Gazteluari erasoa

Jose-k sortua, 2007, abuztua 9 - 22:32
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Huesca
ABIAPUNTUA Selva de Oza
Eskema Selva de Oza - aterpea - Gaztelura sartzeko ataka - Acherteko Gaztelua
Lotuta »Castillo de Achert (mendi)
Gora-behera1300 m
Luzera12.5 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Inguruan altuagoak diren tontor asko izan arren, mendizale asko erakartzen ditu Acherteko Gazteluak. Eta ezta gutxiagorako. Bere geologia bitxiak edonoren arreta bereganatzen baitu. Lur gorri-gorria eta kare-haitza tartekaturik, eta hormatzarrak. Alde guztietatik begiratuta ere gaindiezinak diruditen hormek bailara berde txiki bat gordetzen dute. Izan ere, benetako gaztelu baten itxura du. Izena aproposa du, zinez.

Badago ordea bertara sartzerik. Hego-mendebaldeko hormek zirrikitu bat dute, zailtasunik gabe Gaztelu barrura sartzeko atea. Eta mendi-tontorraren berezitasuna gutxi balitz, Selva de Ozatik igotzen den bidea oso polita da. Lehenengo zatian baso eder bat zeharkatzen da, eta ondoren, Gazteluaren eta inguruko mendien ikuspegi ederra eskaintzen duen belardi batetan zehar gerturatzen da, Gazteluko hormei erasoa jo aurretik.

SELVA DE OZA (1125 m.)

Selva de Ozan egon zen kanpineko eraikuntza nagusiaren parean gutxi gorabehera, errepidearen eskuinaldean aparkatzeko tokia dago. Hemendik hasiko dugu gaurko ibilbidea.

Errepidean gora metro batzuk egingo dugu, errekasto bat zubi baten bitartez gaindituz, eta laster eskuinerantz abiatzen den bide bat aurkituko dugu. Bertatik jarraituko dugu kilometro t’erdiz gutxi gorabehera, basoan zehar, aldapa leunarekin igotzen, ipar-ekialderantz hasieran, eta hegoalderantz gero. Bidean, “La Corona de los Muertos” aztarnategira joateko bidea erakusten duen seinale bat ikusiko dugu.

Adi! Bide honek ezkerrerantz bihurgune estu bat hartu baino metro batzuk lehenago ezkerrerantz abiatzen den bidezidor bat hartu behar dugu. Tokia tronko zati bat, kartel bat eta harri-pila baten bitartez adierazita dago, ustekabean pasa ez gaitezen.

Aldapatsua baina oso polita den bidezidor hau jarraituko dugu, galerarik gabe, basoan barrena. Erreka gurutzatu ondoren aldapa areagotu egiten da.

ATERPEA

Basotik irten ondoren ere aldapa gogorrari egin behar diogu aurre tarte labur batez, aterpe bat dagoen laugune batetara iritsi arte (1740 m.; 1h20’). Gazteluaren hego-mendebaldeko hormen ikuspegi ederra dugu toki honetatik.

Mendebaldean, Gaztelua baino gertuago, muino borobil bat dugu. Honen ezkerretik doan bidetik jarraituko dugu, inguratu nahi bagenu bezala, eta aurrerago eskuinera joko dugu muinoa eta Gazteluaren arteko lepora igotzeko (1900 m.).

Arretaz begiratzen badugu Gazteluaren hormak altuera txikiena duen tokian Gazteluaren barrura sartzea ahalbidetuko digun ataka aurkituko dugu. Baina bertara iritsi aurretik aldapa gogorrari egin behar diogu aurre. Harri-pilek markatutako bidetik zuzen gora egingo dugu, belardian hasieran, eta hartxingadian gero.

GAZTELUKO ATEA

Gerturatzen garen neurrian gero eta argiago ikusiko Gaztelura sartzeko ataka zein den. Aldapa gogorra beste zailtasun gabe bertara iritsiko gara (2260 m.; 2h10’), eta Gazteluko hormek gordetzen duten bailara bitxia aurkituko dugu gure begien aurrean.

TONTORRA

Tontor nagusia ekialdean dago, gure eskuinean. Bertara iristeko bailaratxoa goialdetik inguratu behar da. Eskuinerantz joko dugu, hegoaldeko hormen gainaldetik doan bidetik, aldapa leunarekin altuera irabaziz, ekialdeko ertzera iritsi arte, eta ondoren iparraldera joko dugu azken aldapa igotzeko (2384 m.; 2h30’).