Skip to main content

Pinetako zirkutik Astazoura igoera ibilbidea

Jose·k

2007/03/21 - 19:52

Abiapuntua
Pineta bailara
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1900 m
Eskema
Pineta - Pinetako balkoia - Marboré aintzira - Astazou lepoa - Astazou Txikia - Astazou Handia - Marboré aintzira - Pinetako balkoia - Pineta
Luzera
20.00 km
Iraupena
10 ordu

Pinetako bailara glaziar ederraren inguruan 3.000 metrotatik gorako tontor bat baino gehiago dago, Perdido eta Munia esaterako. Hauetako edozeinetara joateko abiapuntu egokia izan daiteke Pineta, baina kontutan izan beharrekoa da igo behar den altuera. Hemen azaltzen den ibilbideak Astazouko tontor bikoitza du helmuga.

Bertara iristeko bidea luzea eta gogorra da, baina baita ederra eta entretenigarria ere. Ikusgarria ikuspegi ederrak eskaintzen dituelako: Pinetako zirkua, Cinca urjauzia, Perdidoko glaziarra, Gavarnieko zirkua... Eta entretenigarria etengabe aldatzen den bidea delako: hasieran basoan zehar, gero Pinetako Balkoira bidean bidezidor batetan sigi-saga, Marboré aintziraren inguruko paisaia soila, hartxingadia Astazou lepora igotzeko, gandor zorrotza Astazou Txikitik Handira bidean,... Gainera sarrioak gertutik ikusteko aukera ona izan dezakegu, paraje hauetan jende gutxi ibiltzen denez sarrioak lasai bazkatzen baitira.

PINETA (1277 m.)

Pineta bailararen barrenean, errepidea bukatzen den tokian Pinetako amabirjinaren ermita eta paradore bat daude. Hauek baino zertxobait lehenago Cinca erreka zubi baten bitartez gurutzatuz gero aparkaleku zabal bat dago, eta kanpatzeko eremu bat.

Aparkaleku honetatik abiatuko gara, mendebalderantz doan bidetik. Basoan sartuko gara, eta laster baimenik gabeko ibilgailuei bidea ixten dien katea pasatuko dugu. Bide honek Lalarri laugunera eraman gaitzake, baina guk erdi bidera arte bakarrik jarraituko dugu.

Oso aldapa leunarekin altuera irabazten goaz. Bidearen ezkerraldean iturri bat aurkituko dugu. Kantinplora betetzeko aukera ona. Gorago beste iturri baten ondotik igaroko gara, baina uda sasoian baliteke hark ur gutxi izatea, beraz hobe dugu orain betetzea.

Laster Cinca erreka gurutzatuko dugu, eta metro gutxi batzuk aurrerago ezkerrerantz bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu (1440 m.; 33’). Bertatik jarraituko dugu, hasieran errekari paralelo, eta gero eskuinerantz egingo dugu errekatik urruntzeko (adi seinaleei!). Sigi-saga egingo dugu gorantz baso itxi batetan zehar.

Sigi-sagen ondoren mendebalde norantza hartzen du bideak, eremu irekian berriz ere. Tarte honetan Cinca urjauziaren ikuspegi eder batetaz goza dezakegu. Eta aldi berean, Balkoira iristeko igo behar dugun hormaren benetako tamainaz jabetuz joango gara.

Aska luze bat duen iturri baten ondotik igaroko gara, eta laster bidegurutze batekin egingo dugu topo (1615 m.; 1h). Bertan dauden seinaleek adierazten diguten bezala ezkerreko bidea Cinca urjauzira eta Tormosako erlaitzerantz doa. Guk zuzen jarraituko dugu.

Hemendik aurrera eztugu galtzeko arriskurik, bide bakarra baitago, zirkuko hormak gaindituz Pinetako Balkoira igotzen dena.

Horma baten barrenera gerturatzean bideak ezkerrera egiten du, eta hormaren ertzera iristean berriz ere zuzen gora lehenengo, eta eskuinera gero, hormaren gainaldetik. Larrez estalitako aldapa batetara iristean bideak norabidez aldatzen du, eta sigi-saga amaigabeetan zehar gora egiten du.

PINETAKO BALKOIA (2510 m.; 2h45’)

Bukaeran kanal zabal batetan sartuko gara, eta honen gainaldean gaudenean bideak ezkerretara egiten du horma baten gainera igotzeko. Ingurune lau xamar batetara iritsi gara. Pinetako Balkoian gaude. Pinetako bailararen ikuspegi ederra eskaintzen digu toki honek. Paradorea eta abiapuntua izan dugun aparkalekua txiki-txikiak ikusten dira. Hego-mendebaldean Perdido ikus dezakegu, eta bere glaziarra.

Ipar-mendebalderantz joko dugu, zertxobait igotzen, eta laster ohartuko gara goi-bailara batetan zehar ibiltzen hari garela. Hego-mendebaldetik Perdido, Zilindroa eta Marborék, eta ipar-ekialdetik Astazou, Tucarroya eta Pinetako tontorren arteko kateak mugatzen duten bailara honek Perdidoko glaziarreko urak batzen ditu, Cinca erreka osatuz eta balkoian behera urjauzi ikusgarrietan amilduz. Gure helmuga, Astazou ipar-mendebaldean ikus dezakegu, urrunean, Marboré-ren eskuinean.

MARBORÉ AINTZIRA (2595 m.; 3h10’)

Laster goi-bailara honen beste ezaugarri bat aurkituko dugu, Marboré aintzira. Eta honen bestaldean, Astazou eta Pinetako tontorren arteko gandorrak duen berezko pasabidea, Tucarroyako ataka. Estaubé zirkuarekin lotzen du ataka honek. Aterpe bat dago atakan bertan.

Ipar-mendebalderantz jarraituko dugu, harri-pilek markatutako bidetik, aldapa leunarekin altuera irabazten. Errekatxo bat gurutzatuko dugu, eta honen ondotik jarraituko dugu. Zenbait ur-putzu dituen laugune batetara iritsiko gara. Hemendik aurrera aldapa gehixeago izango dugu, Astazou lepora iritsi arte.

ASTAZOU LEPO (2974 m.; 4h20’)

Marboré eta Astazou tontorren artean kokatuta, Astazou lepoak Gavarnieko zirkuaren ikuspegi zoragarria eskaintzen du: Taillon, Sarradetseko aterpea, Errolanen ataka, Kaskoa, Dorrea, Marboré,...

ASTAZOU TXIKIA (3015 m.; 4h25’)

Astazou lepotik iparralderantz joko dugu, eta aldapa labur bat gaindituta Astazou Txikiaren gandorra harrapatuko dugu. Honen tontorra zertxobait ekialderago dago.

Astazou Handira joateko, lehenik eta behin bi tontorren arteko Swan lepora jaitsi behar dugu. Horretarako gandor zorrotzean aurrera jarraitu behar dugu, harri-pilek adierazten duten bidea ahalik eta zintzoen jarraituz, txar xamarrak diren zenbait tarte baitaude. Arriskutsua denik ezin esan, baina mendizalearen arreta eskatzen du.

Tarte hori ekidin nahi duenak Astazou Txikitik igaro gabe Swan lepora zuzenean igotzeko aukera du, hartxingadian gora.

Swan lepotik (2968 m.) Astazou Handira igotzeko bidea gandorra baino zertxobait ekialderago doa, mendi honi itxura berezia ematen dioten geruzak eskailera handi baten mailak baldin balira bezala gaindituz.

ASTAZOU HANDIA (3071 m.; 4h50’)

Tontorreko ikuspegia zoragarria da: Hegoaldean Perdido, Zilindroa eta Marboré. Mendebaldean Taillon, Vignemale, eta Tena bailarako mila tontor. Iparraldean Pimené, Midi d’Bigorre, Neouvielle eta Cambieil. Eta ekialdean Munia eta Robiñena. Gavarnie eta Pinetako bailarak ere ondo ikusten dira.

Itzultzeko, lehenik eta behin Swan lepora jaitsiko gara, eta handik hegoalderantz. Swan lepotik behera bide bat baino gehiago dago. Edozein aukeratzen dugula ere goranzkoan jarraitu dugu bidearekin egingo dugu topo, eta hau hartuta Marboré aintzira jaitsiko gara. Aintziratik Pinetako Balkoira, eta azkenik, jaitsiera luze-luze baten ondoren abiapuntu izan dugun aparkalekura iritsiko gara (8h30’).

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi