Landerbaso .. Aldura

inaxio-k sortua, 2003, abendua 26 - 01:00
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Landerbaso
Lotuta »Aldura (mendi)
Gora-behera-
Luzera-
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Astigarraga, Errenteria eta Oiartzungo errepideak batzen dituen Astigarragako Bentatik gora egin behar dugu, Listorretako parkeraino. Errepidea amaitzen den lekuan porlanezko pista zabal batek Idoiako leporaino eramango gaitu, Susperregi jatetxeraino: ez dago handik aurrera autoz jarraitzerik.
Jatetxearen gainean bertan dagoen mendia da Aldura eta zuzenean igo daiteke tontorreraino, baina askoz ibilbide entretenigarriagoa egin daiteke itzulinguru bat eginez igoz gero.
Mendia aurrez-aurre dugula ezkerraldean dagoen eukalipto basoan barrena sartzen den xenda hartu behar dugu, aurrean daukagun aldapa nabarmena saihestuz. Behera egiten du lehendabizi bideak eta gora gero, errekasto bat pasa eta pinudian sartuta. Bihurgune batzuen ondoren pagadian gora egiten jarraitzen du, Aldura baserriaren inguruko lepora heldu arte. Porlanezko pista batekin egingo dugu topo bertan. Hemendik ere igo gaitezke tontorrera, hamar minututan, aldapan gora abiatzen den xenda hartuta, baina aukera hau ere baztertu eta Aldura baserriaren paretik pasatzen den pista zabalari helduko diogu, pagadian barrena.
Pistari jarraitu eta ordu laurden baten buruan Aiako Harria urrutian ikustearekin batera Igantziko zabalera iritsiko gara. Handik joko dugu tontorrera, konifera baso trinko baten ertzetik gora egiten duen pista belartsua hartuta. Bost minutura eskubi aldera erreparatuz gero, estali gabeko elurzulo bat topatuko duzue, hesi batez inguratuta. Pistak gora jarraitzen du eta laster eramango gaitu Pertxelera, Alduraren bigarren tontorrera. Ez dago igo beharrik, pistak berak eramango baikaitu bi tontorren arteko lepora, baina merezi du, bista politak baitauzka. Beraz, bidea utzi eta 50 m inguruko aldapa gogor bat igota Pertxeleko erpin geodesikora helduko gara. Esan bezala, ez da hori tontor nagusia, baina bertatik ikusiko dugu nabarmen, bien artean zabalduko suebakiaren beste muturrean. Harantza abiatu behar dugu, suebakiaren eskubi aldeko konifera basoan sartuta. Laster topatuko dugu berriro lehen utzitako pista. Hau bi tontorren arteko lepora heltzen denean behera abiatzen da. Une horretan bidea utzi eta eskubidera jo behar dugu, pinudia eta pagadia bereizten dituen xendatik. Berehala helduko gara tontorrera, Oarsoaldeko bailararen gaineko ikuspegi zabala eskaintzen duena.
Jaisteko lehen utzitako pistara itzuli behar dugu (edo ezkera aldeko pinudian barneratu, hura topatu arte), eta hari jarraitu basotik irten eta bidegurutze batera heltzen garen arte. Han pista zabalena aukeratu eta hamar minututan Malbazarko bordara helduko gara. Bordatik 100 m.ra beste bidegurutze nabarmen bat dago: ezker aldera joz gero AƱarbeko urtegia eta Urdaburu aldera joango gara, eskubi aldetik, berriz, Idoiagako lepora, Susperregira.