compare/#491,332">hemen</a&gt;. Panasonic-ak objetiboa falta du argazkietan, eta horrek ere puska bat eransten dio, ez baita dena biltzen Sony-arena bezala.

    Beste alde nabarmen bat lehenetsitako objektiboaren ahalmena da. Ohiko zoom batekin (~28-90) ohituta egonez gero, pixka bat motz gelditzen da Panasonic honena "tele"ari dagokionez: 24-64mm. Nik nahiago dut 24mm horiek izateko aukera, eta ez da ohikoa kamara merkeetan lehenetsitako eskaintzan. Orain ere hor ibiltzen naiz amildegiaren ertzeraino joanda edo eliz-barruko txokoetan sartuta argazkian ahalik eta puska handiena harrapatzeko, baina orain gehiago kabitzen da, askoz gehiago! Gutxitan erabiltzen nuen bestela ere lehen zoomaren beste muturra.

    Sony horrek bestetik pantaila dolesgarria du eta Panasonic-enak ez. Lehengo kamaran banuen aukera hori eta orain ez. Eta egokia gertatzen da hori makrorako esaterako, edota eliza baten barruko ilunpean kamara zerbaiten arrimuan jarri behar duzunean esposizio luze batean geldirik eusteko. Orain antzeko zerbait lor daiteke kamara mobilarekin kontrolatuz (Android, IOS mobilarekin), baina egia esan ez dut proba askorik egin hortan.

    Beste kontu bat panoramikak egiteko aukera da. Sony-renak eskaintzen du (berak sortzen ditu kamaran bertan), eta Panasonic-enak ez.

    Halere nik uste dut argazkiaren kalitatea hobea dela Panasonic-ean, sensorea handiagoa delako. Ikusten dudanarekin oso gustura nago ni behintzat. Hori eta 24mm horiek erabakiorrak izan ziren niretzat.

    Baina antza denez Sony RX100 mark III ateratzekotan da, RX100 IIa hobetzeko asmotan: bisore bat eransten badio, edo GPSa, edo objektibo argiagoa, edo 24mm... zalantza gehiago izango nuke.

    Ez dakit esandakoak erabakia hartzeko balioko dizun edo zalantza gehiago sortu besterik ez dizudan egin. Ni bi horien artean ibili naiz zalantzan eta horregatik aipatu ditut horiek, baina izango dira seguraski beste hainbat egoki askoak...

  • Avatar

    inaxio·k bidalia 2014·ko Maiatzaren 16·an - 09:22etan·an

  • account_circle

    Jose·k bidalia 2014·ko Maiatzaren 22·an - 23:20etan·an

    Interesgarria dirudi, bai. Dena den, aurreko astean iritsi zitzaidan Panasonic Lumix GM1a, eta oraindik gutxi erabili dudan arren (<a href="/node/27262">Uguzpe ur-jauzikoak</a> dira lehenengoak), gustora nago. Nola erabili ikasten ari naiz egia esan, aurreko kamaratik honetara jauzi handia baita niretzat.