Euskal Herriko eta inguruetako ondare megalitikoa ezagutu eta ezagutzera ematea da atal berri honen asmoa, orain arteko datuak bildu, antolatu eta era egokian erakutsi eta arakatzeko moduan jarriaz. Horretarako ezinbestekoa izango da zuen laguntza, eta horregatik eratu da elkarlanerako gunea izateko moduan, izan ere, Sareak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen du, eta bada zeregina oraindik monumentuen fitxak osatu, zuzendu eta beren egoeraren jarraipena egiten. Gonbidapena luzatuta dago beraz: gai hauetan interesatutako inor ezagutzen baduzue, emaiozue gune honen berri.
Ez gara hutsetik abiatzen: megalito askoren aipamenak dauzkagu jasota une honetan katalogo honetako fitxetan (horietako batzuk ez dira monumentu bakanak, multzoak baizik, harrespil eta tumulu eremu askorekin gertatzen denez) eta hauei ateratako argazki asko dauzkagu (fitxa batzutan argazki asko dago ordea, eta beste askotan, batere ez).
Estatistika gehiago:
Databasea osatzeko erabilitako iturburuak orain arteko katalogazio lanak izan dira: lurralde bakoitzeko katalogo megalitikoa eta arloko aldizkari berezituetan argitaratutako hainbat artikulu. Lurraldekako katalogo megalitiko horietako batzuk urte mordoska dute eta asko izango dira horiek argitaratuz geroztik egin diren aurkikuntza berriak, gurean oraindik jaso gabe daudenak. Bizkaiko Karta Arkeologikoa 1984koa da, Arabakoa 1987koa, Gipuzkoakoa 2002koa (1990koa eguneratuz) eta Iparraldekoa (J. Blot) ez dago oraindik sistematikoki jasota. Nafarroakoa izango da oparoena, berriena eta osatuena Hilharriak taldekoei esker.
Megalitoen kokapena ez dago behar bezala zehaztuta kasu askotan, gutxi gora-beherako koordenatuak ezarri zirelako bere garaian, mapak baliatuz, eta zehaztasun hori ez da nahikoa GPSaren garaian. Egitekoetako bat monumentuak GPSaz bertatik bertara jasotako koordenatuekin lekutzea da, ezagutu nahi dituenari bidea errazteko. Monumentu bakoitzeko argazki sorta bat ere jaso nahiko genuke, eta bere egoeraren berri emateko deia zabaldu ere bai, izan ere asko dira azken urteotan hondatutakoak, eta beste asko seinalatu gabe daudenak, usterik gutxienean desagertuko direnak.
Monumentu hauek zer-nolakoak diren jakin ezean ez da erraza izaten askotan antza ematea. Lur-azalean edo belar artean doi-doi ageri diren harri mutur batzuk harrespila osatu dezakete, sasi artean ezkutatutako harri pila batek tumulua eta larrearen erdian etzanda ageri den harri luzeak, hiru puska eginda, zutarria. Bat baino gehiago harrituko da seguraski trikuharri batek gaur egun erakus ditzakeen itxura desberdinak ikusita. Horregatik da horren garrantzitsua monumentu hauek ondo lekutu eta seinalizatzea.
Monumentu hauek mendi bizkar, gain eta lepoetan kokatuta daude gehienetan, eta askotan suertatzen dira mendi-bide eta baso-pistek urratutako lekuetan. Azken aldian gainera baso lanetan eta soroetan makineria handia erabiltzen da, eta ez da zaila halakoak ustekabean birrintzea, jakin ezean zaila baita monumentu hauen izaera igertzen. Monumentua osatzen duten harriak ere askotan berrerabili izan dira harresiak edo bestelako eraikinak osatzeko, mugarri gisa edo... karea egiteko. Eta beste asko ebasketaren ondorioz gelditu dira hondatuta edo kaltetuta, baliozko zerbait aurkitzeko itxaropenarekin norbaitek urratuta. Gure datuen arabera, badira gutxienez hainbat monumentu suntsituak (izenean * ikurrarekin markatuta jasota daude).
Ez dute monumentu hauek, oro har, urre edo beste gai baliotsurik gordetzen, gehienetan hezur edo errauts pila bat izango da, zeramika mutur batzuk, edota harri-landuko printza edo harkosko batzuk baino ez. Hondar horiek ordea oso esanguratsuak dira aurrehistoriaren ikerketarako eta arretaz zaindu beharrekoak dira, inoiz gure arbasoak zer izan ziren eta nola bizi izan ziren jakin nahi badugu. Aztarna horiek erakutsitako zantzuekin osatzen da aurrehistoriako "historia lauso" hori. Zertan den jakin nahi izanez gero, botaiozue begiratu bat, esaterako, Xabier PeƱalver-en "La Edad del Hierro: Los vascones y sus vecinos" liburuari (Txertoa, 2008), edo egile beraren "Sobre el origen de los vascos" (Txertoa, 2009) liburuari.
Erreferentziarako gunea ere izan nahi luke webgune honek, orain arte aurkitutako monumentuen berri eman eta besterik topatuz gero, lehendik jasota dagoen ala ez erakusteko. Berriak aurkitu? Bai, urtero-urtero aurkitzen dira monumentu berriak, Nafarroa eta Pirinio aldean batez ere (Hilharriak taldekoen ahaleginari esker horietako asko). Nafarroako katalogoa osatu eta ondarea zaintzeko lanetan diharduen Hilharriak taldeko Alfonso Martinez (ikus bere bloga) izan dugu laguntzaile.
Megalitoen mundua ezagutzen hasteko proposamen egoki bat ezagutu nahi izanez gero, Aralar aldera jotzea gomendatzen dizuet: guardetxetik (geziak erakusten du) abiatuta dozena bat trikuharri ikusi ahal izango dituzue ordu pare bateko ibilaldia eginez.