Skip to main content

Uitzi mendatetik Ireberrera igoera ibilbidea

Jose·k

2007/05/21 - 00:27

Abiapuntua
Utzi mendatea
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
450 m
Eskema
Uitzi mendatea - Oringo iturria - Launtzeko lepoa - Ireber
Luzera
13.20 km
Iraupena
5 ordu
Lurraldea

Uitzi mendatea Ireberrera igotzeko abiapuntu egokia da. Bide luze xamarra baina gora-behera txikikoa eskaintzen du. Ibilbidearen lehenengo zatian pagoz estalitako mendi-bizkar luzexka bat jarraituko dugu Ireberrera gerturatzeko, eta bigarren zatian basoa eta larreak tartekatuz Ireberreko kasko harritsua bilatuko dugu inguruko tontor apalagoen artean.

Ibilaldiaren lehenengo zatia Uitzi mendatetik (811 m.) ekialderantz luzatzen den mendi-bizkarretik egingo dugu. Horretarako, mendatearen gainetik bertatik abiatzen den bidea hartuko dugu. Hasieran hegoalderantz egiten du bide honek, baina laster ekialde-ipar-ekialde norabidea hartu eta mendilerroari jarraituko dio poliki-poliki altuera irabaziz, gehienetan mendigaina baino zertxobait beherago iparraldeko isurialdean, ia beti pagadian zehar, Beruetetik igotzen den errepidera iritsi arte (1011 m.; 1h10’).

Errepidetik ezkerrerantz metro batzuk ibiliz gero Oringo iturria aurkituko dugu. Iturritik errepidera iritsi garen puntura itzuli, eta errepidea gurutzatuko dugu aurrez aurre dugun malda igotzen hasteko. Bidezidorrak eskuinerantz eramango gaitu. Zertxobait aurrerago hesi bat gainditu eta zelai eremu zabal batetara irtengo gara. Ipar-mendebaldetik datorren bide bati elkartuko gatzaizkio eta hego-ekialderantz jarraituko dugu, zelai eremua zeharkatu eta basoan sartuz.

Bailara txiki baten barrenera iristean, basotik irten eta zuzen gora egingo dugu. Larre aldapatsua igo eta Launtzeko lepora iritsiko gara (1172 m.). Bi Aizpen Sepulture izena duen trikuharri bat dago lepo honetan.

Hegoalderantz doan bidezidorraren bitartez baso tarte labur bat zeharkatu eta Ireberren harrizko kaskoa aurrez aurre topatuko dugu. Azkeneko aldapa igo eta tontorrera iritsiko gara (1204 m.; 2h5’).

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi