(2019-12-24) Egun pasako mendi ibilaldia.
4 orduko igoera + 1 orduko atsedenaldia + 2 orduko jeitsiera
Ibilaldia Arrazola herrian abiatzen da, bertan aparkaleku zabala ere badago autoa uzteko.
Herritik bertatik hasten dugu igoera oinez, hasieran baserrien ondotik doan bidea eta 1 km-ra mendian barneratzen den senda estu bat hartuko dugu, zuzenean Mariren Kobara eta/edo aukeran Zabalaundira eramango gaituena. Senda hau hartu eta berehala sartuko gara Urkiolako Parke Naturalean ere, langa txiki bat pasata.
Hemendik aurrera maldan gora igo behar da zuzen, sendaren arrastoa argia da eta marka hori batzuk ere ikusten dira han-hemenka harrietan margoturik. Igoera gogor samarra da, ibilaldiaren lehen orduan 500 bat metroko desnibela gainditzen da, eta Ibarra aldeko bidegurtzera iritsiko gara, hemen esandako Mariren Koba eta Zabalaundirako bideak bereizten dira. Gaurko ibilbidean bigarrena hartu behar da.
Inguru hau izugarria da, haitzarte ikusgarriak daude, maldari gehitzekoak.
Aurrera egitean atseden gune bat bezalako bat pasako dugu Anboto mendiari eki-hego buelta eman eta Zabalaundiko lepora igotzeko jarraian, 200m desnibela, gozatzeko paraje zoragarria benetan hau.
Zabalaundira iritsita Anbotoren hegoaldetiko igoera gogorrari ekin behar zaio, 400m desnibela, harri arteko senda estu batean, bidea nabarmena da eta erraz jarraitu daiteke. Igoeraren erdia pasa eta Eskilarreko haitzuloa ere ikusi ahalko dugu, jauzi ikaragarria ere badu bertatik behera.
Hemendik gorako bidea zailagoa egiten da, tarte batzuetan eskuekin lagundu behar da, eta malda handia dago, azkenean tontorraldera iristen garen arte.
Anbotoko tontorrean arrunt jende asko egoten da, Urkiola aldetik etortzen direnak gehienbat, beste bideak gutxiago erabiltzen dira. Ohiko argazkia atera eta beherako bidea hartuko dugu Pagazelai aldera bidezidor klasikoan behera, hasierako tartea apur bat zaila da, eskuekin lagunduta jeitsi behar izaten da baina oso laburra da eta berehala pasatzen da.
Pagazelaira iritsita eguneko azken igoerari ekingo diogu, Elgoin (1243m) mendia, 350m inguruko desnibela. Honetarako urtegi zaharrean pista gurutzatu eta mendi hegalean barneratuko gara eskuinera Pol-Pol iturri pare gainera iritsi arte, hemen ipar-ekialderako norabidera aldatuko gara eta kanal zuzen batean gora igoko dugu Elgoineko tontor ondora eramango gaituena galbiderik gabe, malda gogor samarra dago, poliki igotzeko, hare gehiago jadanik laugarren ordua dugula ibilian.
Eta azkenean Elgoin (1243m) tontorrean gaude. Bertatik iparreko amildegiaren eta Anbotoren ikuspegi izugarrietaz gozatuko dugu. Atsedenaldi bat hartzeko ordua ere izango dugu jadanik. Nik ordubete bat pasa nuen bertan zerbait jan eta atsedena hartzen.
Arratsaldea dugu eta itzulera bideari ekingo dugu, lehenik Kurutzeta (1214m) tontorrera joko dugu, bi mendi hauen arteko gandorrari jarraiki, kontuz samar ibili behar da tarte honetan bidea estua eta iparraldera dugun amildegia aldiz oso handia delako. Behin tontorra zapaldu eta gandorrari jarrituko diogu beherantz, orain Larrano lepora eramango gaituen sendari jarraiki, tarte hau jadanik errazagoa da bere malda ere badu ere.
Larrano Lepoan estalpia eta abar ikusi eta beherantz jarraituko dugu Albisteite alderantz jeitsiz, senda oso ona dago zati honetan, eta azkenean pista batera iritsiko gara, gorantz Anbotoko Sakona aldera eramaten duena, baina guk beherantz jarraituko dugu Arrazola herrirantz. Puntu hau pasa eta gutxira Urkiolako Parke Naturaletik ere irtengo gara. Bidean dauden baserrien ondotik Arrazola herrira helduko gara. 2 orduko jeitsiera.
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig