Skip to main content

Ezkabako itzulia, Aizoaindik abiatuta ibilbidea

inaxio·k

2008/03/17 - 14:21

Abiapuntua
Aizoain
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
450 m
Eskema
Aizoain - Mendebaldeko bizkarra - Ezkaba - Artika aldeko bidea - Aizoain.
Luzera
8.00 km
Iraupena
2 ordu 30 minutu
Lurraldea

Aizoain herriko elizaren eskubi aldetik mendian gora abiatzen den porlanezko pistari jarraituz helduko gara hilerrira. Haren aldamenean dagoen aparkalekua sare batez hesituta dago, baina hautsita dago tarte batean (2008-3-16): handik abiatzen den bidezidorrari ekin behar diogu.

Lehenengo metroetan bidezidorrak behera egiten du tarteka, pinudian barrena; nahikoa da arrasto nabarmenenari jarraitzea. Laster egingo dugu topo gurdibide zabalago batekin eta eskubi aldetik gora joko dugu. Berehala helduko gara zabalgune batera. Ezker aldera jo eta bide arrasto nabarmen bat topatuko dugu, aldapan gora abiatzen dena. Hari jarraituko diogu puska batean, artadiaren itzalean gehienean, beste bide zabalago batekin topo egin arte. Bide berri honetan ere eskubi aldera joko dugu, gora eginez. Halako batean beste zehar bide zabalago batekin egingo dugu topo, baina hura gurutzatu eta norabide berean jarraituko dugu, mendiaren bizkarrera heldu arte.

Han, mendebaldean hedatzen den panorama zabalari begiratu bat eman eta gero, nahikoa dugu bizkarreko arrastoari jarraitzea tontorrera gerturatzeko. Bizkarra gurutzatzen duen pista zabal batekin egingo dugu topo gorago, baina hura gurutzatu eta bizkarrari jarraituko diogu oraindik ere, pinudia zeharkatu eta laster gotorlekuaren harresiarekin topo egiteko.

Gotorlekua bitan banatuta dago eta mendebaldeko zatiaren gainera igo daiteke, arazorik gabe, harresia eskubi aldetik inguratuz, baina ez dago aurrera jarraitzerik. Bide beretik jaitsi eta gotorlekua inguratzen duen bidezidorrari jarraituz gero Ekialdean dagoen sarrera helduko gara. Sarrera ere itxita egoten da, ez dago ageriko biderik tontorrean ikusten den erpin geodesikora heltzeko.

Jaisteko Artika aldeko bidea bilatu behar dugu. Hortarako sarreratik gotorlekua hegoaldetik inguratzen duen bidera jo eta punturik beherenera heltzean pinudian abiatzen den bidezidor nabarmen bat bilatu behar dugu. HEko norabidea jarraitzen du bide honek tarte batean, errepidearen bihurgune batera heldu arte. Ez dugu errepidera sartu beharrik, haren aldamenetik jarraitzen du gure bideak ere, basoan behera eginez. Arrasto nabarmenenari jarraituz, errepidearekin egingo dugu topo berriro beherago: oraingoan gurutzatu eta norabide berean jarraitzen duen bidezidorrean behera segiko dugu.

Beste behin ere topatuko dugu errepidea beherago. Erne, Bide asko elkartzen dira tarte honetan! Oraingoan ere errepidea gurutzatu eta beste aldean zabaltzen den gari soro batera joko dugu. Haren bazterrean pinudi baten itzalean dauden mahai batzuk daude, eta haien aldamenetik abiatzen da bidezidor arin bat, pinudian barrena, aldameneko muinoan gora. Bide horri jarraitu behar zaio, arrasto nabarmenena jarraituz, Mendebaldera joz. Hegoaldera joz gero, Berriozarrera jaitsi eta handik ere arazorik gabe helduko ginateke Aizoainera, baina basoan barrena jarraitzen duen bidea politagoa da.

Basoaren itzaletik jarraituz gero, tiro eremu batekin egingo duzue topo aurrerago. Hura ere iparraldetik nahiz hegoaldetik inguratu dezakezue, Aizoain haren beste aldean gelditzen da.

Bidean ikusi beharrekoak
Oharrak
Izango da beharbada gotorlekura sartu eta tontorrera heltzeko moduren bat, baina ez dut uste merezi duenik sarrera galarazita egonda.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi