Skip to main content

Locustella naevia?

inaxio·k

2010/07/01 - 21:35

2073 klik

Azken asteotan bizilagun berriak izan ditugu etxean, etxeko atarian, sarrerako atearen ondoko tiesto batean hain zuzen. Orain ere hor izango dira, hau idazten dudan bitartean, bere txokoan kizkurtuta, baina ez luzerako seguraski.

Duela bost edo sei aste hasi zen kontua, txori bat (edo bi) kabia egiten hasi zenean (edo zirenean, ez dakit nola banatzen dituzten lanak euren artean) ate ondoan, horman eskegita dagoen tiestoan hazten den kaktusaren oinean. Ez genuen pentsatu orduan han arrautzak jartzen hasiko zirenik, leku egokiagoren bat aurkitu zutelakoan gure joan-etorriekin izututa. Baina halako batean ikusi genuen baietz, hantxe jarri zituela arrautzak, eta hantxe egoten zela haiek berotzen. Atea irekitzen genuen bakoitzean alde egiten zuen salto batean, handik minutu batzuetara itzultzeko.

Etorkizun handirik ez ikusi arren, saiatu gara ahalik eta traba gutxien egiten eta halako batean, jaio ere bai! Hiru kume.

Egunero ikusi ditut aste pare bateko epean bere txokoan, egunetik egunera handiago eta pixkorrago. Eta horrek harritu nau gehien, zein azkar hazi diren. Hazi eta kabia bete dutenetik gurasoak ez dira kabian egoten, nahiko lan badute haiek mazkatzen eta etxeko gainontzekoak kontrolatzen. Inguruan inor ikusi orduko hasten dira erritaka, gelditu gabe, alde egin arte.

Halako batean desagertu egin dira, lehenengo bi eta gero hirugarrena, ordu gutxiko aldearekin. Galduak zirela uste genuen, ez baikenuen uste hegan egiteko gauza izango zirenik (eta katuak eta zakurra sarritan ibiltzen dira atarian). Inguruak miatzen ere ibili gara, baina arrastorik ez. Gurasoak inoiz baino haserreago izan ditugu gainean, erritaka eta mehatxu eginez (une batean izutzeko keinuak ere egin dizkit batek, paretatxoria baino txikiagoa den txoki txiki batek alajaina!). Kumeak galduak zituztelako ari zirelakoan nengoen, baina ez, seguraski oraindik inguruan zituztelako eta babestu nahi zituztelako ariko ziren, ze 30 ordu beranduago berriro kabian agertu dira hirurak. Beroarengatik alde egin ote duten susmoa dugu, izan ere goiz partean bete-betean jotzen du eguzkiak atariko pareta hori. Aurreko batean ama (edo aita, biak berdinak baitira) hegoak zabaldu eta itzal eginez egon omen zen.

Badirudi beraz dena ondo bukatuko dela, eta aurrera aterako direla denak.

Liburuetan begiratzen ibili naiz zein espezietakoak diren asmatu nahirik, eta izenburuan aipatutako "Locustella naevia" (eu: Benarriz nabarra, es: Buscarla pintoja) espeziekoak ote diren pentsatzen nabil. Baina gauza gutxi dakit nik txoriei buruz, beraz norbaitek ezagutzen baditu, esan dezala!

Komentariorik ez..