Saldropoko hezegunea Gorbeiara igotzeko ohiko abiapuntua da. Baina Gorbeiaraino joan gabe, ibilaldi polit bat egiteko behar diren hainbat osagai biltzen ditu Arralde eta Arimegorta artean luzatzen den mendi-gainak ere: basoak estalitako guneak eta lapiaz eremu irekiak, malkarrak eta hauek gainditzeko pasabide bitxiak, bide zabalak eta estuak, leunak eta aldapatsuak, eta ikuspegi zabalak. Saldropoko hezegunearen ondoan dagoen aparkalekutik abiatuta, mendi-gaina Atxuriko pasabidearen bitartez harrapatuko dugu, eta mendi-gaineko lapiazean zehar zeharkaldi bat egin ondoren Arraldeko tontorrera iritsiko gara, beste bide batetatik jaitsita ibilaldi zirkularrari amaiera emanez.
SALDROPO (620 m.)
Aparkalekutik hego-mendebalderantz doan bidea hartuko dugu. Bide honek hego-hego-ekialde norabidea hartzen du berehala, eta laster bitan banatzen da. Guk bide nagusitik jarraitu behar dugu, eskuinetik alegia, GR-12 ibilbidearen marka zuri-gorriak jarraituz. Atxuriko atakara arte GR-12aren bide beretik joango garenez, honen markek bide zuzena aurkitzen lagunduko digute. “Atxuri” jartzen duen seinale bat ere badago bidegurutzean (2008ko ekaina). Bi bideen artean karobi baten hondakinak daude.
Erreka bat zubitxo baten bitartez gaindituko dugu. Aurrerago, zuzen jarraitzen duen bide nagusia utzi eta ezkerrerantz irteten den beste bat hartu behar dugu. Hurrengo bidegurutzean ere ezkerreko bidezidorretik joko dugu. GRaren markak, eta zenbait lekutan harri-pilak lagungarri izango ditugu.
Atxuriko pasabidera iritsi arte zeharkatuko ditugun inguru hauetan pinu eta izei landaketak dira nagusi. Izeiz estalitako lepo batetatik pasatu ondoren aldapa gogortu egingo zaigu. Bidezidorra estua da tarte batzutan, baina oso nabarmena, eta ez dugu bide zuzenetik goazen zalantzarik izango.
ATXURIKO PASABIDEA (45')
Haitzen barrenera iristen garenean, naturako bitxikeria bat aurkituko dugu, Atxuriko pasabidea. Haitzen babesean, 100 metro luze den aterpea, bideak alderik alde zeharkatzen duena. Pasabidetik irtenda, haitzetan gora egingo dugu, Atxuriko ataka harrapatzeko.
ATXURIKO ATAKA (916 m.; 50')
Atxuri eta Arimegorta artean hego-ekialde – ipar-mendebalde norabidea duen mendi-gainaren erdi parean gaude, hego-mendebaldera lapiaz malda leuna, ipar-ekialdera malkartsua eta aldapatsua, Saldropotik igotzean ikusi dugun bezala. Gorbeia eta Aldaminen ikuspegi ederraz goza dezakegu toki honetatik.
Ezkerrerantz joko dugu, hego-ekialderantz alegia, mendi-gainaren ertza jarraituz, eta minutu gutxitan Atxuriko tontorrera iritsiko gara.
ATXURI (941 m.; 55')
Mendi-gainetik aurrera egingo dugu, zenbait gorabehera txikirekin, antzematea zaila den bidezidorrari jarraituz, lapiazean zehar. Pagadiak estalitako tarte labur batzuk igaroko ditugun arren, eremu irekiak dira nagusi.
ARRALDE (945 m.; 1h30')
Mendi-gaina Arralde izeneko tontorrean bukatzen da, gain osoko punturik garaiena ere badena, eta ibilbide honen helburu nagusia.
Tontor honek eskaintzen dizkigun bista zabalez gozatu ondoren, Saldropora jaistea baino ez zaigu faltako ibilaldiari bukaera emateko. Iparralderantz begiratzen badugu, Arralde Bestelarra izeneko muino batengandik bereizten duen lepo bat ikusiko dugu. Bertara jaitsi behar dugu. Horretarako, aurrena tontorrak ipar-ekialdera erakusten dituen malkarrak jaistea lortu behar dugu. Erpin geodesikotik ertza jarraituz Atxuri alderantz joaten bagara, laster topatuko dugu jaisteko bidea. Kontu pixka batekin jaitsi beharko dugu, zertxobait aereoa baita, baina ez du gainontzean inolako zailtasunik.
Haitzen tartea gainditu ondoren, larre aldapatsuan behera jaitsiko gara, bide garbirik gabe, leporaino. Behin lepora iritsita, ezkerrerantz, ipar-mendebalderantz jaisten den bide zabala hartuko dugu, galbiderik gabe Saldropora eramango gaituena. Goranzko bidearekin karobiaren ondoko bidegurutzean elkartuko gara.
SALDROPO (620 m.; 2h10')
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig