Skip to main content

Hiru Erregeen Mahaia Lescundik ibilbidea

ietxaburu·k

2007/08/15 - 19:44

Mapako edukiak aukeratu

Zein eduki erakutsi










Edukia erantsi

Zer erantsi nahi duzu?

Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.

Near targets

Abiapuntua
Lescun
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1950 m
Eskema
Lescun - Lhurs aintzira - Hiru Erregeen Mahaia - Col.Petrechema - Ansabereko txabolak - Lescun
Luzera
26.00 km
Iraupena
10 ordu
Lurraldea

Lescundik Hiru Erregeen Mahairako ibilaldi honetan, igotzeko eta jaisteko, bide desberdinak erabiliko ditugu, baina badago bide gehiago ere bai.

Lescun herritik aurrera jarraitu Ansabereko bailaran zehar eta Pont de Masousa (960 m.) izeneko lekuan utziko dugu autoa, jaisterakoan hementxe bukatuko dugu eta.

Errepidetxo batetik, Borde d’Anapia ondoan dagoen bide gurutzeraino joango gara (2,5 km) ordu erdian. Hemen Lescun herrira, edo Sanchèse belardietarako bideak utzi eta Lhurs aintzirara (ondo seinalatua) doan pista hartuko dugu. Hasierako hogei minutu ia lauak egin ondoren, pista utzi eta eskuinetara gora hartuko dugu, pagadiaren zehar, Lhurs eta Billare mendien artean dagoen ibarrerantz. Bi mendi hauen tartean sartzean, zuhaitzak bukatu, eta aintziratik datorren erreka zeharkatuko dugu eta beste ordu erdian, Lac de Lhurs aintziran gaude (1691 m., 2 ordu eta 20 minutu)

Aintziraren beste aldean, artzain txabola dotorea dago.

Aurre aurrean, Hiru Erregeen Mahaia ikusiko dugu, bere ikuspegirik bikainenarekin (zer ikusirik ez du Solanatik ikusita daukanarekin). Inguru honetako mendi guztiak, Lescun aldera horma tzarrak dauzkate, eta beraien arteko lepoetara igotzen ere, ez da izaten xamurra.

Artzain txabola ondotik mendebalderantz igoko gara, soroa belardia izatetik harritza izatera aldatzen doala, bide garbirik gabe (“Cairn” batzuk ikus daitezke, baina erreferentzia, Hiru Erregeen Mahaiaren eskuineko aldetik gora doan korridorea izango da). Korridorearen azpian (1900 metrotan), lautada harritsu txikia dago.

Hemendik ondo ikusiko dugu nondik eta nola igo behar den: Korridorearen ezker aldeko horma (korridorera begira), hasieran bertikala den arren, pixka bat gorago, etzanago jartzen da eta gainean belarra dauka. Ba horra iritsi behar da. Horretarako, korridorera iristeko, eskuineko harritzan oin arrastoa jarraituko dugu eta korridoretik gora, malda handiko harritza batetik (*), lehen aipatutako hain bertikala ez den eta belarra daukan gunearen pareraino. Korridoretik horra joateko, lehen errepisatxoa ezkerretara ez da hartu behar, bigarrena 10 metro goragokoa baizik. Erne joanez gero, cairn txiki batek seinalatzen duela konturako gara. (2110 m. gutxi gora behera, ). Malda erdi belartsu honetatik gorantz jarraituko dugu, oin arrastoak jarraituz arazorik gabe eta bere goialdean estutzen denean, ezker eskuineko harkaitzak hurbiltzen direlako, eskuineko harkaitzaren azpiko aldetik cairnak aurkituko ditugu. Eta honela goiko lepora aterako gara. (2295 m., ordu 1 eta 40 minutu aintziratik).

Hego aldera, 100 m. gorago, Hiru Erregeen Mahaiaren tontorra eta mahaiaren arteko lepoa dugu. Ordu laurdeneko kontua besterik ez da. Baina ahal dugun lekutik, zeren soroa, karsta izanik, sekulako pitzaduraz josia dago.

Behin lepoan, merezi du ekialdera joatea, 40 m. gorago dagoen mahairen puntara.

Berriro lepora itzuliz (**), mendebalderantz 250 m. joango gara, 100 m. jaitsiz, tontorraren hego aldeko magaletik. Hemen, eskuinetara malda erraz batetik 30 m. igoko gara, goitik gailurretik doan Hoya de la Solanako bidearekin bat eginez. Tontorra begi bistan dugu. Azken metroak harkaitzetik bide erraz batetik eta goian gaude (30 minutu lepotik).

Beherakoan, Hoya de la Solanako bidea jarraituko dugu (mendebalde hego/mendebalderantz), Hiru Erregeen Mahaia/Budogia eta aurreko mendiaren (Mouscate) artean dagoen ibartxotik. Ibartxo hau estutzen joango da eta tontorretik 50 minutura (2020 m) bide zidorrak aurrera jarraitzen badu ere, cairn handi batek, ezkerretara joateko aukera adieraziko digu. Aurrera jarraituko bagenu, Hoya del Portillon bukatuko genuke, beraz ezkerreko aukera jarraituz, ezkerreko harkaitza gaindituz, Hoya de la Solanara jaitsiko gara (1870 m) eta belardiak inguratuz, Linzara jaisteko igaro behar den lepora iritsiko gara, beste 45 minutuan.

Baina guk Lescunera itzuli behar dugu. Beraz, ekialde hego/ekialderantz malda gora doan bide zidorra hartuko dugu eta honela, Petrechema ezkerretara utzita, 2082 metrotan dagoen Col. De Petrechemara iritsiko gara (beste 50 minutu).

Bukatu dira igoerak. Orain dena jaitsi izango da bailara zoragarri batetik. Lehenengo, behean ikusten diren Ansabereko artzain txaboletara (1600 m), malda harritsu batetik, hain famatuak diren Ansabereko orratz ikusgarrien azpitik. Beherantz jarraituz, ordoki txiki eta polit batera iritsiko gara (1370 m), erreka ondoan lasai etzanda egoteko moduko leku zoragarria. Hemendik Ansabereko orratzen eta Hiru Erregeen Mahaiaren ikuspegia ere oso ederra da. Beherago, Pont de Lamary. Eskuinetara, Col de Larrailera igotzen den eta kare harri zurizko mendi ederrez inguratutako ibar ederra izango dugu.

Hemen pista hasten da eta aurrera jarraituz, goizean autoa utzi dugun lekuraino eramango gaitu. (2 ordu Col de Petrechematik)

Bidean ikusi beharrekoak
Arrastoa
Oharrak
* Komeni da korridoreko harritzarako, 2 esku makil eramtea
** Hiru Erregeen Maiaren tontorra eta mahaiaren arteko lepotik tontorrera zuzen joan daiteke. Hamar bat metro zuzen tontorrerantz igota, eskuinetara berrogeita hamar bat metro zeharkatu eta korridore baten azpira iristen da. Hogei ta bost bat metroko trepada bat egin eta gailurrean ohiko bidearekin bat egiten du, ia tontorrean.

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

1·tik 1·ra, 1 guztira

Argazki berria erantsi