Skip to main content

Belaguako aterpetik 3EMra Ukerdiko haranean barrena ibilbidea

JAG·k

2012/07/12 - 10:00

Abiapuntua
Belaguako aterpea (Izaba)
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1100 m
Eskema
Belaguako aterpea - Eskilzarra - Lapazarra lepoa - Ukerdiko harana - Lhurs lepoa - Hiru Erregeen Mahaia
Luzera
8.00 km
Iraupena
5 ordu
Ibilbide mota
Oinez

Ibilbide hau Miguel Angulok Euskal Herriko Mendiak liburuaren lehen argitaraldian dakar eskematikoki (hiru izarrekoa izendatzen du: interes maila, hirutik hiru), baina ez dut inon aurkitu azalduta. Harrezkero berak ere ez du inon aipatu. Abiapuntuko Belaguako aterpea (1.428 m) bertan behera utzita dago, baina leihoren bat zabalik (apurtuta) dauka, zurezko eskailera bat jarri dute eta barrua erabiltzen dela ikus daiteke (2012ko uztailean).

Aterpearen atzealdetik Eskilzarrara (1.350 m) jaitsi, taket zuri-gorriak (GR12) jarraitu eta eskuinera Zemetoko pasagunean sartu (10 minutu). Irteeran dago lehen bidegurutzea: ezkerretara jo (eskuinetara eginaz gero, Belagua haranera jaitsi edo Lapazarra eskuinetik inguratu liteke). Gure bidetik Lapazarra eskuinean utziko dugu. Marka zuri-gorriak ditugu hurrengo bidegurutzeraino. Hor markak eskuinetara igotzen dira (GR12), baina guk ezkerrekotik (zuzen) aurrera jarraituko dugu ia aldatsik gabe.

Baso eder batetik gabiltza. Berriro aurkituko ditugu taket zuri-gorriak eta harri piloak (cairnak). Nolanahi ere bidezidorraren arrastoa oso markatuta dago. Une batean soilune bat dago eskuinean eta harri pilo bi: itxura ematen du bidezidorra utzi eta zuhaitzik gabeko leku horretatik jarraitu behar duzula, baina ez. Marka horiek soilunean bidez kanpo daudenei adierazten diete bidea non dagoen, ez dizute adierazten bidetik hor irten behar duzunik. Beraz, ez irten, paisaia ikusteko ez bada (Lapazarra mendia ikusten da).

Aurrerago aldatsa hasten da, orain arte ia aldatsik gabe ibili gara. Lapazarraren goiko lepora (1.673 m) heldu eta amaitu da basoa (1 h 20). Taket zuri-gorriei eskuin-ezker jarraitu eta aurrez aurre agertuko zaizkigu, aldats beherarekin batera, Ukerdi ezkerrean (Budogia eta Hiru Erregeen Mahaia Lintzak erdi estaltzen ditu) eta Lapakiza Linzola eskuinean. Jaitsi taket zuri-gorriei jarraitzen, eta ezkerreko hormapean bibak egiteko leku babestu bat aurkituko dugu (estalkiren bat jartzeko egurrezko egitura prestatuta duena). Bibakaren parean amaitzen dira taketak eta markak.

Atze-eskuinetik aurre-ezkerrera, diagonalean, harantxo bat dago 30 bat metro beherago. Jaitsi ahal den lekutik harantxo horretara (malda belartsua eta tarteka hormak, baina arazorik ez). Bidezidor bat dago bertan, goitik ikusten dena, ezkerretara (aurrera) hartu (eskuinetara, Larreriatik Belaguara jaisteko edo Lapazarraren itzulia eginaz Belaguako aterpera itzultzeko). Berriro basoa, aldatsik ia batere ez eta harri piloak dira marka bakarrak, eta bidezidorraren aztarna, markatua izan arren, ez da Lapazarra leporainokoa bezain zabala.

Basoa amaitzen denean Ukerdiko saroira heltzen gara: haitzak eta belarra. Aldatsa hasten da berriro. Bidegurutze batera heltzen gara; marka gorriak daude, GR12 ibilbidearen bihurgune bat adierazten dute: aurrera edo eskuinera. Markak jarraitu aurrerantz (eskuinetarantz eginaz gero, Solanara eta Lintzako aterperantz). Ukerdiko ataka (1 h): gure aurrean Ukerdiko harana dugu, harrizko basamortu gorabeheratsu, aldapatsu eta trokaz betea. GR12 ibilbideak urrun ezkerrean ikusten den leporantz jarraitzen du eta guk aprobetxatu ditzakegu hasierako harri piloak baina gero Intzola aldera igaro beharrean Ukerdin mantendu behar dugu. Hiru Erregeen Mahaia ikusten dugu eta itzulia egingo diogu ekialdetik igotzeko. Marka barik jarraituko dugu, bada, tarte batean. Tentazioa da tontorrera zuzen igotzea, baina ez da komeni, horma asko dago. Ukerdiko haranaren eskuinalde orografikotik, igotzen ezkerretik, itzulia eginda hobeto joango gara. Pazientzia. Ourtets lepoaren inguruan hasiko dira berriro harri piloak, Lhurs lepora (2.321 m; 1 h 15) eta hortik tontorrera heltzeko (30 minutu). Azken piramideak eskuak erabiltzea eskatzen du, baina harri piloen bidea jarraituaz gero, bide normaletik bezalatsu.

Igo eta jaitsi 8 h dio Miguel Angulok; jaisteko 3 h dio. Ia desnibel guztia tontor inguruan dago: gainerakoa aldatsik gabe, gorabehera txikiekin ibili behar dugu. Lainoa Ukerdi haranera sartzen bada, jaisteko, Lintzako bidea har daiteke eta Solanan GR12 hartu Belaguako aterpera joateko, edo, giroa okertzen bada, Lintzako aterperako bide zabaletik jarraitu (ia 3 h). Lintzako aterpea urte guztian dago zabalik eta taxi zerbitzua dago. Aterpeko bat behintzat euskalduna da, azpeitiarra.

Oharrak
Eguraldi argi eta seguruarekin bakarrik sartu behar da Ukerdiko haranean.
Egun luzeak aukeratu eta goiz abiatu.
Ez dago urik.
Ez genuen GPS estaldurarik lortu basoan.
Ziurtatuta dago ez duzula inor aurkituko gutxienez Lhurs leporaino (Laskundik datozenak).
Noranzkoa gutxi gorabehera berdina da denbora guztian (ekialderantz), ia Lhurs lepora heldu arte (hegoalderantz eta gero sartalderantz).
Anguloren denbora (4 h 15 igotzeko) erreferentzia ona da. Guk denbora galdu genuen soilunean erratuta, Ukerdin marka bila nora ezean eta geldialdietan, eta hala ere 4 h 45.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi