Skip to main content

Lizuniaga mendatetik Urdazubira zeharkaldia ibilbidea

Jose·k

2008/05/07 - 20:15

Abiapuntua
Lizuniaga mendatea
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
1000 m
Eskema
Lizuniaga mendatea - Ibanteli - Lizarreta mendatea - Etxalargo usategiak - Irumuga lepoa - Arxuria - Ibaineta lepoa - Mendibil - Urbia lepoa - Loiara lepoa - Mitxelen Borda - Urdazubi
Luzera
19.00 km
Iraupena
6 ordu
Lurraldea

Jarraian azaltzen den ibilbidea Lizuniaga mendatetik Urdazubi herrira doan zeharkaldi bat da, Ibanteli, Arxuria eta Mendibil mendien tontorretatik igarota. Garaiak izan ez arren, Ibantelik eta Arxuriak mendizale asko erakartzen dituzte, Arxuriak batez ere, hegoaldera erakusten dituen malkar ikusgarriek itxura berezia ematen baitie. Ikuspegi zabalak eskaintzen dituzte biek. Ibanteli eta Arxuria arteko bidea mendi-bizkar leun batetan zehar egiten da. Etxalargo usategiak daude tarte honetan. Mendibiletik Urdazubira jaisteko berriz, Urbia eta Loiara lepoetatik pasatzen da, Mitxelen Bordako errekastori jarraituz Urdazubira iristeko.

LIZUNIAGA MENDATEA (219 m.)

Mendatearen gainetik hegoalderantz habiatzen den bidetik joko dugu, aldapa leunarekin igotzen. Ezkerretarako bihurgune bat pasatu eta metro batzuetara, bide hau utzi eta ezkerrerantz irteten den bidetik jarraituko dugu, txabola baten aldamenetik pasatuz. Tarte labur batez basoan sartuko gara. Zati honetan bideak ez du ia gorabeherarik. Errekasto bat zeharkatuta, iparralderantz jotzen du bideak, baina laster eskuinera bihurgune bat hartuta hegoalde norabidea hartzen du, maldari aurre eginez. 38 zenbakia duen mugarria aurkituko dugu bidearen ondoan. Zuzen-zuzen aldapan gora egin behar dugu, Ibanteliren ekialdeko lepoa den Lepoaundi lepora iritsi arte (601 m.; 50'). 39 zenbakidun mugarria dago bertan. Lepo honetatik Ibantelira igotzeko ekialderantz jo behar dugu, mendi-bizkarrean zehar.

IBANTELI (698 m.; 1h)

Atsedenaldi bat hartu eta tontor honek eskaintzen dizkigun ikuspegi zabalez gozatu ondoren Lepoaundi lepora itzuliko gara, eta hegoalderantz jaitsiko gara, larre zabalak zeharkatzen dituen bidezidorrean zehar, Lizarreta mendatera.

LIZARRETA MENDATEA (442 m.; 1h25')

Lizarreta mendatetik hego-ekialderantz doan hartxintxarrezko bidetik joko dugu. Bide honek, Nafarroa eta Lapurdiren arteko muga den mendi-bizkar leunean zehar eramango gaitu, lepotik lepora, muinoak ekidinez, hego-ekialderantz aurrena, Etxalarreko usategietatik igaroz, eta ekialderantz gero, Arxuriara gerturatuz. Tartean, Nabarlatsa lepoan (478 m.; 2h10'), jarraitzen ari ginen bideak ipar-ekialderantz egiten du mendi-bizkarretik aldenduz. Hau utzi eta mendi-bizkarretik jarraitu behar dugu, muinoan gora egiten duen bidetik, zein muinoa eskuinetik inguratzen duen bidetik GR 11 ibilbideak bezala.

Muino luzexka baten gainaldetik ibili ondoren Mugarrikamets lepora jaitsiko gara (483 m.; 2h30'). Adi! Aurrerantz, ekialderantz jarraitzeko tentazioa izan dezakegu, Arxuria norabide horretan baitago, begien bistan. Tartean bailaratxo bat zabaltzen da ordea, eta horregatik, eskuineko bidetik joko dugu, hego-hego-ekialde norabidearekin. 300 metro ingurura bide zabal batekin egingo dugu topo, eta ezkerrerantz jarraituko dugu.

Bide honek Orizki mendiaren ipar-ekialdeko magala zeharkatzen du, aldapa leunarekin altuera pixka bat irabazten duen bitartean. Tarte honetan izeiak dira nagusi. Orizkiren ipar-ekialdeko hegia harrapatzen dugunean, hegian behera bidezidor bat datorrela ohartuko gara. Bide zabala utzi eta bidezidor horretatik joko dugu hegian behera, Irumuga lepora iritsi arte.

IRUMUGA LEPOA (521 m.; 2h55')

Arxuriaren hegoaldeko horma helmuga gisa hartuta zuzen-zuzen gorantz joko dugu, ipar-ekialde norabidearekin. Hasieran badirudi nahiko bide garbia dagoela, baina gora egin ahala galdu egiten da. Nolanahi ere guk zuzen gora jarraituko dugu, ezker-eskuin agertuko zaizkigun bidezidorrei jaramonik egin gabe. Haitzetatik gertu gaudenean, zertxobait ezkerrerantz egingo dugu, malkarrak gainditzea ahalbidetuko digun kanalaren bila. Zenbait harri-pilak kanalaren sarrera adieraziko digute.

Kanalean gora egingo dugu. Hasierako tarte honetan aldapa handia dago, eta harri zati handiek bidea oztopatzen digute, baina gehiegizko zailtasun gabe igoko gara. Ondoren bidezidor estu batek ekialderantz eramango gaitu, tontorraren azpialdetik igaro eta ekialdeko gandorra harrapatzeko. Metro gutxi batzuk gehiago, eta tontorrera iritsiko gara.

ARXURIA (756 m.; 3h40')

Arxuriatik ekialderantz jaisten hasiko gara, bidezidor bati jarraituz. Bidezidor honek ekialdeko gandorra baino dezentez beherago eramango gaitu, ipar isurialdetik. Tarte batetan bidea harlauzekin eginda dago. Bidezidor honek ekialdeko gandorreko lepo batetara eramango gaitu, eta han isurialdez aldatuko dugu. Ekialderantz jaisten jarraituko dugu, Arxuria eta Mendibil arteko lepoaren bila.

IBAINETA LEPOA (513 m.; 4h10')

Ibaineta lepoan monumentu megalitiko ugari aurkituko ditugu: trikuharri bat eta dozenatik gora mairubaratza. Bide garbi batetan gora, hurrengo muinora igoko gara (596 m.). Mendibileko tontorra begi bistan dugu hemendik. Bi muinoen arteko lepora jaitsi (568 m.), eta bidezidorrari jarraituz, harri pila handi batez eta metrailadore zulo batez apainduta dagoen Mendibileko tontorrera iritsiko gara.

MENDIBIL (620 m.; 4h25')

Ipar-ekialderantz jaitsiko gara, Mendibil ekialdean hurrengo tontorra den Aizparazengandik banatzen duen Urbia lepoaren bila. Jaitsiera oso aldapatsua da, belardian behera. 500 metro pasatxoan ia 200 metro jaitsiko ditugu.

URBIA LEPOA (434 m.; 4h40')

Lepo honetan bide asko elkartzen dira. Guk ekialderantz doan bidea hartuko dugu, gorabehera gutxirekin Aizparaz hego-ekialdetik inguratu eta Loiara lepora iristeko.

LOIARA LEPOA (444 m.; 4h55')

Loiara lepoan ere ekialderantz doan bidetik jarraituko dugu, Arleun izeneko mendia hegoaldetik inguratuz. Berroberri lepoan (425 m.; 5h) bide honek hego-ekialde norabidea hartzen du. Gure ezkerretara bailara bat zabaltzen dela ikusiko dugu. Zertxobait aurrerago, bideak ezkerretara bihurgune bat egin eta ipar-ekialde norabidea hartzen duenean, bide hau utzi eta iparralderantz jaisten den bidezidorrari helduko diogu, bailararen barrenera jaisteko. Erreka gurutzatu eta iparralderantz jarraituko dugu, Argindoieta lepoaren bila.

Lepoa baino zertxobait lehenago, Mitxelen Borda izena duen baserrira iritsiko gara (290m.; 5h20'), eta honen aurretik eskuinerantz doan bidetik jarraituko dugu, hego-ekialderantz. Berriz ere erreka gurutzatuko dugu. Bideak ipar norabidea hartzen du, baserri baten hondakinen aurretik igaroz.

Bide honek, errekastoa jarraituz bailaran behera eramango gaitu, hasieran ipar-ekialderantz, pixkanaka ekialderantz zuzenduz. Bailara zabaltzen denean bide zabalago bat aurkituko dugu. Hilerriaren ondotik pasatu, eta laster Urdazubira iritsiko gara, zeharkaldiari amaiera emanez.

URDAZUBI (90 m.; 5h45')

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi