Izpegiko mendateko aparkalekutik abiatuko gara. Haren amaieran zenbait arrasto abiatzen da mendi aldera. Goraka abiatzen direnak baztertu eta behera eginez hasten den bidezidor nabarmen bat aukeratuko dugu: Bankarako bidea dela adierazten du letrero batek hasieran, eta marra zuriberdez markatuta dago. Bideak ez du beherago jotzen, Olateko ekialdeko markarrak zeharkatzen ditu zeharka-zeharka, pagadian barrena, aldapa handirik bilatu gabe. Oso bide atsegina da. Bi kilometro inguruan luzatu ondoren Nekaitzeko lepora igo eta Auzaren aurrean utziko gaitu, mendiaren ikuspegi ikusgarriena erakutsiz.
Aurreko larre eremua zeharkatu behar dugu. Errazu aldera jaisten hasiz gero, ardientzat egindako itxitura bat eta borda zahar baten aldamenetik pasata bide nabarmen bat topatuko dugu. Hari jarraituz helduko gara Xorilepo lepora. Han, pista zabal baten bihurgunera heltzean, bertatik pagadiaren itzalean gora abiatzen den arrasto nabarmenari ekin behar diogu, aldapa gogor bati aurre eginez.
Arrigorriko haitz muturrera jotzen du bideak, alanbre hesi baten aldamenetik tarte luze batean, pagoen zain eta haitzen artetik beste batzutan, Arrigorriko haitza eta Auzako tontorra lotzen dituen lepora heldu arte.
Zuzenean igo gaitezke tontorrera handik, baina aldapa xamurtu eta ikuspegia hobetze aldera, komeni da lepoaren beste aldetik abiatzen den zehar-bidea bilatu eta HEko ertzera jotzea, handik tontorrerako azken txanpari ekiteko. Batetik nahiz bestetik, laster izango gara tontorrean.
Itzuleran, nahi izanez gero, Olatera igo zaitezkete, igoeran zeharka inguratu dugun mendira. Bada arrastoa Nekaitzeko lepotik gora.
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig