Ainhoatik Bizkailuzera ibilbidea

ietxaburu·k

2009/03/07 - 12:52

1514 klik
Abiapuntua: Ainhoa
Zailtasuna: Erraza
Igoera metatua:1000 m
Eskema: Ainhoa-Bizkailuze-Dantxarinea-Ainhoa
Luzera:18.00 km
Iraupena: 5 ordu
Ibilbide mota: Itzulia, jaitsiera beste bide batetik

Lapurdiko Ainhoa herritik abiatuko gara (40 m).

Herriaren atzealdeko (eki aldera) aparkaleku zabaletik, ekialdera, maldan gora hasten den pista zabaletik, GR-10 jarraituz, ordu erdi batean, 350 m. gorago dagoen kaperara iritsiko gara.

Ipar ekialdera Erebi tontorra dugu. Bideak ezkerretik inguratzen duen arren, gu tontorrerantz zuzen joango gara. Hogei minutu beranduago tontor zabalean gaude (583 m. 00:50).

Hamar minutu behar ditugu hego ekialdera, 70 m. beherago dagoen lepora iristeko. Hemen ezkerretik datorren GR-10 bidea zeharkatu eta lehengo norabidea jarraituz, beste 100 m. gora igoz, Atxulegi tontorrean gaude, hamar minutu beranduago (616 m. 1:10).

Tontor luzea atzean utzi eta eki aldera, ia 200 m. beherago dagoen lepora jaitsiko gara. Berriro GR-10ekin bat eginda, hego ekialderantz igotzen hasiko gara, Mondarrainetik Bizkailuzera luzatzen den bizkarraren bila, hain zuzen, Urrezti eta Bizkailuzen arteko lepora (566 m. 2:00).

Hego aldera, Bizkailuzeko maldan gora, bizkarren gain gainetik, ordu erdi eskasean, 691 metroko garaiera daukan tontor zabal batera iritsiko gara. Bere eskubitara (mendebaldera) 250 metrora, Gorospil tontorra dago (658 m.) Haraxe joango gara eta gero bere mendebaldera, pixkanaka beherantz doan bizkarraren gainetik jarraituko ordu erdi pasatxo, Arotzenborda ondoraino (280 m). Hemen (lepo txiki bat egiten du), eskuinetara beherantz doan bide bat hartu eta nahiz eta zenbait bide gurutze egon, marra hori batzuk jarraituz inolako arazorik gabe Lapitxuri errekaraino jaitsiko gara ordu laurdenean (111 m.). Zubi zabal bat zeharkatu eta errekaren ondotik asfaltatutako pista jarraituz, 20 minutuan pista bitan banatzen den leku batera iritsiko gara. Ezkerretara, errekaren beste aldera etxeak ikusten dira, baina eskuinetakoa hartu eta ordu laurdenera Dantxarineatik Ainhoara doan errepidearekin bat egingo dutu. Oraindik beste ia ordu erdi egin beharko dugu errepide bazterretik, Ainhoara iritsi arte (4:30)

 

Arrastoa:
EranskinaTamaina
ainhoa_bizkailuze_vista.trk337.62 KB
ainhoa_bizkailuze_vista.gpx267.29 KB

Komentariorik ez..