Ez da erraza Iburtu haitzera igotzea. Liburu zaharretan (ad. Zubieta Barcosena)ez da zailtasunik batere aipatzen. Izan ere, orain hainbat urte igo genuenean ez genuen aparteko oztoporik aurkitu. Orain ordea nahiko aldatu dira gauzak. Azken txanpa eskalada erraz (II) baten bidez egiten da, baina sasiak hainbeste hazi dira non zaila egiten baita aurrera egitea. Nire argazki zaharrak begiratuta, zaila da erratea mendi bera dela!
Oharra eginda, goazen harira.
Mapan eta Wikilocen jarritako ibilbidean jaitsierako bidea besterik ez da agertzen, zailena baita aurkitzeko.
Itzalle herritik Tobo sakanean gora eginen dugu. Horretarako herria zeharkatu eta zubi zahar batetik pasatuko dugu erreka hegoalderantz joz. Bidea inoiz utzi gabe, bi urjauzien ondoan igaroko gara. Bigarren urjauzia pasata, kairn batzuk ikusiko ditugu ezkerraldean (ekialdean) gora igo eta berehala Iburtu eta Orlagaturen arteko lepoan izanen gara. Hemendik aurrera ez dago biderik. Hoberena harriaren ertzetik joatea da... kontu handiz, amildegi handia baitago (baita ikuspegi apartak ere). Iburtura hurbildu ahala, ezpelek eta sasiek elkar hartuko dute gu geldiarazteko. Pazientzia beharko dugu ez etsitzeko. Igoera hau deseroso eta arriskutsua izan daiteke, kontuz beraz batez ere halako igoeretara ohiturik ez bagaude.
Gailurrak saria emanen digu ikuspegi paregabeekin. Jaisteko beste bide bat erabil dezakegu (mapan eta wikilocen dagoena): berriz ere lepora jaitsi eta (lehenik Orlagatura joan nahi ez badugu) ekialdean hasten den bide garbia hartuko dugu. Alanbre hesi batera iritsita, jaisten den bidea hartu eta lurrezko pista batera helduko gara. Pista horretatik iparraldera joz, hogei minututan iritsiko gara errepidera. Handik Itzallera hamar minutu besterik ez dago. On egin!

Eranskina | Tamaina |
---|---|
Iburtu-ZURIAIN.gpx | 45.52 KB |
Komentariorik ez..