Lac d’Isabetik igotzeko hartu behar den pista bera hartuko dugu Biteteko errekaren ondotik (750 m.).
Ordu erdi baino lehenago, aparkatzeko lekura iritsiko gara (950 m.). Hemen pista bitan banatzen da. Eskuineko adarrak (pista nagusia), zubi baten gainetik erreka zeharkatu eta Lac d’Isabera jarraitzen du. Guk ezkerrekoa hartuko dugu eta zazpiehun bat metro eginda, basoa zertxobait argitu eta ur hodi handi baten azpitik igaroko gara (1050 m.). Hemen ezkerretara, mendebalderantz, bide zidor bat hasiko da, malda piku batetik gorantz. Hirurehun bat metro igota, hegoalderantz, malda leundu egingo da. Geroxeago belardi zabal ia lau batera iritsiko gara eta berau zeharkatzean, ezkerretara txabola bat ikusiko dugu: Cabane d’Artigue de Sesques (1.420 m.). Aurrera jarraituz berriro basoan gora, laster basoa bukatu eta glaziarrek eragindako aran belartsu batera iritsiko gara eta bertan artzain etxola bat: Cujala de Sesques (1.657 m.). Bertako artzaina, berrogei urtetik beherako gizasemea, oso gizon atsegina suertatu zen. Erdi frantsesez erdi gaztelaniaz, bere bizimoduaz gustura zegoela sumatzen zen.
Aurrera jarraituz, hego mendebalderantz, bide aztarnarik gabe, soroa gero eta harritsuagoa, aranaren zokora iristean (1.900 m.), ezkerretara malkor baten azpitik bira bat egin eta bere gaina (2.000 m.) hartzen duen bide zidorra ikusiko dugu, Caperan de Sesques parean gutxi gora behera. Bidexka hau jarraituz mendebalderantz, aurrean dugun “Col de Sesques”era iristen ez dugu arazorik izango, bidexka erdipurdi nabari delarik, “cairn” batzuk jarraituz. Azken metroetan ez da bide arrastorik nabari, baina lepoa, 50 metrora besterik ez dago (2.396 m.).
Lepotik iparralderantz malda belartsu batetik gora jo eta inolako arazorik gabe tontorrean zaudete.
Eranskina | Tamaina |
---|---|
sesques_neurea.trk | 329.9 KB |
sesques_neurea.gpx | 268.25 KB |
Komentariorik ez..