Mapako edukiak aukeratu
Edukia erantsi
Zer erantsi nahi duzu?
Klikatu orain maparen gainean, kokapena adierazteko. Mapan klikatutakoan beste leiho batean zabalduko da sarrera berria osatzeko orria.
Near targets
Belagua inguruan ibili izan den mendizalearentzat oso ezaguna da Lakhura mendia. Hain zuzen, hango aterbearen gain gainean dago. Baina baita ere esan beharra da, alde horretatik egin daitekeen igoerak ez duela erakartzen gehiegi. Aterbean geundenean, beste plan interesgarriagorik ez zegoenean, zerbait egin behar eta, Lakhurara igotzen ginen.
Baina Santa Grazitik (Zuberoa) egin daitekeen igoerak, ez du zer ikusirik lehen esandakoarekin. Oso txango ederra da. Ingurua zoragarria eta eskatzen duen esfortzua ere ez da txantxetakoa.
Santa Grazi herrira iritsi eta eliza aurretik doan errepidetxoa jarraituko dugu beherantz, eta 150 m. egin ostean, eskuinetara doana hartuko. Kilometro pasatxo eginda, Ehujarre arroilaren hasieran gaude. (600 m). 50 metro lehenago, dozena erdi bat auto aparkatzeko lekua dago.
Arroilaren barnean gorantz, zuhaitz artean doan bide zidorra hartuko dugu, eta orain uraren alde batetik eta gero bestetik, zailtasunik gabe jarraitu ahal izango dugu. Laster ura desagertu egingo da. Ordu betera, arroila bi besotan banatzen den ingurura iritsiko gara. Bi besoen erdian, 300 metroko garaierako harkaitz murrua dagoelarik. Bideak ezkerreko besotik jarraitzen du. Gorago, zuhaitzak bukatuko dira eta berriro ere ur erreka ikusiko dugu. Honela jarraituz, Erraitzeko larreetara iritsiko gara. (1.400 m. 2 ordu).
Hego-ekialdera Erraitzeko lepoa dugu eta Hego-mendebaldera Lakhura tontorra. Aukera bat izan daiteke Erraitzeko lepora joan eta handik tontorrera, gailurra jarraituz. Baina gure aukera, zuzenagoa da. Hego-mendebaldera, Erraitzeko eta Erusoko larreak banatzen dituen bizkarraren gaina hartu eta norabide bera jarraituz, tontorretik hurbil, bere ezkerretara, Erraitzeko lepotik datorren gailurrarekin egiten duten sokora (1.700 m). Tontorra gain gainean dugu, ia 200 m. gorago. Soko honetatik norabide bera jarraituz, malda gogorreko belarretatik gora ia 100 metro eta Erraitzeko lepotik datorren gailurra, tontorrarekin elkartzen den puntura aterako gara (1.800 m.). Oraindik ipar aldera beste ehun metro igo beharrak ditugu tontorrera iristeko. (Kontuz, ez nahasi ekialdera hurbil ikusten den tontorrarekin ez baita nagusia) (1.877 m, 3:30 ordu).
Jaitsiera, Erusoko larreetatik nahi dugu egin. Horretarako, ipar aldera luzatzen den gailurra jarraituko dugu, oin-arrastoak jarraituz. Baina 100 bat metro jaitsi ondoren, arrastoek ipar-mendebaldeko norabidea hartzen dute eta 150 m. beherago dagoen belardi lauean bukatuko dugu. Ipar-ekialderantz 300/400 m. maldarik gabe eta Ihizkundizeko lepoan gaude (1.619 m).
Ia 200 m. beherago, ipar-ekialdera ikusten ditugun Erusoko larreetara jaitsiko gara. Txabolen aztarnen ondotik igaro ondoren, erreka amildegira jauzika jaisten hasten den lekuan, ezker aldetik, mendiaren kontran, bide zidorra aurkituko dugu. Bide zidor hau, ia maldarik gabekoa, arroilaren gainetik doa eta zenbait puntutan belarrak ia guztiz estali egiten du, baina jarraitzeko arazorik ez dago. Aurrera iparralderantz jarraituz (eta ikuskizunarekin gozatuz) 45 bat minutu, Ganagerreko bizkarrera iritsiko gara eta goitik datorren bide zidorrarekin elkartuko (1.240 m.). Orain ipar-ekialderanzko norabidearekin 100 m. jaitsiko da amildegira hurbilduz, baina berriro ipar alderantz basoan sartuko da. Aurrera jarraitu ahala, bidea pista bihurtuko da eta halaxe, 750 metroko garaieran, kamiora aterako da Urrutia auzoan.
Kamiora irten ondoren, eskuinetara 100 bat metrora dagoen etxeraino joango gara eta bere ezkerretik hasten den bide zabal bat hartuko dugu. Etxea atzetik inguratu ondoren, 3/4 minutuan belardi batean sartuko gara. Belardiaren beste aldean beste etxe bat dago. Baina gu belardiaren beheko aldera joango gara eta han pista bat hasten dela ikusiko dugu. Pista jarraituz 2/3 minutu, berriro beste zelai zabal batzuetara. Ipar aldera begiratuz, zelaiaren ertzean ataka txiki bat aurkituko dugu. Atakaren beste aldean bide polit bat hasten da zuhaitz artean eta 3/4 minutuan, kamiora aterako gara, arroilaren sarrera ondoan. Autoa 50 metrora dugu zai. (3 ordu tontorretik).
Eranskina | Tamaina |
---|---|
lakhura.trk | 626.85 KB |
lakhura.gpx | 495.87 KB |
Jaitsieran, goiko kamiora, Urrutia izeneko auzoko etxeetara, iritsi nintzenean, zenbait buelta eman behar izan nuen bide egokiak aurkitzeko. Horien GPSko aztarnak deuseztatu egin ditut.
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig