Mapako edukiak aukeratu
Edukia erantsi
Zer erantsi nahi duzu?
Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.
Near targets
GR 123 Bizkaiko Biraren 10. etapa bira osoko gogorrenetako bat da. Luzea eta gorabehera handikoa. Hemen azaltzen den bezala itzulia erlojuaren horratzen zentzuan eginez bigarren gogorrena dela esango nuke, Orduntekoaren ondoren. Eta kontrako zentzuan gogorrena ziurrenez, abiapuntua beherago izanik altuera handiagoa igo behar baita, eta Orduntekoan aldiz txikiagoa.
Ubidetik abiatu eta Gorbeiako mendialdea ekialdetik mendebaldera zeharkatzen da, tontor askotatik pasaz (garrantzitsuenak: Eneabe, Arralde, Gorbeia, Usotegieta, Oderiaga, Egileor eta Kolometa), Orozkoko auzune garrantzitsuena den Zubiaurren bukatzeko.
Gogortasuna alde batera utzita, ibilbideak ez du aparteko zailtasunik, egia esan. Mendizale asko ibiltzen denez paraje hauetan, bidezidorrak nabarmenak dira ia ibilbide osoan zehar.
Ubideko erdigunetik menderantz jo behar da, baina Zubixola errekaren bailan sartu ordez, Eneabetik jaisten den hegian gora egiten duen bidea hartu behar da. Bide honek, Eneabeko bizkarrean kokatuta dauden komunikazio antenetara eramaten du, aldapa leunarekin. Tontorra ezkerretara dago, 200 metro ingurura, eta ikusmira ederra eskaintzen du.
Antenetara itzuli eta iparralderantz jarraitu behar da tarte labur batez, ezkerrerantz jaisten den bide bat hartzeko. Basoaren ertzetik zuzen beherantz egin behar da, bide garbirik gabe, bide nabarmenago bat aurkitu arte. Honek beste bide zabalago batera eramaten du, eta iparralderantz, Eneabe eta Bastelarra arteko lepora iristen da.
Lepoan ezkerretara eginez, belardi bat zeharkatu, eta malda aldapatsu bat igotzen duen bidezidor bat jarraitu behar da. Azkenengo tartea bideetatik kanpo eginez Bastelarra izeneko muino batetara iristen da. Muino hau ez da batere esanguratsua, baina Arralderen ipar-ekialdeko aurpegi malkartsuaren ikuspegi ederra eskaintzen du. Lepora jaitsi eta maldan gora egin behar da, Arraldeko malkarrak gainditzea ahalbidetzen duen pasabidearen bila. Gaina harrapatuta, tontorra ezkerretara dago.
Ipar-mendebalde - hego-ekialde norabidea duen eta gorabehera gutxi dituen 3,5 km-tako mendi-bizkar karstiko baten hego-ekialdeko ertza da Arralde. Hegoaldera leuna, eta iparraldera malkartsua. Alderik alde zeharkatu behar da mendi-bizkar hau. Tarte askotan bidezidor bat baino gehiago daude, metro gutxitako aldearekin, elkarri paralelo. Edozein hartzen delarik ere, arazo gabe egingo da aurrera.
Bidean, Atxuriko tontorra zapal daiteke. Zertxobait aurrerago, izen bereko pasabidea igarota Saldropotik igotzen den bidea iristen da mendigainera. Etapa honen ibilbidetik oso hurbil egon arren, beste egun bateko ibilaldia izango da. Mendi-bizkarra Arimekortan amaitzen da. Behi eta behorren bazkaleku den belardi aldapatsu bat, han-hemenka sakabanatutako zenbait zuhaitzekin. Aipagarriak dira bertako haginak, zuhaitz berezi bezala izendatu diren bi batez ere: Aginaldeko eta Aginarteko haginak. Txabolak eta aterpe pribatuak ere ugari dira inguru hauetan, bai eta ermita bat ere.
Mendizale asko igotzen da Gorbeiara Arimekortatik zehar, Saldropotik zein Iondegortatik abiatuta, eta milaka botek zabaldutako bidezidorrak erakusten du tontorrerako bidea. Belardian gora egin behar da zuzen-zuzen, goren dagoen aterpearen bila. Honen ondotik igarotakoan, bidezidorretik gorantz jarraitu behar da. Dulauko Atxera heltzerakoan malda leuntzen da zertxobait, eta Aldamineko magaletik jarraituz bideak eskuinera egiten du, Gorbeia eta Aldamin lotzen dituen Aldamiñoste lepoaren bila.
Aldapa tentea gainditu behar izan da Arimekortatik hona, baina hurrengo tartea ez da inolaz ere atzera gelditzen. Belardi aldapatsuan gora zuzen-zuzen, sekula bukatzen ez dela dirudien aldapan, Gorbeiako tontor borobila harrapatu arte. Bizkaiko tontorrik altuena da, eta ondorioz Birako altuena.
Aldamiñoste lepora itzulita, kontrako aldera jaitsi behar da, ipar-mendebaldera. Justu aldapa bukatu aurretik ezkerretara Lekuotz iturria dago. Egiriñao izeneko zelaigune batetara iristen da. Pagadi txiki batek estaltzen du zelaigunearen zati bat, eta aterpe bat gordetzen du bere barruan. Pagadia zeharkatu behar da, eta errekastoa jarraituz mendebalderantz jo behar da, bide zabal baten bila. Bide honek beherantz egiten du leun-leun, Zastegiko landara iritsi arte. Ondoren aldaz gorantz hasten da, Gorosteta eta Ipargortako magaletik altuera berreskuratuz.
Ipargortako tontorretik gertu bide honek igotzeari uzten dio eta beherantz hasten da. Bide hau utzi behar dela esan nahi du horrek, eta ezkerrerantz jaisten den bidezidorra hartu. Inguru kaotiko xamar bat zeharkatu behar da, pagadiak estalitako eremu karstiko bat. Baina bidezidorra nahiko nabarmena da, eta arreta pixka bat nahikoa dira bide zuzena jarraitzeko. Basotik, eta horrekin batera karstetik irtetean Usategietako tontorrera iristeko malda belartsu labur bat igotzea baino ez da falta. Ikuspegi zabala eskaintzen du tontor borobil eta soil honek. Besteak beste, hurrengo helburua den Oderiaga ipar-mendebaldean.
Bi mendiak banatzen dituen lepora jaitsi behar da, belardian behera, bide jakinik gabe. Argindegortako muinoa eskuinaldetik inguratu, eta Oderiagaren ekialdeko aurpegiaren horren bereizgarri den Z itxurako bidean gora egin behar da. Bide hau tontorretik metro gutxitara pasatzen da. Igotzeari uzten dionean berau utzi eta tontorraren bila joan behar da. Etaparen amaiera den Zubiaur urrun da oraindik, baina Oderiagako tontorretik haraino ia dena aldapan behera da. Zailena egina dago jada, beraz. Mendi-bizkarra jarraituz ipar-mendebaldera egin behar da, pixkanaka altura galduz. Tontorretik 500 m ingurura mendi-bizkarra utzi eta eskuinerantz jaitsi behar da, Oderiaga eta Egileor arteko lepoaren bila.
Egileorreko tontorra izatez ezta askorik nabarmentzen alde honetatik ikusita. Aldapa labur bat baino ezta gainditu behar bertara iristeko. Hurrengo lepora jaitsi, eta bide zabal batetik jarraitu behar da. Metro gutxi batzuk baino nabarmentzen eztiren Belarangobuelta eta Kolometa izeneko tontorretatik gertu pasatzen da bide hau. Ondoren mendi-bizkar zabal batetara jaisten da. Duela urte gutxi zutik jarri zuten Kurtzegan zutarri ikusgarria dago bertan. 5 metrotatik gorako altuera du.
Zutarria miresteko geldialditxoaren ostean mendi-bizkarrean behera jarraitu behar da. Larraluze zutarriaren aldamenetik pasatzen da bidea. Honek ere tamaina ederra du, ia 4 metro, baina etzanda dago, eta ez da Kurtzeganekoa bezain beste nabarmentzen.
Hurrengo lepoan mendi-bizkarra utzi eta ipar-ekialderantz jo behar da, bide nagusia jarraituz, ipar-ekialde norabidearekin basoan sartuz. Kilometro erdi baino zertxobait gehiago norabide horretan egin ondoren, bideak ezkerretara bihurgune zabal bat egiten du. Bihurgunetik irten eta laster bide nagusi hau utzi behar da, eskuinerantz jaisten den bidea hartzeko. Iparralderantz aurrena, eta ipar-mendebalderantz egiten du gero bide honek.
Sendegi auzoko lehenengo etxeen artetik igaro, eta errepidean behera jarraitu behar da. San Migel ermitaren aldamenetik pasatzen da, Orozkoko bailararen barrenera iritsi aurretik. Zubiaurreko lehenengo etxean bertantxe daude.
Eranskina | Tamaina |
---|---|
gr_123_10_ubide_orozko.gpx | 309.11 KB |
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig