Irudien kalitatea zaindu eta zerbitzarian dugun lekuari ahalik eta probetxu handiena ateratze aldera, hainbat neurri hartu eta hainbat muga ezarri dira.
Webgunera bidali daitekeen argazkien fitxategien gehienezko tamainan ez dago mugarik, sistemaren memoriarena izan ezik. Sistemak irudi fitxategiak prozesatu egin behar izaten ditu eta gerta liteke neurri jakin batetik aurrera prozesatu ezin izatea. Hala gertatuz gero, neurri txikiagoko batekin saiatu beharko duzu. Hori bai, horrek ez du esan nahi bidalitako jatorrizko irudia bere horretan gordeko denik, ezarritako neurri jakin batzuetara murriztuko da automatikoki, behar den lekuan behar den neurrian erakusteko.
Nahi adina argazki igo ditzakezu, baina errespetatu mesedez webgunearen ildoak:
- Hau ez da argazki pertsonalak jasotzeko webgunea: ez senide, ez lagun eta ez zure txakurrarenak, badituzu horretarako leku askoz aproposagoak. Hemen interes orokorreko argazkiak jaso nahi ditugu, argazki informatiboak, orriari dagokion elementuari (mendia, ibilbidea, herria, eraikina, landarea...) buruzko berri ematen lagunduko digutenak. Beraz, esate baterako, mendi baten orrian erantsitako argazkiaren motibo nagusia pertsona bat, txakurra edo jatetxean jandako platerra bada, ezabatu egingo da. Horrek ez du esan nahi argazkietan pertsonak, txakurrak edo besterik agertu behar ez duenik, baizik eta ezin dutela motibo nagusia izan.
- Webgunearen asmoa ez da argazkiak pilatzea, besterik gabe; argazkiak jasotzeko baliabideak mugatuak dira oraingoz. Beraz ez errepikatu mesedez argazkiak, aurrekoak hobetzeko ez bada. Argazki bera orri bat baino gehiagotan txertatu daiteke, baina argazki bera, ez igo argazki berdina: editatu eta orri gehiagotan erakusteko aukera ematen du sistemak.
- Bereziki estimatzen dugu argazkien inguruko xehetasunak ere jasotzea: kokapen geografikoa (nondik atera den argazkia), zer ikusten den argazkian, noiz aterea den e.a. Argazkiaren balorazioan oso kontutan hartuko diren xehetasunak dira.
- Kalitatea ere kontutan izango da argazkiak onartzeko edo baztertzeko orduan. Neurri txikiegia dutenak (luze-zabalean 800px baino txikiagoak esaterako) edo gehiegi konprimitutakoak (JPG argazkien kasuan ez da komeni %80ko ratiotik behera egitea, %85koa erabiltzen du sistemak esaterako neurri desberdineko aldaerak eratzeko).
- "Editore" egitekoa duten erabiltzaileak izango dira argazkiak baztertzeko ahalmena izango dutenak (edo igo dituen erabiltzaileak, jakina), aipatutako ildoak kontutan hartuta. Aipatutako oinarrizko kalitate eskasagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erabaki dezakete editoreek argazkiak ezabatzea. Orriarekin zerikusirik ez duelako esaterako, badelako lehendik motibo bereko beste argazki hoberen bat edo lehendik ere argazki asko dagoelako orri berean eta bateren bat kendu beharra dagoelako. Zeuk ere eska dezakezu argazkiren bat ezabatzea, egokia irizten ez badiozu.
- Argazkiak, igotzen dituen erabiltzailearen izenean jasoko dira eta berak beti izango du argazki horien gaineko kontrola, aldatu, osatu edo ezabatzeko (bereziki estimatua dago tarteka aurretik igotako argazki zaharrei begiratu bat eman eta dagoeneko egokitzat jotzen ez direnak norberak ezabatzea -edo berritzea, osatzea-). Editoreek ere egin ditzakete egoki iruditzen zaizkien zuzenketak (beste orriren batean ere erakutsi, kokapena ezarri edo aldatu, e.a.), eta baita, esan bezala, ezabatu ere, baina argazkia beti izango da igo duen erabiltzailearen jabetzakoa -eta ardurakoa-.
- Webguneak ez du baimenik ematen argazki hauek beste inon berrerabiltzeko, eta copyright (©) ikurraren adieraziko da hori egileak berariz besterik adierazi ezean (CC lizentziapean eskaini ditzakezu nahi izanez gero). Inork galdetzen badu argazki jakin bat -edo edozein- kopiatu eta beste inon erabil dezakeen beti erantzun izan zaio egilearekin harremanetan jartzeko (webguneak horretarako aukera ematen du, erabiltzaileak berak harremanetarako orria zabalik uzten badu -ikusi zeure erabiltzaile-orria-).
- Gainontzeko erabiltzaileek igotako argazkiak ikusteaz gain baloratu ere egin ahal izango dituzte, 1etik 5rako balioa emanez, kalitatea, egokitasuna, interesa... bere iritziaren arabera. Balorazio hori izan daiteke argazkia automatikoki ezabatzeko arrazoia, batez ere aukera egin behar denean. Argazki gehiegi dagoen orri batean, esaterako, erabaki daiteke halako batean balorazio eskasena duten argazkiak ezabatzea. Argazkia igo duenak ezin du bere argazkia baloratu, ez eta beste inorena behin baino gehiagotan baloratu -ez egin tranparik mesedez, ez du merezi ta-.
Argazkeiei buruzko beste zalantzarik izanez gero, erantsi iezaiozu orri honi komentarioa gehituz.
Eta eskerrik asko bene-benetan argazkietan egindako zure ekarpen eta ahaleginagatik!