Skip to main content

Aralarren bihotzean ibilbidea

Jose·k

2008/02/11 - 20:44

Abiapuntua
Guadaetxea
Zailtasuna
Zailtasun gutxikoa
Igoera metatua
600 m
Eskema
Guardaetxea - Pagomari - Errenaga - Intzako Dorrea - Unaga - Beloki - Albi - Guardaetxea
Luzera
16.00 km
Iraupena
4 ordu
Lurraldea

Intzako Dorrera igotzeko abiapuntu egokia da Guardaetxea. Pagomari eta Errenagatik igarota Intzako Dorreko azken maldei hegoaldetik ekitea izango da ziurrenez tontor honetara iristeko aukerarik errazena. Itzulera Unagako larreetatik eginez gero itzuli eder bat osatuko dugu, eta Beloki muinoaren gaina zapaltzeko aukera eskainiko digu.

GUARDAETXEA (1035 m.)

Guardaetxearen inguruko aparkalekutik abiatuko gara, langa gaindituta, mendebalderantz doan bidetik. Bide zabala da, tarte honetan ia aldaparik ez duena, eta arazo gabe iritsiko gara Pagomari izenaz ezagutzen den parajera, Eulatz mendiaren mendebaldean. Duela urte batzuk kotxez etor zitekeen honaino.

PAGOMARI (1161 m.; 33')

Dakargun bidetik aurrera jarraituko dugu, aldapatxo bat gaindituz, eta laster aurkituko dugun bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu. Zertxobait aurrerago, bidearen eskuinean, harrizko hesiz inguratutako leize-zulo baten ahoa ikusiko dugu, Igaratza I.

Basotik irtengo gara. Tarte honetan bideak eskuinerantz egiten du iparralde norabidea hartuz. Aldatxo bat igota Errenaga muinoaren gainaldea harrapatuko dugu.

ERRENAGA (1288 m.; 1h5')

Ezkerrean, muino honen mendebaldeko magalean Errenagako aterpeak daude. Eskuinaldean Unagako larre zabalak hedatzen dira, mi mendikateren artean. Hegoaldetik Desaomendi, Txameni eta Belokik ezartzen dute Unagako larre gurien muga, eta iparraldetik Intzako Dorrea eta Mailoetako beste zenbait tontorrek. Ipar-mendebaldean Pardarri ikus dezakegu.

Errenagatik ipar-ekialderantz jaitsiko gara, Unaga eta Igaratza arteko pasabidea den Trikuarri lepoaren bila (1247 m.). Lepoan izen bereko trikuharri bat dago.

Iparralderantz doan bidezidor batetatik joko dugu, marka gorriak jarraituz, aldapan gora, eta zailtasun gabe Intzako Dorrearen tontorrera iritsiko gara.

INTZAKO DORREA (1431 m.; 1h45')

Urrunetik ikusten den oinarri zilindriko zabaleko eta erdi apurtutako erpin geodesiko batek apaintzen du Intzako Dorreko tontorra. Ikuspegia ederra da benetan, noranahi begiratuta ere, mendikateko gailurrik garaienetik espero zitekeen bezala.

Hego-ekialderantz jaisten hasiko gara, orain ere marka gorriak jarraituz. Tarte honetan aukera ezberdinak ditugu, marka gorriz zein harri-pilez adierazitako bidezidor bat baino gehiago, oso nabarmena bat bere ere ez den arren. Edozein modutan, hego-ekialde norabidearekin Unagako larreetara jaitsi behar dugu.

Unagako zelaigune zabaletan zehar ekialderantz joko dugu, Beloki muino borobilaren bila.

BELOKI (1271 m.; 2h40')

Belokiko tontorra zapaldu ondoren mendebalderantz itzuliko gara, eta Txameni eta Beloki banatzen dituen Urdangoene lepotik (1195 m.) hegoalderantz jaitsiko gara, haitzarte estu batetan isten den bailaratxo batetan zehar. Haitzartea pasatuta Bustintzaren txabola aurkituko dugu. Inguru honetan errekastoa desagertu egiten da. Bideak ezkerrerantz egiten du, hego-ekialde norabidea hartuz. Laster beste haitzarte txiki bat zeharkatuko dugu. Zertxobait ezkerretara egiten du bideak hego norabidearekin jaisten jarraitzeko. Aurrera goazen heinean bidea gero eta zabalagoa da. Bidetik gertu zenbait txabola ikusiko ditugu.

ALBI (986 m.; 3h45')

Bide honetatik Albira iritsiko gara, eta errepidearekin egingo dugu topo. Errepidean gora Guardaetxera iritsiko gara minutu gutxitan, ibilaldiari bukaera emanez.

GUARDAETXEA (1035 m.; 3h55')

Bidean ikusi beharrekoak

Komentariorik ez..

Waypoints

/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig

Waypoint berria erantsi

Argazki berria erantsi