Ibilaldi zirkular honek, Altzotik abiatuta Otsabio eta Laparmendik osatzen duten mendikate txikiaren hego-mendebaldeko magaleko basoa zeharkatzen du gora-behera gutxirekin, ondoren mendi-bizkarrera igo eta gandorretik itzultzeko, aipatutako tontorretatik igarota. Gandorretik ibiltzea nahiko deserosoa da zati askotan, haitz biziz osatuta dagoelako, eta luze egiten da, baina oso polita da.
ALTZO MUINO (217 m.)
Altzo Muinoko elizatik abiatuko gara (217 m.), eta hegoalderantz doan errepide batetik joko dugu. Zenbait baserritara igotzeko errepidea da. Altzoko herri-kaskoaren irteeran topatuko lehenengo baserriak, Aizpe Haundi eta Aizpetxiki. Eta metro gutxitara iturri bat bidearen ezkerraldean.
PR-Gi 113 (Altzomendi) eta GR 21 (Xabier - Loiola) ibilbideen markak aurkituko ditugu, gure ibilbidearen lehenengo zatiak aipatutako biekin bat egiten baitu.
Zertxobait aurrerago bidegurutze batetara iritsiko gara, eta ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Bihurgune batzuen ondoren tarte zuzen bat izango dugu. Ezker-eskuin irteten diren bi bideri jaramonik egin gabe Goikoetxea baserriaren aurrealdetik igaroko gara.
Baserri honen parean bideak ezkerrerantz egiten du, eta Otsabio eta Laparmendik osatzen duten mendikate txikia eta Legasako errekak osatzen duen bailararen ikuspegiaz gozatu ahal izango dugu. Arterrekako harrobia ere ikusten da. Jarraituko dugun ibilbide osoa ikusten da puntu honetatik. Erabat basoz estalita dagoen Otsabio eta Laparmendiren magala zeharkatuko dugu, harrobiaren gainaldetik, eta justu harrobiaren gainean ikusten dugun (berez atzerago dago) soilgunearen ondotik mendi-bizkarrera igoko gara, gandorra jarraituz Laparmenditik igaro eta Otsabioko tontorreraino iristeko. Otsabio mendikate txiki honen ezkerraldeko ertza da, eta bere tontorretik zuzenean jaitsiko gara gauden toki honetaraino.
Aurrera jarraituko dugu, eta laster Aldaio baserriaren azpialdetik igaroko gara. Eskuinerantz irteten den bideari jaramonik egin gabe, aldapa lasaiarekin igotzen jarraituko dugu. Otsabio aurrez aurre dugu berriz ere. Zertxobait aurrerago lepo batetara jaitsiko gara. Gas-hodiaren instalazio bat dago.
Laster bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerrekoak zuzenean Otsabiora eramango gintuzke. Itzuleran hortik etorriko gara. Baina orain eskuineko bidetik joko dugu. Azkarateko bidea du izena, eta gora-behera gutxirekin Otsabio eta Laparmendiren hego-mendebaldeko magala zeharkatzen du Zarate lepotik igaro eta Azkaratera iristeko. Nolanahi ere guk ez dugu Azkarateraino jarraituko.
ARTERREKAKO HARROBIA (40’)
Tarte batez basotik ibili ondoren, ikusmira zabalxeagoa eskaintzen digun ingurune batetara iritsiko gara, eta Arterrekako harrobia aurkituko dugu bidearen eskuinaldean. Izugarrizko horzkada eman dio mendiari. Bidezidorra jarraituz, harrobiaren gainaldetik igaroko gara.
Zertxobait aurrerago, bidegurutze batetara iritsiko gara. Hemen PR-Gi 113 ibilbidea bitan banatzen da. Kartel batek bi aukerak adierazten ditu. Guk ezkerrekoa hartuko dugu.
Bide honek Arteota izeneko inguru batetara eramango gaitu. Lepo bat gainditu eta aldapan behera egiten du bideak tarte batez. Lehen bidezidorra zena nahiko bide zabala bihurtu da.
Laster beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Oraingoan hiru aukera ditugu. PR bideak eskuinekoa jarraitzen du, iturri batetara jaisteko. GR bidea erdikotik doa, lau xamar. Guk ezkerrekotik joko dugu, gorantz.
Ezkerrerantz bihurgune estu bat hartuko dugu eta aurrerago beste bat eskuinerantz. Txondor-plaza batetara iristean bide hau utzi eta ezkerrerantz egingo dugu, zuzen gorantz igotzen jarraitzeko. Tarte honetan bidea ez da batera nabarmena. Beste bi txondor-plazatatik igaroko gara, eta gorantz jarraituko dugu. Mendebalderantz jaisten den hegi batetan gora goazela ohartuko gara. Gure ezkerraldean garo-sail luzexka bat dago. Ibilaldiaren hasieratik ikusten genuen soilgunea da. Eta horrela mendi-bizkarrera iritsiko gara (775 m.; 1h25’).
Pagoz estalitako gandor luzea ipar-mendebalderantz jarraituko dugu, bide nabarmenetik. Laster Pagoaundiko tumuluaren aldamenetik igaroko gara. Eta zertxobait aurrerago haitzezko tontor txiki batetara iritsiko gara. Leizetxikikogañe du izena (798 m.).
Hemendik aurrera gandorra haitzezkoa da tarte gehienetan, eta ondorioz gure ibilia zertxobait geldotu egingo da. Nolanahi ere, ez dugu arazorik izango bide zuzenari jarraitzeko, beti gandorretik.
LAPARMENDI (812 m.; 1h50’)
Horrela, gurutze bat duen beste tontor batetara iritsiko gara, Laparmendi, mendikateko punturik garaiena.
Otsabiora iristeko gandorreko tarte luzea falta zaigu oraindik ere. Ehiza-postu ugari dago zati honetan. Lurrazalean zuhaitzak txikiak diren lekuetan; aldamio altuen gainean pago handiak dauden tokietan.
OTSABIO (801 m.; 2h20’)
Gandorra jarraituz Otsabiora iritsiko gara. Erpin geodesikoa, buzoia eta zenbait gurutze. Inguruko zuhaitzek batere ikuspegi gabe utzi dute tontorra.
Marka gorriak jarraituz ipar-mendebalderantz jaisten hasiko gara, nahiko zapalduta dagoen bidezidor batetatik. Itxidura baten aurrera iristean ezkerrera egingo dugu, bide batetatik jaisten jarraitzeko. Bide hau jarraituz eta bidegurutzeetan beti biderik nabarmenenak hartuz, ibilaldiaren hasieran pasatu dugun bidegurutze batetara irtengo gara, gas-hodiaren instalazioa duen lepotik gertu. Ezaguna dugun bidetik minutu gutxitan Altzo Muinora itzuliko gara ibilaldiari amaiera emanez (3h5’).
Komentariorik ez..
Waypoints
/var/www/html/d9.luberri/web/themes/custom/uiluberri/templates/osagai/wp-erantsi-modal.html.twig