Skip to main content

Trikuharrien bidea bizikletan ibilbidea

Jose·k

2006/01/19 - 21:00

Abiapuntua
Soraluze
Zailtasuna
Zaila
Igoera metatua
1200 m
Eskema
Soraluze - Mekolalde - Antzuola - Trekutz - Gorla - Elosuko Benta - Elosumendi - Pol-pol - Kurutzebakar - Irukurutzeta - Kortazar - Soraluze
Luzera
45.70 km
Iraupena
4 ordu
Ibilbide mota
Mendiko bizikletaz
Lurraldea

Irukurutzeta-Irimo mendikateak mendi bizikleta zaleari aukera asko eskaintzen dizkio. Jarraian proposatzen den ibilbidea Soraluzetik abiatzen da, garai bateko trenbidea jarraituz Antzuolara doa, Irimotik gertu dagoen Trekutz lepora igotzen da eta mendikate luzea jarraituz Irukurutzetatik pasatu eta Kortazarreraino iristen da Soraluzera jaitsi aurretik.

Ibilbidearen erdia baino gehiago asfaltozkoak edo porlanezkoak eztiren bideetatik egiten da. Paisaia aldakor batetaz gozatzeaz gain, historiaurreko hainbat monumentu topatuko ditugu bidearen ondoan.

SORALUZE (110 m.)

Ibilaldia Soraluzeko Plaza Barrian hasiko dugu, Udaletxearen ondoan. Hego-hego-ekialderantz abiatuko gara, Udaletxearen aurretik pasatu eta Santa Ana kalean barrena. Kalearen bukaeran aldapa bat igo eta beste bat jaitsiko dugu, eta bidegurutzean zuzen jarraituko dugu aldapa gogorrago bat igotzeko. Gogorregia berotu gabe dauzkagun giharrentzat.

Aldapa honen bukaeran garai bateko trenbidera iritsiko gara. Maltzaga-Urretxu linea zen duela 30 urte inguru tren zerbitzua eten zuten arte. Gaur egun paseatzeko zein bizikletan ibiltzeko primerako bidea da, lau-laua. Bertatik jarraituko dugu hego-ekialderantz bailaran gora Deba ibaia jarraituz.

Bergarako udalerriko auzunea den Osintxura iristean (3,0 Km), aldapa txiki bat jaitsi eta trenbidea tarte labur batez desagertu zaigu. Zubiaren aurretik igaro, gurutzatu gabe, eta berehala ezkerreko bidetik gora egiten badugu trenbidea berreskuratuko dugu.

MEKOLALDE (4,8 Km; 130 m; 15’)

Lantegi baten aparkalekura iritsiko gara. Mekolalden gaude. Hemen trenbidea bitan banatzen zen. Behekoa Bergarara zioan, bailaran gora Arlaban mendatea zeharkatu eta Gasteiztik barrena Lizarraraino. Vasco-Navarro izenaz ezagutzen zen. Goikoak Bergara goialdetik inguratzen zuen Deskarga tunel baten bitartez zeharkatu eta Urretxura jaisteko. Goiko hau da guk jarraitu behar duguna. Horretarako, lantegiaren ezkerretara ikus ditzakegun bi bideetako ezkerrekoa hartuko dugu. Lurzorua ezta orain artekoa bezain ona eta gainera gutxi bada ere aldapan gora goaz.

Bidegurutzean (6,2 Km; 20’) zuzen jarraituko dugu. Aurrerago trenbidearen eskuinean bertan behera utzitako gaztelu itxurako eraikuntza bitxi bat ikusiko dugu, eta berehala tren geltokira iritsiko gara (7,8 Km; 28’). Bergarako goiko geltokia zen hau. Beheko trenbideak beste geltoki bat zuen. Bergarako herriaren ikuspegi ona dugu hemendik.

Trenbidetik jarraituz Bergara inguratuz goaz. Gorlara igotzen den errepidearen gainetik pasatuko gara, eta jarraian tunel labur bat zeharkatuko dugu. Aurrerago hego-ekialde norabidea hartzen du trenbideak eta Mahatz Erreka bailaran sartuko gara. Bergara atzean uzten hari gara. Beste tunel labur bat zeharkatuko dugu (10,6 Km; 38’).

Trenbideak ipar-ekialderantz jotzen du Galartza errekaren bailara txikiari itzuli osoa emateko. Bailararen barrenean tunel bat zeharkatuko eta Galartza baserria inguratuko dugu (11,9 Km) hegoalde norabidearekin bailara txiki honetatik irtetzeko.

Zertxobait aurrerago (13,4 Km; 300 m; 53’) errepide bat ikusiko dugu trenbidearen ezkerrean. Antzuola begi bistan dugu. Trenbidea hemendik aurrera egoera txarrean aurkitzen denez ezkerreko errepidetik jarraituko dugu. Trenbidearen azpitik pasatu eta jaitsiera azkar baten ondoren erreka zeharkatu eta Bergaratik Antzuolara datorren bidean aurkituko gara justu Antzuolako herriaren sarreran (14,3 Km; 220 m).

ANTZUOLA

Errepidera irten gabe ezkerreko etxeen kontratik jarraituko dugu Antzuolako kaleetan sartuz. Herria ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatu behar dugu. Errepidera irten aurretik, aldapa bat igotzen goazela, ezkerretara etxe tartean jaisten den errepide bat ikusiko dugu (15,3 Km; 240; 1h01’). Errepide honek erreka gurutzatu eta aldapan gora egiten du. Irimoi auzoko baserrietara doan errepidea da. Bertatik jarraituko dugu.

Aldapa gogor bati egin behar diogu aurre. 4,9 Km-tan 450 metro igoko ditugu %9,2-ko maldarekin. Lasai hartu beraz. Bidearen zati handiena Irimoi auzuneko baserrien artean egingo dugu. Lehenengo kilometroa asfaltozko errepidea da. Hortik aurrera porlanezkoa. Zoruaren aldaketa baino zertxobait aurrerago trenbidearekin gurutzatuko gara.

Aldaparen bukaeran bidegurutze batetara iritsiko gara (19,9 Km). Porlanezko bidetik jarraituko dugu igotzen, eskuinekotik alegia, hego-ekialderantz. Muino bat eskuinaldetik inguratzen hari gara. Laster beste bidegurutze batetara iritsiko gara. Ezkerrera egingo dugu aparkaleku txiki batetara iritsiz.

TREKUTZ (20,2 Km; 690 m; 1h37’)

Trekutz lepoan gaude. Iturria, aterpe bat eta zenbait mahai daude, eta inguratu dugun muinoaren gainean aterpe pribatu bat. Atsedenaldi bat hartzeko toki paregabea.

Ibilaldiaren ondorengo helburua Gorla da. Nahiko egoera onean dagoen bide batek lotzen ditu Trekutz eta Gorla. Bide hau hartzeko etorri garen bidetik atzera egingo dugu 300 metro inguru bidegurutzera iristeko. Ezkerreko bidetik etorri gara lehen. Orain zuzen joko dugu, ipar-ipar-mendebalderantz.

Beti bide nagusiari jarraituz, Trekutz eta Gorla artean dauden muinoak gora-behera txikiekin inguratuko ditugu lepo batetik bestera joanez. Bide ertzean zenbait atsedenleku eta aterpe pribatu ikusiko ditugu. Inguratuko dugun azkeneko muinoa Itxumendi da. Telekomunikazio antenarengatik ezagutuko dugu.

GORLA (23,6 Km; 668 m; 1h51’)

Itxumendi eskuinetik inguratu eta Gorlako atsedenlekura iritsiko gara. Zuzen jarraituz harlauza zabalez egindako bidetik aparkalekura jaitsiko gara. Elosura jaisten den errepidea gurutzatu eta iparralderantz doan bidezidor batetatik jarraituko dugu, errepideari paralelo metro batzuk gorago. Ezkerrean beste bi aterpe pribatu daude.

Bidezidor hau hasieran laua den arren jaisten hasten da laster. Zelaigune bat igaro eta beste aldapa labur bat jaitsiko dugu. Elosuko Benta izenaz ezagutzen den baserriaren eskuinetik pasatu eta lepo batetara iritsiko gara (25,3 Km; 610 m; 1h59’)

Gure aurrean, zuhaitzen artean Santutxo baseliza dago. Hasieran iparralderantz eta ondoren ipar-mendebalderantz doan errepidetik jarraituko dugu, zuzen alegia, baseliza eskuinean utzita. Bideak zertxobait gorantz egiten du.

Labeaga baserriaren ondotik igaro eta laster errepidea bitan banatzen da (25,6 Km). Eskuinekoa hartuko dugu. Errepide honek Agarreburuko tontorrean dauden telekomunikazio antenetara igotzen du aldapa gogor batekin. Antenetaraino igo behar eztugun arren 1,9 Km-tan 200 metro igo behar ditugu %10,5-eko maldarekin. Bidegurutzetik metro gutxira eskuinera bihurgune itxi bat hartuko dugu norantza aldatuz. Hemendik aurrera, igotzen goazen neurrian Agarreburu eskuinetik inguratzen eta poliki-poliki ezkerrerantz jiratzen joango gara.

Lepo batetara iristen garenean (27,5 Km; 827 m; 2h18’)... adi! Atxobaso lepoan gaude. Errepideak hegoalderantz jiratzen du gorantz jarraitzeko. Zertxobait aurrerago errepidearen ezkerrean Agarreburu trikuharria dago. Baina guk eztugu errepidetik jarraitu behar. Eskuinerantz, ipar-mendebalderantz bi bide abiatzen dira. Bietatik eskuinekoa hartuko dugu, marka zuri-horiak dituena. Ibilaldiko tarterik politena eta dibertigarriena dugu gure aurrean. Hemendik Kortazarreraino mendi bideetatik joango baikara.

Hasieran pixka bat gora egingo dugu, ondoren lau xamar eta aurrerago aldapa labur baina gogor bat igo beharko dugu. Ondoren tarte labur batez laua da bidea.

ELOSUMENDI

Elosumendiko tontorra gure eskuinean dago metro gutxitara pagoen artean (865 m).

Laster bidea jaisten hasten da. Bide nagusitik jarraituz Maurketa lepora iritsiko gara (28,8 Km; 812 m; 2h36’). Txabola bat dago bertan, eta metro batzuk lehenago bidearen ezkerrean Maurketa trikuharria.

Txabolaren aurrean ezkerrerantz jiratu behar dugu. Jaisten jarraituko dugu Leiopago muinoa ezkerretik inguratuz. Bidea lautu egiten da tarte batez. Bidetik gertu eskuinaldean historiaurreko bi monumentu daude: Keixetako Egia Hegoa trikuharria eta Keixetako Egia Ipar tumulua.

Jaisten jarraituko dugu, aldapa handiarekin tarte batetan, eta Keixeta lepora iritsiko gara (29,8 Km; 752 m; 2h40’). Izen bereko trikuharri bat dago. Lepo honetan bide asko elkartzen dira. Aurrez aurre dugun bidea Irukurutzetara doa, baina ezta bizikletarentzat bide aproposa, eta beraz itzulitxo bat emango dugu igotzeko bide hobearen bila. Ezkerrerantz, mendebalderantz, izeien artean bidezidor bat abiatzen da. Bertatik joko dugu, zertxobait jaisten, bide handiago batekin elkartu arte. Bide honetatik jarraituta laster Pol-pol iturrira iritsiko gara.

POL-POL (30,1 Km; 740 m; 2h44’)

Iturriaren goialdetik pasatu, errekastoa zeharkatu eta aldapa labur gogor bat igo beharko dugu. Tarte batez bidea laua da, baina laster gora-behera batzuk egiten ditu. Aldapatxo baten gailurrean (30,9 Km; 2h51’), bide nagusiak beherantz egiten duen tokian, eskuinerantz igotzen jarraitzen duen bide bat ikusiko dugu. Pol-poletik hona aurkitu dugun lehenengo bidegurutzea garbia da. Bide horretatik joko dugu, igotzen.

Zelaigune baten goialdean agertuko gara (31,3 Km; 760 m). Adi! Zuzen jarraituko dugu zelaigunea goialdetik inguratuz, beherantz doan bideari jaramonik egin gabe. Bidea desagertu egiten dela dirudien arren laster zelaigunetik igotzen den bide batekin egingo dugu topo. Kortazar eta Atxolinen ikuspegi ona dugu hemendik.

Bide honetatik gorantz jarraitu behar dugu, ipar-ekialderantz. Mendigaina harrapatu arte atsedenaldirik gabeko aldapa gogor bat igo behar dugu. Aldapa gutxi balitz tarte batzutan lurzoruko harriek gure igoera oztopatuko dute.

Beti biderik nabarmenena jarraituko dugu, aldapatsuena. Erdia baino gehiago igota dugunean pagaditik irten eta soilgune luzexka aldapatsu betetara iritsiko gara, Aizpuruko Zabala. Ezkerretara bide bat irteten da. Guk zuzen gorantz jarraituko dugu. Aizpuruko Zabaleko trikuharriaren ondotik pasatu eta laster bidea lautu egiten da zertxobait.

KURUTZEBAKAR (32,4 Km; 895 m; 3h13’)

Pagadi txiki bat zeharkatu eta Kurutzebakar tontorrean agertuko gara. Ezkerrean gurutzea eta buzoia. Eskuinean tumulua. Irukurutzeta gure aurrean dago, ekialdean, ia Kurutzebakarren altuera berean. Norabide horretan zelaigunea zeharkatu, eta pinudiaren ertzean Kortazartik datorren bideari elkartuko gatzaizkio.

Puntu honetan bi aukera ditugu. Ezkerretik, pinudiaren ertzetik aurrean dugun muino txikia igo, edo eskuinetik inguratu. Arribiribilletako trikuharria dago muino honen gainean.

IRUKURUTZETA (32,9 Km; 899 m; 3h17’)

Bata zein bestea hartu, beste zelaigune batetara iritsiko gara. Irukurutzetako gurutzeak eta erpin geodesikoa begi bistan ditugu. Trikuharriaren ondotik pasatu eta berehala gara tontorrean.

Ibilaldiko punturik altuenean gaude. Soraluzera jaitsiera bi zatitan egingo dugu. Lehenengoan Kortazarrera joango gara bi tontorrak elkartzen dituen mendigainetik. Ibilaldiko zatirik ederrena izango da. Horretarako, Kurutzebakarrerantz itzuliko gara. Arribiribilleta trikuharria dagoen muinoa pasatu ondoren dagoen lepoan eskuineko bidea hartuko dugu.

Hasieran pixka bat gorantz egiten badu ere laster jaisten hasten da. Laugune txiki baten ondoren aldapa gogorrago bat jaisten hasiko gara. Bide nagusiak eskuinerantz egiten du pagadi batetan sartzeko. Pago artean bidea ezta bizikletarentzat oso ona, eta horregatik saihesbide bat hartuko dugu. Aldapan behera zuzen jaisten hasiko gara ote eta garo artean bidexka bat jarraituz, eta gero eskuinerantz okertuko gara, beherago dagoen bide bati elkartzen gatzaizkion arte. Bide honetatik eskuinerantz egingo dugu pagadia behealdetik inguratuz, eta pagadia zeharkatzen duen bidearekin elkartuz.

Zertxobait aurrerago aukera bat baino gehiago ditugu. Elkarri paralelo diren zenbait bide daude. Lehenengo bidegurutzean eskuineko bidea hartzen badugu Naasiko Goena trikuharriaren ondotik igaroko gara. Atxolin aurrez aurre dugu. Jarraitzen dugun bidea edozein delarik ere, Pagobedeinkatu izena duen toki batetara iritsiko gara (800 m). Tumulu bat dago bertan.

Atxolin inguratu behar dugu. Horretarako bi aukera ditugu, eskuinetik edo ezkerretik inguratzea. Bi bideak Pagobedeinkatu baino zertxobait aurrerago dagoen lepoan banatzen dira. Ezkerreko bidea da jende gehienak erabiltzen duena, eta zertxobait errazagoa da. Eskuinekoa aldiz politagoa da.

Atxolin ezkerretik inguratu nahi badugu, bide nagusitik jarraitu behar dugu. Muino txiki bat ezkerretik inguratu ondoren, Azkoin lepotik gertu, bideak beherantz egiten du nabarmen (34,5 Km; 800 m). Lehenengo aldapa labur baina gogor bat jaitsiko dugu, ondoren tarte lau txiki bat izango dugu, eta berriz jaisten hasiko gara. Adi! Eskuineko bidea hartu behar dugu! Bidezidor estu hau jarraituz, hasieran zertxobait gora egingo dugu, gero behera, eta ondoren gora aldapa leun batetatik Atxolinen ipar-mendebaldeko bizkarra harrapatu arte. Aldapan behera jarraituz, bide zabalagoan baina zoru takarrarekin, Iruiako zelaigunera iritsiko gara (35,5 Km; 772 m).

Atxolin eskuinetik inguratu nahi badugu, Pagobedeinkatu baino zertxobait aurrerago dagoen bidegurutzean eskuineko bidea hartu behar dugu. Adi ibili, ezpaita bidea ongi antzematen. Izei batzuen azpitik igaro ondoren pagadi txiki bat zeharkatuko dugu. Pagaditik irtetean Azkoin lepoa gure ezkerrean dugu (34,5 Km; 800 m). Bide honen hasiera ikusi ezpadugu, ezkerreko bidetik Azkoineko lepora joan eta lepoaren beste aldera jaitsiz gero toki berera iritsiko gara. Bide honetatik jarraituz, pago artean sartuko gara berriz, eta aldapan behera jaisten joango gara, Altzape iturrira iritsi arte. Ez saiatu alperrik iturria bilatzen, urteak baitira desagertu zela. Urak irteten jarraitzen du inguruetatik, baina eztago txorrotik. Errekastoa zeharkatu eta zuzen jarraituko dugu, aldaparik gabe tarte batez. Zertxobait aurrerago aldapa gogor bat igo beharko dugu, eta Iruiako zelaigunera iritsiko gara ezkerreko bidearekin elkartuz (35,5 Km; 772 m).

Zelaigunea zeharkatu ondoren ezkerrerantz aldapan behera bide bat abiatzen dela ikusiko dugu. Bide hau Urkiazelaira jaisten da, eta Kortazartik pasatu gabe Soraluzera jaits gintezke bertatik. Baina oraingoan Kortazarrera joan nahi dugunez eztiogu jaramonik egingo, eta zuzen jarraituko dugu. Gizaburua tumuluaren ondotik igaro, haitz handi batzuk eskuinean utzi eta pinudi txiki bat zeharkatuko dugu.

Pinuditik irtetean bi aukera ditugu, zuzen edo ezkerretik. Ezkerrekoa hartuko dugu leunagoa delako. Dena dela aurrerago bi bideak elkartu egiten dira. Kortazarko telekomunikazio antena begi bistan dugu. Aldapa bat jaitsi eta beste bat igo beharko dugu.

KORTAZAR (KARAKATE) (37,6 Km; 740 m; 3h41’)

Tarte bat lau xamarrean egin ondoren zenbait gorabehera txiki pasatu eta Kortazarko tontorreko aparkalekura iritsiko gara.

Soraluzera jaisteko, errepidea jarraitu besterik eztugu egin behar, beti beherantz, 8 Km-tako jaitsiera azkar baten ondoren Plaza Barrira iritsiz (45,7 Km; 110 m; 3h57’).

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi