Altsasutik Gasteizera goazelarik, errepidetik, Egino herriaren parean, eskuineko mendiaren beheko partean, leze itzel baten ahoa ikusiko dugu. Bada hortik hasiko da ibilaldi hau. Beratara hurbiltzeko, N1 errepidea utziko dugu eta Egino herrira hartu eta hemendik Ilarduia herritxora jarraitu, baina bertara iritsi baino 300 m. lehenago, eskuinetara pista bat ikusiko dugu, Lezera joateko bidea dela jartzen duen karteltxo batekin. Kilometro eskas eginda, aparkatzeko lekura iritsiko gara (590 m).
Lezetik datorren erreka eskuinean dugularik, mendiaren azpira hurbilduko gara eta mendian gora (burdinazko kable bat lagun) doan bidea ikusiko dugu. Inor ez dadila izutu, bideak ez du inolako arazorik eta berehalaxe mendiko bide arrunta bihurtzen da.
Karteltxo batek, Olano tontorrera, ordu bete pasatxon egiten dela dio eta denbora horretan iritsiko gara (1082 m). Tontorretik, bere kokapenari esker, bai alde batera nahiz bestera, sekulako paisaia izango dugu.
Hurrengo igoko dugun tontorra, 1,5 km. ipar-eki aldera dagoen eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa elkartzen dituen Illarragorri (Arbarrain bezala ere ezaguna) dugu (1117 m). Bertaratzeko, aurrean ditugun larreak zeharkatu eta gero pista batetik, ordu erdirik ere ez da behar. Baina tontorrean antena handi bat dauka eta pinudiz inguratua dago.
Tontor honetan, marra zuri gorriak aurkituko ditugu eta beraiek jarraituz, ipar-mendebalderanzko bizkarretik jaisten hasiko gara, ordu laurden beranduago pista batera ateratzeko. Marrak jarraituz, hogei bat minutu pistatik egingo dugu (eskuinetara bi pista utzita); gero beste hamar bat bizkar belartsu batetik eta Umandia tontorraren azpira iristen garelarik, berriro pista hartu, Atabarrate lepoaren ingururaino (50/55 minutu Illarragorritik). Puntu honetan (pagadi eder bat), marra zuri gorriek pista utzi eta ezkerretara jo behar dugula adieraziko digute. Bidea, ipar mendebalderako noranzkoan, ez doa leporaino, Allaitz tontorrera baizik (1240 m.) Ordu eta erdi Illarragorritik.
Ondoren igo nahi dugun tontorra eta eguneko helmuga nagusia, Aratz da. Horretarako ipar mendebalderanzko norabidea jarraituz, hamar minutuan, ehun metro beherago dagoen Allarte izeneko mendi lepoan gaude. Marra zuri gorriak, lepoaren beste aldeko harritzatik gora doaz, baina guk tontorrera aurretik, Azkosaroitik nahi dugu igaro eta horregatik, lepotik gora ezkerretara, mendebalderantz, ikusten dugun bide arrastoa jarraitu dugu, zuzenean hara eramango gaituelakoan, baina hamar bat minutu ondoren, konturatuko gara arrasto hori bukatu egiten dela, beraz ipar aldera zuzen igoko gara eta berriro ere marra zuri gorriekin bat eginda, bidea iparralderantz jarraituko, Aratzarte lepora (1267 m) iristeko.
Zuzenean tontorrera igo nahi duenak, nahikoa du ipar aldera malda handiko harritzatik gora egitea (“cairn” handi bat dago adierazle), baina guk marra zuri gorriak jarraituz, ipar-mendebalderantz doan bidetik joango gara. Hogei bat minutu ibilita, Azkosaroi izeneko larre ederretan gaude. Bordaren aurretik, ipar-eki alderantz pagadian zehar, bidexka bat hasten da. Konturatzen bagara, pago batzuetan seinaleak ikusiko ditugu eta halaxe, ordu laurdenean bizkarraren gaina hartuko dugu, San Adriandik datorren bidearekin bat eginez. Tontorra, hego-ekialdera dugu eta bertara igotzeko, joan daiteke bizkarraren gaina jarraituz edo ezkerretara dauden larreetatik eta azkeneko maldak igotzeko, eskuinetara jota (35 minutu Azkosaroitik). Inguruaren edertasunari buruz aipatu beharrik ere ez dago.
Itzultzeko, hego aldera dagoen Aratzarte lepora zuzen jaitsiko gara eta marra zuri gorriak jarraituz, Allarte lepora gero. Hemen, marrak utzi eta eskuinetara, Araia aldera jaisten den pista hartuko dugu. Minutu gutxira ezkerretara hurbil dagoen borda batera doan pista ikusiko dugu, baino jaramonik egin gabe, aurrera jarraituko dugu eta hogei bat minutuan (Allartetik), pista bitan banatzen den puntura iritsiko gara. Ezkerrekoa hartu eta hasieran pixka bat gorantz, orokorrean hego-ekialderanzko norabidea jarraituko du Umandia tontorra ezkerretara dugula.
Allartetik 50 bat minutura, Umandia eta Albeiz tontorren artean dagoen belardira (Apota) iristean, pistak bi aukera emango dizkigu: ezkerretara bihurgune handi bat eginez edo eskuinekoa hego-ekialderantz jarraitu. Bigarren hau hautatuko dugu eta hamar bat minutu lokatz askoko pinudi batetik jarraituta, berriro ere belardi zabaletara irtengo gara. Ezkerretara, Lezeko sarreraren sakana dugu. Eskuinetara, erreka tarte bat hasten da. Erreka tarte honetara jaitsi, eta erreka eskuinean dugula, hasieran biderik gabe, baina pixkanaka pixkanaka, bide bat nabaritzen hasten da eta aurrera jarraitu ahala (hego alderantz), bidea gero eta garbiagoa da. Behera iristean, bideak hego-ekialderantz jotzen du harizti batetik eta erreka tartetik hasi garenetik 40 bat minutura, ibilaldi hau hasi dugun lekura iritsiko gara, gaurkoa bukatuz.
Eranskina | Tamaina |
---|---|
mapa.JPG | 328.67 KB |
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig